Gorka Zozaia
Kimikaria

Ilargiak kulunkatzen duenaz

Hitz egitea ez da erraza, gai zabalegia da zutabe estuetarako... baina aspaldiko partez ilargi eklipse oso bat ikusteko aukera izango dugunez astelehen goizaldean (5.30etik aurrera), aukera baliatuko dut. Pare bat zutabetan sartuko naizelakoan, Ilargiaren kulunkak argitzen joango naiz, poliki-poliki. Batetik, Ilargiak bere horretan egiten duen kulunka, Lurraren inguruan biraka, biak Eguzkiaren bueltan. Bestetik, Ilargiak gure zeruan marrazten duen kulunka, gure latitudeak (43° inguru Euskal Herrian) eta Lurraren errotazio ardatz okertuak (23° Eguzkiaren inguruko orbitarekiko) baldintzatuko dutena. Eta hau zertarako? Bada, Ilargiak Lurrean eragiten dituen kulunketan argi apur bat jartzen saiatzeko, eremu ilun samarra baita zientziaren ikuspegitik. Agerikoa da itsasaldiak Ilargiak eragiten dituela, baina lurrazaleko gorputzengan Ilargiak duen eragin grabitatorioa azalean dugun moskitoak eragiten diguna bezain txikia dela ere bai. Ilargiaren eraginaren gakoa bere kulunkan, oszilazioan datza, Lurreko hainbat fenomeno dinamiko bultza ditzakeelarik, esku batek kulunpio bati eragiten dion moduan. Itsasaldiena adibide ona da eta “Mareak mareatuta” artikuluan kontatu nuen.

Lurrak Eguzkiaren inguruan bira osoa egiteko 365,25 egun behar dituen bezala, Ilargiak Lurraren inguruan 27,32 egunetan osatzen du bira bat, ziklo sideral bezala ezagutzen dena. Hori bai, denbora horretan Lurra Eguzkiaren inguruan 27° inguru desplazatu denez, pare bat egun gehiago behar ditu Eguzkia eta Lurrarekiko posizio erlatibo bera berreskuratzeko, 29,53 eguneko ziklo sinodiko ezaguna betez. Hain zuzen ere, hau da ilargi berritik betera, eta berriz berrira, Ilargiak modu ikusgarrian osatzen duen zikloa. Ziklo honetan, ilargia handitzen denean gaztelerazko creciente ordez ilgora erabili ohi dugu euskaraz, eta alderantziz, ilbehera decreciente esateko, baina ez dirudi gora/behera hitzak aproposenak direnik handiago/txikiago adierazteko. Jakoba Errekondok defendatzen duenez, horren arrazoia da ilargiak zeruan gora eta behera egiten duen kulunka ahantzi egin dugula eta orain soilik ziklo sinodikoari begiratzen diogula.

Bada, Ilargiak zeruan gora eta behera egiten du, Eguzkiak bezalaxe, baina behetik gora 6 hilabete eman ordez, pare bat aste besterik ez du behar. Ea irudiko solarigrafia eta eskemak lagungarriak diren ulertzeko: argazkiak Eguzkiak deskribatzen dituen lerroak jasotzen ditu, udako solstiziotik negukora. Eskemari erreparatuz, objektua (Eguzkia) eskumaldean legoke udako solstizioan (goian, zenitetik gertu), eta ezkerraldean negukoan (behean, zenitetik urrun). Ilargigrafiarik ez dut egin (erronka polita da!), baina antzeko lerroak utziko lituzke gaueko Ilargiak zeruan. Eskeman ezkerraldetik (ilbehera) eskumaldera (ilgora) pare bat astetan mugitzen den objektua litzateke Ilargia, Eguzkiaren posizio erlatiboarekiko ezberdin ikusiko genukeena, baina etengabe biraka, gora eta behera egiteari utzi gabe. Marraztu ez dudan arren, Ilargiaren orbitak 5 bat graduko okerdura du eta horregatik soilik nodoetatik pasatzean gertatu ahal dira eklipseak. Ez galdu, bada, asteleheneko aukera! •