Antton Izagirre

Identitate berriak

Garai likidoak bizi ditugu. Ezer ez da iraunkorra, sendoa. Gaurkoan ustez badenak, biharko agian forma berri bat hartuko du. Horrek ziurgabetasuna eransten die gure uste, pentsaera eta baloreei. Aldaketak bizkor doaz eta ezertaz ziur ez egotea dakarkigu, zalantzaz betetzen gaitu. Ustez erroturik genituen pentsaerak ezbaian jarriko ditugu. Berritasuna da albistea.

Atzo notizia zena biharko iragana izango da, desagertuko da albistegietatik, beste errealitate batek ordezkatuko du. Hori bera gertatzen ari zaigu ideia eta praktika politikoen esparruan.

Komunikabideak berritasun horretan bizi dira eta berri batek bestea estaliko du. Gaur kezkaz eta harriduraz hartu dugun horrek gutxi iraungo du gure imajinario kolektiboan eta horrela urratsez urrats gure nortasun eta identitateak ere zalantzan jartzera gonbidatuko gaitu.

Albisteak eta berriak iragankorrak izan arren, badira esparru politikoan betikotzea helburu duten erabakiak.

Nafarroako parlamentuan PAI programaren inguruan jaso ditugun albisteek gutxi iraungo dute agian albistegietan baina erabaki horren gainean dagoen asmoa eta intentzio politikoa sakonekoa da, ibilbide luzekoa, estrategikoa, nafartarren identitatea trinkotzea eta egonkortzea helburu duena.

Asko kritikatu izan da inglesezko eredua, agian lege urraketa suposa dezakeelako edota, beste batzuen ustez, irakasle guztiak inglesez trebatuak eta inglesez irakasteko gaituak izatea eskatzean, gauzatu ezina delako. Baina eredu berri honen egonkortzeak beste helmuga politiko bat du eta hori nafar izaera, euskal izaeratik guztiz aldendu eta etorkizuneko belaunaldiak identitate berri baten aurreran jartzea bilatzen du.

Hizkuntz ereduak, hizkuntzatik harago doan herri ikuskera eraikitzen du. Euskarazko ereduen bidetik, nafarroan ere “euskal” izaerak izan dezakeen arrakastari beldurra diote nafar eskuinak eta ezker espainolak. Horri aurre egiteko gazteleraren nagusitasuna eta “espaniar” izaera trinkotzeko helburuz, etorkizuneko belaunaldiek berezko eredutzat har dezaten naturalizatu behar duten eredua da ezarri nahi dutena. Ez gaitzaten engaina, inglesaren irakaskuntzaren ikuspegi kosmopolita aurrerazalearen azpian, belaunaldi berriei espaniar identitatea ezartzen jarraitzeko asmo berria dago.

Agian, horri buruzko albisteak azpimarra berezirik ez du izango, baina ondorio praktikoak herritarron kontzientzian, iruditeria kolektiboan, berezkoa balitz bezela, natural-natural, betikotzea dakar. Identitate kontua da. Horretan datza arriskua. •