Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Pompidou, Walden, Atotxa

Richard Rogers arkitektoa 88 urterekin hil zen Londresen pasa den abenduan. Bere belaunaldiko arkitekto ezagunetarikoa zen ziurrenik, Ingalaterrako high-tech estiloaren bultzatzaileetako bat, bidelagun izan zituen Norman Foster eta Renzo Piano-rekin batera. Azken hamarkadetan denok ezagutzen ditugun eta nahikoa mainstream diren eraikinak diseinatu ditu mundu osoan, Barajaseko aireportuaren T4 adibidez, baina 60 eta 70eko hamarkadetako arkitekturaren eraikin ezinbestekoen egilea da: Londreseko Lloyds eraikina, asko maite dudan Creek Vean etxea eta bereziki Pariseko Pompidou zentroa. Azken hau, 38 urterekin diseinatutakoa, Pariseko ikur bihurtu da, bere igogailu, hodi eta egitura nabarmenduekin.

Urtarrilaren 18an hil zen Ricardo Bofill arkitekto katalana ere. Bere gazte urteetako obra hauen artean kokatzen dira Calpe-ko Xanadu eta La Muralla Roja, El Castell de Kafka, Barri Gaudi eta ziurrenik bere karrerako eraikinik nabarmenena, Walden 7. Sant Just Desverneko eraikina frankismo bukaerako utopismo soziala eta Kataluniako arkitektura tradizionala uztartzen dituen proiektu esperimentala da eta Kataluniako arkitekturaren lan ezinbesteetako bat.

Urtarrilaren 7an hil zen Juan Cruz Saralegui Diez, 79 urte zituela. Juan Cruz Saraleguiz ez dakigu asko, soilik Donostiako Atotxako dorrearen arkitektoa zela, Mariano Oteizarekin batera, eta proiektua sinatu zuela 28 urte zituela, ikaragarri ezaguna zen Felix Llanosi proiektua “lapurtu” ostean. Ez dago ezer eraikin honetaz idatzia, ez du inork korronte arkitektoniko batean kokatu, ez dago inon publikatua.

Orain dela hamar urte, nire karrera amaierako hastapenean, Atotxa ingurukoak moldatzeko intentzioarekin nenbilenean bilera bat eskatu nion Juan Cruzi. Atotxako dorrearen azpian dauden bi blokeen beheko pisuan dagoen lokal apal batean bildu ginen, trenbidera ematen duen bere estudioan. Bertan, mesfidati erakutsi zizkidan dorrearen marrazki originalak, memoriak, bertsio zaharrak, aurrekontuak, dokumentuak, nik inon topatu ez nituen erantzunak bilatzen nenbilen bitartean. Planoak lortzeko bizilagunei baimena eskatzeko esan eta nahiz eta berriro biltzeko aitzakia baten bila egon naizen azkeneko urteetan, ez dut lortu.

Pompidou, Walden 7 eta Atotxa, 70eko hamarkada hasierako hirietan gertatzen hasi zen aldaketaren ikur dira. Denak izan dira gogor kritikatuak, denak arkitekto gazteek egindakoak, denak formalki ausartak. Konparaketa baliteke ez izatea guztiz zilegizkoa, forzatu samarra agian, baina ia sinesgaitza dirudi ondareaz hainbeste hitz egiten den hiri honetan nola ez den honen inguruan ikertu 50 urteotan.

Atotxako dorrea 30 urte baino gutxiagoko bi gaztek marraztu eta eraiki zuten, garaiko Gipuzkoako arkitekto ezagunenari proiektua kenduz, hura moldatuz eta bidean Donostiako skyline-aren dogma hautsiz.

Tamalez, bertan itsuskeria bakarrik ikusteko gai gara. •