Itziar Elizondo Iriarte
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Metagerra

Metabertsoa hedabideetan bolo-bolo hizpide dela ikusten dugun honetan, Putinen erasoa etorri zaigu Mendebaldeko paradisu artifizialei enbarazu egitera. Gerraren errealitate gordinak egunez egun biktimak eragiten dituen bitartean, kapitalismo digitalarekin dirutzen direnak beren neuronak eta xoxak inbertitzen ari dira gure hurrengo denbora-pasa asmatzen. Funtsezkoa da Mendebaldeko langile gero eta pobretuagoak entretenituak edukitzea. Ez dadila izan ekintza politikoan energia gehiago jartzeak boteretsuen txosna globala hankaz gora jartzeko arriskua areagotzen duela. Olgetan-benetan heltzen diegu teknologia berriei, nobedadearekin txundituta, eta azkenean gure datuekin sekulako irabaziak lortzen dituzte enporio digitalek. Halaxe izan da sare sozialekin eta gauza bera gertatuko da errealitate birtuala gure egunerokoan txertatzen dutenean.

Nolanahi ere, gerrak sortzen duen atsekabea hain da handia, ezen eskapistetan eskapistenek ere ezin dutela ihes egin hondamendi itzel horretatik. Izango dira arrazoi gizaldekoak, izango dira arrazoi praktikoak, baina beste gerretan ez bezala, ukrainarrekiko elkartasuna agerikoa izaten ari da Europa osoan. Gerra hori nahikoa gertu daukagu birtualizatu ahal izateko. Lehenik eta behin, bonbak, erasoak, izua, biktimak… errealak dira. Eta gero dator gerrak ere nola eragin digun gudu zelaian bizitzen ez garenoi, aurretik zeuden arazoak areagotuz (energiaren prezioa, inflazioaren gorakada…).

Ukrainako inbasiora arte Mendebaldeko gobernuek Putinen biolentzia errealitate birtualtzat jo dute. Putinek urratutako hainbat eskubide pantaila batean jokatutako tirabirak bailiran. Aldiz, Errusiako presidenteak egindako guztia gertatu egin da: kazetari kritikoen erailketak, arerio politikoen atxiloketak, LGTBI kideen zapalkuntza, Txetxeniaren kontrako erasoa. Nonbait hori guztia ez da nahikoa erreala izan Mendebaldeko gobernuei erreakzionarazteko. Ohi bezala, interes ekonomikoak, besteak beste, gailendu dira herritarren bizitzen eta eskubideen aurrean. Errusia Europako gas hornitzailea izateaz aparte, merkatu itzela da, eta Errusiak kontsumoari ateak zabaldu zizkionetik herrialde kapitalistek ez dute aukera hori galdu nahi izan.

Era berean, errealitate birtualeko merkatuan FOMO (Fear of Missing Out Opportunities) sindromea nagusi da. Alegia, Facebook-Meta eta gainontzeko enpresek ez dute aukera berri hori galdu nahi. Lehiakideek aurrea hartuko ote dieten beldur, enpresen arteko gerra hasia da dagoeneko. Izan ere, errealitate birtuala eraikitzeko langile espezializatu gutxi dago, eta Metak direnak eta ez direnak eskaini dizkio Apple eta Microsofteko hainbat langileri. Beraien arteko gerra horretara murriztuko balitz, gaitz erdi. FOMO horrek dena baimentzen die, eta marketin kanpainak mundu mailan abiarazi dituzte oraindik existitzen ez den zerbait saltzeko, ez baitago egun nahikoa teknologiarik errealitate birtual hori merkaturatzeko.

Birtuala edo erreala, enpresetan eta politikan estrategia beti ikur. Eta estrategia horren helburuak betetzeko gerra beharrezkoa bada, arazorik ez. •