Itziar Elizondo Iriarte
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Izoztuak

Gure garai bateko bizitza nonbait gelditu da izoztua edo. Askotariko bizitzak daude, eta jakina, zentzu gutxi dauka «bizitza» singularrean aipatzeak. Baina akaso badugu orain gizakiok amankomunean pandemiak areagotu duen zerbait. Batetik, halako galera moduko bat. Bestetik, behinola “etorkizun” hitzaren kontzeptupean sartzen genuen guztiak eragiten duen irrealtasun sentsazioa.

Galeretan, errealitatearekiko lotura fisikoa: murriztu ditugu besarkadak, musuak, lagunarteko elkartzeak. Baita gurean, beste Europako herrialdetan gertatu ohi ez den bezala, bat-batekotasunari ematen dizkiogun aukerak. Gure herri zein hirietan kalez kale ibiltzea, poteoa eta, betidanik izan baitira ustekabeko topaketetara gonbidatzen gaituzten usadioak. Orain dena akaso gehiago neurtzen/planifikatzen dugu, nora eta norekin joan, ez bakarrik mendira edo asteburuko bidaiatxoetan. Egunerokoan ere gauzak aldatu dira. Izoztu dugu agenda, ez baitiogu tarte handirik ematen aurreikusita ez dagoenari. Labur esanda, pandemiarekin ohiko bizitza estutu zaigu, denbora aurrera doa egun perimetralen baitan.

Eta etorriko denari dagokionez, zertarako horretan pentsatu hain iltzatuta dugunean oraintxe bertan oraina gorputzean (antigeno-negatibo-positibo-PCR-konfinatuta… segidari lotuak). Oraina erraldoi bihurtu da, berebizikoa, eta kasik proiektatzeari utzi diogu. Aste batetik bestera antolatzen dugu, egin behar dugunaren espektatibak gutxituz, badaezpada. Zenbatetan utzi behar izan ditugu bertan behera genituen planak, lanean zein aisialdian. Etorkizuna gero eta urrunago dago eta, gutxi-asko beti proiekzio bat izan den arren, bazuen zerbait erreala izango zelako zantzua. Hori guztia lausotu egin zaigu, nerabe, gazte, edo heldua izan.

Arestian idatzitakoa pentsatu dut albiste izugarri bat irakurri ondoren. Gizon bat Parisen izoztuta hil da kalean, erori eta hamar orduz laguntzarik gabe etzanda egon ostean. Hilotza ez zegoen aldendutako bazter batean, Pariseko erdialdean bertan baizik. Eta horren berri izan dugu ziur asko gizonak adiskide zuelako Michel Mompontet kazetaria. Berak zabaldu du albistea Frantziako hedabideetan.

Gizonaren agoniaren albotik igaro ziren oinezko izoztuak ez ziren gai izan larrialdietara deitzeko ere. Akronimoez beteriko mintzaira kamuflatu eta izoztuan frantsesez SDF (sans domicile fixe) esaten zaion taldeko norbaitek goizeko 6.30ean abisua eman zuen.

Etxegabe harengandik jaso zuen berotasun goxo bakarra Rene Robert izeneko gizonak ospitalean hil baino lehen. •