Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Beti iturburu berera iristeko bueltaka: nazio auzira

Pegasus espioi sistemak astindu ditu oraingo honetan bazterrak. Euskal Herriko eta Kataluniako hainbat independentistak espioitza jasan dutela jakin zen lehen kolpean, eta segidan Espainiako Gobernuko presidentearen eta Defentsa ministroaren telefonoetan ere Pegasus delako hori sartu zutela jakinarazi da. Hipotesi ezberdinak zabaldu dira, baina betiere mugatuak, Pegasus soilik gobernuek/estatuek erabil baitezakete. Edonola ere, bi kontutan zalantza gutxi dago: espioitza ilegala ere izan zela eta, independentisten kasuan, CNIk egin duela. Espainiako Gobernuko kideen kasuan, bistan denez, espioitza hori legez kanpokoa izan zen, baina egilea nor izan ote zen ez dago hain garbi: beste estatu batek edo Espainiako Estatu barruko egitura batek. Zaila izango da hori argitzea.

Edonola ere, ipurdia agerian geratu da Gobernua, espioitza egin delako eta espioitza ilegala izan delako. Berak agindutakoa izan bada, ez litzateke oso itxurosoa PSOEk berriro ere Estatuaren estoldetara jo duela egiaztatzea, oraingo honetan nolabaiteko lankidetza duen taldeei ezkutuko jarraipena egiteko; eta berak ezer jakin gabe egin bada, irakurketa penagarria litzateke, erakutsiko lukeen kontrol faltagatik.

Krisi politiko hau handitu edo baretuko ote den ikusteko dago oraindik, eta zer ondorio izan ditzakeen zaila da neurtzea, aktore ezberdinak baitaude jokoan: batetik, Gobernuak krisiari eusteko izan dezakeen gaitasuna eta adorea; bestetik, Gobernua zuzenki edo zeharka sostengatzen duten indarren erreakzioa –bereziki katalanena–; eta azkenik, estatu egiturekin hain lotura estua duen eskuineko eta ultraeskuineko oposizioaren jokabidea. Beti aholkatu izan da bainuontzitik ur zikina (estatuen estoldetakoa) bota behar dela, baina berarekin haurra (legealdi honetan oraindik egin daitezkeen aurrerapenak) ere bota gabe. Gai izango ote dira horretarako? Hipotesi okerrena ere, oso litekeena dena, ezin daiteke baztertu: haurra botatzea eta ur zikina bainuontzian geratzea. Hori izan da berezko joera Espainian.

Unean uneko azterketetatik eta mugimenduetatik harago, sakoneko hausnarketa egitea ere garrantzitsua da. Merezi du. Azken batean –ez dugu gure burua engainatuko–, espioitza egoteak ez gaitu euskal herritarrok bereziki harritu edo aztoratu. Joxi eta Joxeanen gorpu txikituak karea botaz lurperatu zituen eta orain familiei dirua eskatzen dien Estatuaz ari gara. Tortura eta gerra zikina erabili izan duen Estatuak nola ez ditu, bada, espioitza sistemak erabiliko?

Eta hortxe dago, berriro ere, aferaren gakoa, muin-muineko arazo politikoa; gatazkaren oinarrian dagoen nazio auzia, hain zuzen. Euskal Herriaren ukazioak eragiten duena; Estatuak eutsitako ukazioa, hain zuzen. Eta horri adostutako aterabide demokratiko bat ematen ez zaion bitartean, edo euskal herritar eta eragileek kate hori independentziaren bidean hausten ez duten bitartean, pasarte ilunak behin eta berriro errepikatuko dira. •