Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Pandemia eta gerra hots artean, bi itzulien sistema

Aljeriako gatazkaren lokatzetatik ateratzeko ihesbide izan zen V. Errepublika. Kolonialismoaren orrialde ilunaren gainean kosta ahala kosta Estatuaren zutabeak sendotzeko mahai gainean emandako kolpea. Geroztik, munduan aldaketa handiak gertatu badira ere, frantses Konstituzioan sartutako egokitzapenek ez dute, funtsean, Estatuaren izaera apenas aldarazi.

Batik bat Europar Batasunaren bilakaerari jarraitzeko edo gizarte eztabaidei eragiten dieten hainbat eguneraketa burutzeko erreformak gauzatu dira. Izan ere, ez da inondik inora reset batekin parekatu daitekeen desmartxarik bultzatu. Aldiro-aldiro, V. Errepublikak finkatu zuen boterearen kudeaketa eredua gainditutzat eman dute berdin politikagintzatik zein akademiatik. Hala ere, 1968ko erreboltak auzian eman zuen demokrazia autoritarioa atzean utzita geltoki berrirantz abiatuko den trena errailetara ez dute jarri. Globalizazio garaiaren eskutik heldutako burujabetza eta demokraziaren «errebisionismoari» buruz oharra eginez, erreforma orokorraren aldeko kanpaina egin zuen 2017an Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoaren hautagaiak. VI. Errepublikara igarotzeko bide orria izan zen bere hauteskunde programaren ardatz nagusietako bat. Asanblea Eratzaile baten aldeko apustua eginez Legebiltzarraren boterea indartuko lukeen sistema baterako trantsizioa zehatz-mehatz irudikatu zuen Presidentetzarako hauteskundeen atarian. «Ni presidente banaiz, populuak botere osoa berreskuratu dezan V. Errepublika bertan behera utziko dut». Lerroburu horrekin laburbildu zuen bere engaiamendua. Taulategi politikoaren bertze ertz batetik, Marine Le Penek erreferenduma bilakatu zuen, garai berean, salmenta politikorako lanabes preziatuena. Hala, frantses Estatuak Europar Batasunarekin behar lukeen harremanari buruz erreferenduma proposatu zuen eskuin muturraren hautagaiak. Handik aurrera, besteak beste, migrazio politikaren gaineko erabaki markoak boto-emaileen esku uztea proposatu zuen aurreko Presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian Emmanuel Macron parez pare ukan zuen Marine Le Penek.

Alderdirik gabeko hautagaiak sekulako aldearekin irabazi zituen bai Eliseorako bozak bai handik hilabete batera egin ziren legegintza-hauteskundeak. Bozketaren emaitzak eztabaidaezina bazirudien ere, «populuaren erabakimena» erdigunean ezarri zuen handik hilabete batzuetara kaleak sutan jarri zituen Txaleko Horien mugimenduak. Herri Ekimenaren Erreferenduma (RIC, frantsesez) gizartearen ezinegonak artatzeko botika gisara defendatu zuen ezker-eskuin banaketa klasikoa airean jarri zuen bizitza kostuari loturiko eztandak, jada agortzeko sintomak zituen sistema zaintza intentsiboetan jarriz. Mundua astindu zuen pandemia heldu zen ondoren eta, birusaren aurkako gerra aldarrikatu zuen Macronek berdin heldu zion hauteskunde egutegiari, abstenzioaren gorakadak larri gaixo zegoen ereduari sor ziezazkiokeen albo kalteak gutxietsita. 2022ko bozen atarian, Errusiak sugarren gainean erregaia bota zuenean Ukrainan EBko diplomaziako buru bilakatu zen jada botere orogile hobedun zen presidentea. Propaganda tresna duen gudak hauteskunde jarduera kasik «enpatiarik gabeko» ekimen bilakatu du. Eztabaidarik ezean, kanpaina formala erdi itzalita, bi itzulien sistemak berak ez al du existitzeko zuen azkeneko arrazoi galdu? •