Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Zer nahiago, tratamendu erosoa ala eraginkorra?

Gerra garaietan fronte ikuspegia nagusitu ohi denez (zuriak/beltzak, onak/gaiztoak...), ikuspegi sinple hori baliatuko dut terapia fisikoaren «borroka zelaia» gaur egunean nola dagoen karikaturizatzeko. Frontearen lerro batean, azken urteetan indarrez sartzen ari den ikuspegi biopsikosozialaren (BPS) aldekoak ditugu: aspaldi baztertu xamarrak ziren teknikak berreskuratuz, ebidentzia zientifiko sendoaz lagunduta, eta beste osagileekiko elkarlana ezinbestekoa dela ulertuz, gure lanbidearen ikuspegia zaharberritzen ari dira, paziente bakoitzaren kasuari bere konplexutasun osoan helduz.

Beste aldetik, berriz, orain arte nagusi izan den ikuspegi zatikatua dugu. Horrela jokatzen dutenak, berez, ez dira horren aldekoak izaten (kontrara: esango nuke gehienek ontzat ematen dutela osasuna jagotea diziplina arteko kontua dela) baina inertziaren eraginez terapia puntualak baino ez dituzte eskaintzen: pilulak, injekzioak, operazioak, manipulazioak, zuzenketak, aparatuak... Noski, interbentzio hauek askoz ere errazago saltzen dira BPS kontzeptu konplexuagoa baino. Eskain iezazkiozue jendeari bi soluzio: bata erraza eta faltsua, eta bestea zaila eta benetakoa; eta ikusiko duzue lehenaren atean ilara askoz ere luzeagoak egiten direla, bigarrenean baino. Horrelakoa da gure espeziea, eta txerpolariek ederki baliatzen dute gure aje hau; osagile ofizial zein alternatiboek, gainera.

Horrenbestez, problema handia dugu: gaur eta hemen, BPS ereduan oinarritutako osasun asistentzia –hain emaitza bikainak ematen dituena– merkaturatzea oso zaila da. Erresistentzia handia baitago, ez bakarrik osasun industrian, gizartean ere bai –hau da, pazienteetan–. Lan egiteko modu honek denbora behar du, motibazio eta prestakuntza egokidun osagileen aldetik; eta soluzio bizkorrak eta errazak nahi dituen gizarte honi ez zaio hori asko gustatzen. Baina jarraitu beharreko norabidea horixe da: seinale guztiek, letra larriz eta fosforitoz, ate hori seinalatzen digute. Nahiz eta jende guztia “soluzio errazen” (modako teknika miragarrien) ilaran egon, min kronikoaren eta laneko baja gehienen arrazoien gakoaren atea bestea da. Eta poliki-poliki, gero eta gehiago gara horrantz mugitzen ari garen osagileak.

Baina bide horretatik abiatzeak, praktikan, lan egiteko moduak aldatzea dakar; tratamendu konkretuez harantzago, terapia horiek nola eta zertarako erabili da gakoa. Horren barruan, pazientearekin komunikatzeko erak lantzeak berebiziko garrantzia du: enpatia, entzutea, irakastea, planifikatzea, azaltzea, demostratzea, errebisatzea, bere arreta norabide egokira bideratzea, baleko portaerak indartzea, atxikimendua bilatzea, motibatzea, saritzea, animatzea, helburuak ezartzea, analizatzea... Hau guzti hau nekez lor daiteke arreta estandarizatu eredu batean; pazienteak ikasteko denbora behar baitu, baita osagileak ere irakasteko dauden zailtasunak gainditzeko. Baina zein erakundek, enpresak edo esponsorrek finantzatu behar du arnasa luzeko lan hau? Horiek ere emaitza bizkorren su artifizialen bila dabiltza.

Gauzak horrela, BPS eredua gauzatzen duten osasun unitateak oso urriak dira, eta populazioak zaila du bertara ailegatzea (kasu larrienak baino ez dira haraino heltzen). Egoera aldatzeko, gestio eredu zaharkituak gainditzeko apustu argia behar da, eta horretarako gakoa esfera politikoan dago. Administrazioak serio hartu beharko luke gai hau, sikiera gaizki enfokatutako tratamenduetan eta baja laboraletan alferrik gastatzen dituen miliaka milioi euroengatik bada ere. •

www.abante.eus