Saioa Aginako
Psikoterapeuta

«Stand by»

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) honela definitzen du osasuna: ongizate psikologiko, fisiko eta soziala. Definizio horrek, bertan agertzen diren sakoneko terminoengatik, kontzeptuaren garrantziaren berri ematen du.

Beraz, zertan datza gizartearen osasuna? Osasun soziala bermatzeko zenbait alderdi erabakigarriak dira eta hauek erraztu behar dira. Alderdi horiek zerikusia dute gizarte posizio eta kohesioarekin, faktore biologikoekin, portaerazkoekin eta psikosozialekin, osasunaren eta ongizatearen banaketarekin eta hezkuntzarekin, diru sarrerekin, sexu, genero eta arrazarekin. Beraz, gizarte ongizate eta osasuna bultzatzeko zereginetako bat sektore anitzeko ekintza bat da. Bestalde, osasun soziala besteekin dugun harremanarekin lotuta dago. Hala, gizarte harreman egokiak ezartzeko gaitasunarekin ez ezik, ingurunearen erronketara egokitzeko gaitasunarekin ere badu zerikusia.

Badirudi horiek guztiak atzeratzen ari garela, bizitzara itzultzen noiz utziko diguten zain gaude. Bizitza erdigunean noiz jarriko ote duten zain.

Bitartean, pertsona askoren ogibideak hondatzen ari dira, bizitza alde batean utzi dugulako. Emaitza ohikoenetako bat laneko segurtasunik eza da. Egoera horrek ezegonkortasuna eragin du pertsona askoren bizitzetan. Kasu gehienetan, laneko segurtasunik ezak sortzen duen frustrazioak osasunari eragiten dio, fisikoari zein psikologikoari.

Pertsona asko bakardadean hiltzen ari dira, senideei bisitak ukatzen zaizkielako, eta hori babes eta osasunaren izenean egiten da. Gizarte bezala onartzen ari gara. Haur eta nerabeak xantaia emozionala erabilita manipulatzen saiatzen diren iragarkiak zabaltzen dira, adinekoen kutsatze eta heriotzen errudunak izan daitezkeela adieraziz. Munduko haur asko eskola gabe geratu dira eta ez dira bueltatu, horrek gizarte batentzat dakartzan ondorioekin. Orain dela astebete arte, mugimendu askearen murrizketak mantentzen ziren, aire librean egotea zenbait ordu tartetan debekua izanda. Osasunerako ezinbestekoa den arnasketa ere musukoen barruan egitera behartu digute eta normalizatzera heldu gara. Naturaz ahaztu gara eta aisia eta kultura prostituitu dira. Bizitzak susmopean jarri dira. Sozializazio esparruak ez dira bermatzen, ezta zaintzen ere. Eskubideak ukatu eta pertsonon gaineko kontrola handitzen duten ziurtagiriak asmatu dira, gizartea zatituz. Beldurrarekin gu isolatzea lortu da.

Biziraupen edo «stand by» egoera honetan, etengabeko murrizketa arauak eta debekuak direla-eta, gizartean sortutako estresak organismoan eragiten du maila fisiologikoan, baina baita gure pentsamenduetan eta gure emozioetan ere. Horregatik, estresa pairatzeak, neke emozionala nahiz fisikoa, tentsioa eta hiperaktibazioa ez ezik, antsietatea eta ondoeza ere badakartza, adibidez.

Betetzen ari garen biziraute plangintza honetan guztian, gizarte osasuntsua izateko tresnak eskuratzen ari gara? Harremanak, lasaitasuna eta erabakitzeko eskubidea bizirautearen mesedetan atzeratzen ari gara? Zentzurik al dauka “bizirauteko” bizitza osasuntsu bat alde batera uzteak? •

saioaaginako@gmail.com