INDULTU ESKEAN

Melissa Lucio exekuziora kondenatuta dago, indultua da bere salbazio bakarra

Melissa Luciok, Texasen heriotza zigorra jaso zuen lehen emakume latinoak, apirilaren 27an du programatuta injekzio hilgarria. Prozesu judizialak izandako irregulartasunak kontuan hartuta eta errugabea dela sinetsita, bere abokatuek, AEBetako 400 eragilek eta zazpi adituk indultua eskatu dute berarentzat.

Heriotza zigorra jasotzeko hilabete baino gutxiago falta zaion honetan, Melissa Lucioren, Texasen heriotza zigorrera kondenatua izan den lehen emakume latinoaren, abokatuek indultu eskaera tramitatu dute Texasko Indultuen eta Baldintzapeko Askatasunaren Batzordearen eta Greg Abbott gobernadorearen aurrean, «errugabea» dela sostengatuz. Lucio 2008an kondenatu zuten, bi urteko alaba txikia jipoitu eta hil izana egotzita, baina berak hilketaren egiletza ukatu izan du beti.

Lucioren abokatuez gain, AEBetako zazpi aditu forentsek eta zientzialarik egin dute bat bizitza osoan sexu abusuen eta fisikoen biktima izan den emakumearen indultu eskaerarekin.

Frogak berrikusi ostean, adituek ondorioztatu dute prozesu judizial osoa «fidagarritasun gutxiko» aitorpen batean eta «froga faltsuetan» oinarritu dela.

Hamabi seme-alabaren ama honek adierazi duenez, bi urteko alaba txikiak, Mariahk, oinez ondo ibiltzea galarazten zion malformazioa zuen hanketan. 2007an, Lucio etxe aldaketa antolatzen ari zen, eta, despistatuta zegoen une batean, alaba txikia etxe hartako eskailera pikoetatik erori omen zen.

Bi egunez neke zantzuekin eta apetitu gutxirekin egon ostean, umea erorikoan jasotako kolpeek eragindako garuneko traumatismoagatik hil zen, lo zegoela. Alabaina, indultua galdegin duten aditu forentseek diotenez, «koagulazio intrabaskular barreiatua» izan zezakeen haurrak, zeinak ubeldurak eragingo zizkion gorputzean.

Umea zendu ondoren larrialdi zerbitzuak etxera iritsi zirenean, Luciok ez zuen aipatu haurra aurreko etxebizitzako eskaileretatik erori zela, eta ez une hartan zeuden bizilekuan. Etxe berriak sarreran bi eskailera txiki baino ez zituenez, osasun profesionalek zalantzan jarri zituzten Lucioren azalpenak.

«Funtsezko gaizki-ulertu horren ondorioz, ikerketa abiarazi zen, zeina ikuspegi estuz josia egon zen. Agenteek ez zuten inoiz aintzat hartu zer izan zitekeen Mariah hil zuena, Melissaren aurkako kasu bat sortzea baitzen haien helburu bakarra», azaldu du Vanessa Potkin Innocence Project-eko auzibide berezien zuzendariak. Akusatuaren errugabetasun presuntzioa ez zela errespetatu salatu du.

Izan ere, Mariah hil eta bi ordura, Texasko indar polizialek bost orduko galdeketa egin zioten Luciori, abokaturik aurrean egon gabe. Gainera, Lucioren defentsak gogorarazi du galdeketan zehar Luciok «ehun aldiz baino gehiagotan» ukatu zituela akusatzen zitzaizkion delituak eta, azkenean, emakumeak poliziek «entzun nahi zutena» erantzun zuela, bakean utz zezaten. Horregatik, adituek adierazi dute aitorpen hori «derrigortze» bidez eskuratutakoa dela eta, hortaz, «fidagarritasun gutxi» duela.

«Badakigu galdeketa taktika zaharkituek areagotu egiten dutela aitorpen faltsuen arriskua», ziurtatu du David Thompson elkarrizketatzaile forentse eta galdera protokoloetan adituak. Horrekin batera, Thompsonek gehitu du kondena bidegabeen kasuen %25 aitorpen faltsuetan oinarritzen direla.

«Lucioren auziaren galdetzaileetako bi aurrean egon ziren Mariahren gorpuari autopsia egin ziotenean. Horrek sekulako eragina izan zuen kasuaren eboluzioan, auzi medikuak ez baitzuen beste heriotza kausarik egon zitekeenik kontuan hartu», zehaztu du Potkinek, kasuaren beste irregulartasun bat plazaratuz.

Gaur-gaurkoz, Lucioren abokatuez eta zazpi adituez gain, auziaren epaimahaikideak izan ziren bost lagunen testigantzak jaso ditu indultu eskaerak. Epaimahaikide ohi horiek aditzera eman dutenez, «froga berriak entzun ostean, epaiketa errepikatu edo heriotza zigorra kommutatu beharko litzateke».

Texasko eta Ameriketako Estatu Batuetako beste 400 erakunde eta plataformak babesa helarazi diote indultu eskaerari. Alabaina, baliteke exekuzioa baino egun batzuk lehenago arte Texasko gobernadoreak erantzunik ez ematea.

Heriotza zigor gutxiago

Une honetan, Texasen exekutatuak izateko esperoan dauden 199 presoetako bat da Lucio. AEBetan heriotza zigorrera pertsona gehien kondenatzen dituen estatua da eta, 1982tik hona, 573 pertsonari eman diete injekzio hilgarria.

AEBetan, momentu honetan, 3.260 pertsona dira heriotzaren korridorean exekuzio egunaren zain daudenak. Hala ere, heriotza zigor kondenak urritzen ari dira.

Herrialdea osatzen duten 50 estatuetatik 23k heriotza zigorra abolitu dute dagoeneko. Virginia da zigor hau debekatu duen azkena, 2021ean. Kaliforniak, Oregonek eta Pennsylvaniak, ostera, etenaldia ezarri diete exekuzioei.

Heriotza zigorraren aurkako ekintzaileek ziurtatu dute gero eta sententzia gutxiagok kondenatzen dituztela presoak exekuziora, baina, aldi berean, «muturreko jarrerak» detektatzen ari direla zenbait «jurisdikzio ezohikotan».

Death Penalty Information Center (DPIC) gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu duenez, 1988. urteaz geroztik ez dituzte 2021ean bezain pertsona gutxi exekutatu.

DPICetik zehaztu dutenez, 80ko hamarkadan heriotza zigorra jasotzeko aukera gaur egun baino lau aldiz handiagoa zen. Hala ere, gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du zifraren murrizketa pandemiak eragindako sistema judizialaren mantsotzearen ondorioa izan daitekeela. «Heriotza zigorra pixkanaka desagertzen ari dela ikusten ari gara. Egiatan, 2007tik hamaika estatuk abolitu dute» baieztatu du Robert Dunhamek, DPICeko zuzendari exekutiboak. Gainera, Dunhamek azpimarratu du AEBetako heriotzaren korridorean dauden presoek herrialdean kondenatuta dauden pertsonen %1,2 ordezkatzen dutela.

Sistema diskriminatzailea

«Estatu batzuek beren historialean sistema judizialaren eta zigor zuzenbidearen erabilera diskriminatzailea dute eta, kasu gehienetan, estatu horiek segregazio, lintxamendu eta esklabotzaren legatua ere badute», salatu du Dunhamek.

«Estatu hauetan gero eta sektarismo gehiago detektatzen ari gara heriotza zigorra erabiltzeko moduan eta behin eta berriz ikusten dira bai epaiketa bai helegite prozesu bidegabeak», gehitu du.

Durhamek esplikatu du heriotza zigorra desagerrarazteko modu bakarra Auzitegi Gorenaren epai baten bidezkoa dela, baina une honetan aukera gutxi daudela hori gertatzeko: «Gaur egun Auzitegi Gorenak duen konposizioarekin uste dut gutxienez beste belaunaldi bat pasatu beharko dela heriotza zigorra Konstituzioaren aurkakoa izendatu arte». Izan ere, egun, Auzitegi Gorena osatzen duten bederatzi epaileetako sei kontserbadoreak dira, eta heriotza zigorra mantentzearen aldekoak. Dunhamek azpimarratu du, teorian, heriotza zigorra «krimen guztietatik okerrenarentzat eta moralki pertsona errudunarentzat» gorde behar dela soilik.

Eragina duten faktoreak

«Ebidentziek erakusten dute heriotza zigorrera kondenatu ohi dituzten pertsonak gaixotasun mentalak eta urritasun intelektualak dituztenak izaten direla; edo, batzuetan, garunaren garapenari eragin dioten abusu kronikoen biktimak izaten direla», azaldu du.

Beraz, bere aburuz, Ameriketako Estatu Batuetan heriotza zigorrera kondenatua izatea edo ez, ez da egindako krimenaren araberakoa, baizik eta krimena egin zen lekuaren, momentuaren eta akusatuaren arrazaren araberakoa.

Kristin Cuellarrek, bere Austineko (Texas) bulegotik, «akusatuaren maila ekonomikoa» gehitu die Dunhamek aurretik aipatu dituen faktoreei. Heriotza Zigorra Abolitzeko Texasko Koalizioko zuzendari exekutiboa da bera.

«Heriotzaren korridorean dauden pertsona gehienak ofiziozko abokatuek defendatzen dituzte, etxegabeak direlako eta ezin dutelako beraien abokatu propioa ordaindu. Horrek sententzien inposizio guztiz bidegabera eraman gaitu», gaitzetsi du. Gainera, azpimarratu du fiskalak direla beraien konderrietako «sistema judizialaren benetako ardatzak», beraiek baitira «zer zigor bilatu erabakitzen» dutenak. «Horregatik dugu horren sistema judizial ezberdina herrialde osoan».

Abusuen biktima

Efe albiste agentziak MountainView espetxean elkarrizketatu du Lucio, beirazko leiho batez banatuta eta barraz inguratuta. Bere egoera zailaren baitan, bere kezka nagusia bere hamabi seme-alaben sufrimendua eta haien etorkizuna dela adierazi du emakumeak.

Bere haurtzaroa nolakoa izan zen galdetzean, Luciok «oso gogorra» izan zela aitortu du, «sexu abusuak sufritu» zituelako. Gainera, bere ama tratu txarren biktima izan zen. «Trauma asko ditut. Nire amaren eta aitaordearen arteko biolentziaren lekuko izan nintzen. Nire ama ez zen pertsona txeratsua izan. Hazten nindoan heinean, kikilduta sentitzen nintzen amaren bizitzan egon ziren gizonek tratatzen zuten moduagatik. Beti esaten nion neure buruari ez nuela sekula onartuko norbaitek nire amaz abusatu zuen bezala nitaz abusatzea. Ez nintzen gizonekin fidatzen, familiarengandik eta lagunengandik isolatzen joan nintzen gero eta gehiago», nabarmendu du. Txikitan bizi izan zuen biolentzia zikloa errepikatu egin zen bere senarrarekin.

«Amari gertatu zitzaiona errepikatzen ari zen, ezin nuen sinetsi. Senarraren jokabidea ulertzen saiatu nintzen urteetan, baina ez zidan erantzunik eman. Nire egoera aztertu nuen, ez nuen amaren etxera itzuli nahi eta haren errieta entzun. Banekien zer esango zidan itzultzen banintz. Beti epaitu eta irrigarri utzi naute». Hamabi seme-alabekin aurrera egin behar izan zuen. «Oso gogorra izan zen eta, batzuetan, baita frustragarria ere. Hau da, jendeak gaizki pasatzen du ume batekin, birekin, pentsa ezazu hamabirekin aldi berean eta kozinatu, garbitu, bainatu eta eskolarako prestatu behar izatea… Baina banekien nire erantzukizuna zela ahalik eta ondoen egitea eta seme-alabei erakustea gaizki pasatzen nenbilen arren, une hartan behar zuten ama izateko esfortzua egiten ari nintzela».

Gertaeren gaua

Poliziaren bertsioaren arabera, bost orduko galdeketaren ostean, Luciok bere alaba Mariahri tratu txarrak eman zizkiola aitortu zuen. Hala ere, Luciok ezeztatu egin du: «Hori ez da gertatu zena, inondik inora ere. Mariah erietxera eraman ostean detektibeak iritsi ziren eta galdera asko egiten hasi zitzaizkigun Roberti (senarrari) eta niri. Ni ahalik eta informazio gehien eskaintzen saiatu nintzen. Gero, (poliziak) komisariara joan behar genuela esan zigun. (...) Galdeketa gelan hainbat aldiz galdetu zidaten zer gertatu zitzaion Mariahri. Ahalik eta ondoen kontatu nien nekiena, baina hori ez zen entzun nahi zutena. Mariahri tratu txarrak eman nizkiola aitorrarazten saiatzen ziren denbora guztian. Oso beldurtuta nengoen, oso oldarkorrak izan baitziren nirekin. Beldur handia izan nuen gau horretan eta, azkenean, une bat iritsi zen, non pentsatu nuen agian entzun nahi zutena esaten banien bakean utziko nindutela. Beraz, hori egin nuen, funtsean ‘ok, egin nuen’ esan nien. Baina ez nuen egin!», nabarmendu du.

Galdeketaren ostean, Peter Gilman izan zen Luciori esleitu zioten ofiziozko abokatua. Luciok uste du Gilman ez zela bera «laguntzen saiatu».

«Nire errugabetasuna defendatzeko eta nire seme-alabei inoiz ez nizkiela tratu txarrak eman frogatzeko gehiago egin zezakeela uste dut. Epaiketan Adin Txikikoen Babeserako Zerbitzuko behargin asko aurkeztu ziren, baina kasu gehienetan drogak kontsumitu nituelako izan zen eta behin ere ez zuten aipatu abusu fisikorik umeen kontra», arrazoitu du. Gainera, latinoa izateak bere kontra jokatu zuela sostengatzen du jatorri mexikarreko estatubatuar honek: «Latinoak maila baxuagokotzat hartzen gaituzte, baita afro-amerikarrak ere. Jende ezjakina bagina bezala ikusten gaituzte, bereziki ni, ez nuelako bigarren hezkuntza amaitu. Dirua duen jendeari, etxe polit batean bizi denari, ez diote berdin begiratzen».

Exekuzio eguna, apirilaren 27a, ate joka izanda, Luciok beldur dela onartu du, baina ez beragatik, baizik eta seme-alabengatik.

Indultu eskaeraren eta egunen baten libre izateko itxaropenaren aurrean, egoera guztia «buruhauste» bat bezala ulertzen duela azaldu du Luciok: «Jainkoa pieza guztiak batzen joan da eta, orain, pieza bat bakarrik falta da. Pieza horrek askatu eta seme-alabengana itzultzen utz diezadake edo jainkoaren ondora eraman, zeruko nire etxera». Kartzelatik irtengo balitz, bere seme-alabekin «bazkari erraldoi bat» egitea eta «azken hamabost urteetan izan ez duten ama» izatea du amets.