Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
«RR #5MARRA»

Maialen Lujanbiok, hitzez eta bertsoz, garaiaren erradiografia mugitu bat egingo du

Hitzaren gainean –hitz laua eta kantatua– marraztutako garaiaren eta unearen irakurketa bat eskaintzen du Maialen Lujanbiok «rr #5marra» emanaldian. Garaiak eta uneak aginduta, erradiografia mugitu bat, lurrikarak eta dardarak ezin libratuta. Saio sorta bat lotuta dauka eta gehiago etor daitezke. Gustura dago sorkuntza plaza horretan.

Lehen aldiz 2018. urtean eskaini zuen Maialen Lujanbiok “rr” emanaldia. Bokalik gabeko eta ezin deszifratuzko hots dardarti bat «mugimenduaren, lurrikararen eta momentu zehaztugabe baten» inguruan aritzeko. Geroztik beste emanaldi batzuk eskaini zituen eta horietan bosgarrena duela aste batzuk osatu zuen Azpeitian. Abiatutako bidean gustura dago Lujanbio eta bira txiki batekin segitzea erabaki du, “rr #5 marrak” izenarekin.

«Emanaldia espirituz oso bertsolariaren ikuspuntutik egina da; inguruaren, momentuaren, irakurketa bat. Hori bertsotan astero egiten duguna da, leku batera joan eta hango berri, momentuaren berri, munduaren berri eta leku txiki horren berri, dena nahastuz, han momentuan eman. Espirituz hori da, garaiaren eta inguruaren kontaketa, irakurketa, delirio bat. Forma aldetik, berriz, hitzekin eraikia dago ia erabat, kantuz eta hitz lauz, eta pieza guztiak ez dira bertsotan, beste izaera batzuk ere badauzkate», azaldu du bertsolariak.

Emanaldiek abiapuntu eta oinarri bera izango dute, baina tokian eta unean aldaerak izango dira. «Pentsatzen dut bi emanaldi igual-igualak ez ditudala egingo. Oinarri bat bera izango da eta gauza batzuk desberdinak izango dira aldiro. Baina denak izango dira marrak oinarri horren gainean». Hortik emanaldiaren izenburua, “rr #5 marrak”.

Garai mugituak

Garaiaren erradiografia mugitua. Bada, 2018tik 2022ra mugitu dira garaiak. «Kuriosoa egin zait nola duela lauzpabost urte egin nuenak igual funtsean balio duen; inflexio puntu, aldaketa aro, momentu nahasi, norabide lanbrotu, noraez momentu bat jaso nuen orduan eta hori seguruen bi-hiru urtetan ez da aldatzen, momentu historikoek tempo luzeagoak dituztelako. Baina justu pandemia eta beste kontu batzuk gertatu dira eta gai batzuk zaharrak geratu dira eta beste batzuk derrigor sartu behar dira. Gai handiak ez dira aldatu baina horien gaineko ikuspegiak, diskurtsoak, ardatzak, mudatzen ari dira. Interesgarria da piezak berriarazi egin dizkidalako».

Lehen beldurrak zirenak orain gorpuzten ari ote diren galdetuta, «ni oraindik ez naiz gai definitzeko lehengo beldurrak gauzatu diren edo ez. Ez naiz gai esateko zer den gorpuzten ari dena. Lehengo nahasmenak eta oraingoak beste batzuk dira. Pandemiak azpigai asko eragin ditu eta tematika mordoa estali. Erreka batzuk lehendik datozenak dira eta haiei eransten zaizkie beste errekasto berri batzuk eta errio horrek norabidea pixka bat aldatzen du».

“rr #5marra” emanaldia ez da ohiko bertso plaza. Batetik bestera desberdin joaten da Lujanbio. «Aurretik prestatutako emanaldi hauetan desberdina da batetik bestera. Adibidez, ‘Ornitorrinkus’ egin nuenean, izugarri sufritzen nuen, sekulako bertigoa sentitzen nuen aldiro. Gero konturatzen nintzen hori egiteak bueltan niri eman egiten zidala, baina sufritua zen. Emanaldi honetan alde batetik bada garantia moduko bat; aurretik prestatua dut. Baina gero saiatzen naiz nire buruari dena eginegi eta errazegi ez uzten. Oso bertsolariena da beti gauza berdinak egiten ari bazara, aspertu egiten zarela. Saiatzen naiz pixka bat nire burua behartzen, arriskutxo bat edo bertigotxo bat egon dadin emanaldi horietan. Saiatzen naiz zerbait berria edo kontrolatua ez daukadana egon dadin, horrek gordintasun bat ematen diolako saioari, bestela egosiegi ateratzen delako. Saioaren izaeraren arabera aldatzen da gorputzaldia. Kasu honetan, gozamenetik gehiago dauka momentu honetan».

Azken hilabeteotan bertsogintzan mugitzen diren sortzaile askoren proposamen berriak ikusten ari gara, diziplina desberdinekin elkarlanean. «Seguruen lehen ere egon dira gauza horiek eta egin dira gauza berriak. Seguruen belaunaldi berri batekin dauka zerikusia bertsoaren aro batekin baino gehiago. Gure belaunaldiko bertsolari ia denek egin dituzte horrelako gauzak, musikarekin, antzerkiarekin… orain plazaratzen ari direnak beste belaunaldi batekoak dira gehienak. Uste dut badela momentu artistiko eta bizi-une bat, belaunaldi hori bere interesgune ideologiko eta estetikoak plazaratzen ari da eta hori interesgarria da beti».

Pandemia osteko plaza

Osasun krisiak gogor astindu du kulturgintza eta bertsolaritza ez da libratu. «Oso denbora gutxian badirudi lehengo tankera hartu duela plazak. Bi urtean oso saio ortodoxoak eta formalak egiten aritu gara, ezinbestean. Bi urtez helburua eustea izan da eta oso gauza formalak egin ditugu. Bertsolaritzari bizitza ematen dion beste parte handi bat falta izan da; lagunarteko saioak, festak, saio libreak, otorduak… Orain badirudi ari direla horiek pizten eta pixka bat lehengo erara bueltatzen ari garela. Bertsolaritzak osasuntsu egoteko denak behar ditu; formala, informala, batak besteak elikatzea... Bertsolariok denetan parte hartzen dugu eta hori nahi dugu. Orain itxura ona hartzen diot eta espero dut piztuko dela», iritzi dio bertsolariak.

Bertsolaritzaren ertz guztiak martxan egotea herrigintza bizi egotearekin lotzen du Lujanbiok. «Bertsolaritzaren bizi egote horrek zerikusi handia dauka herrigintza deitzen zaion horrekin. Ez badago festarik, txosnarik, kultur taldeek zein gazte taldeek antolatutako ekitaldirik, bertsoak galtzen du eta kulturak galtzen du. Kultura ofizialetik kanpo dagoen mundu hori dena galdu egiten da. Kaleko bizitzarekin, kaleko antolaketa eta herri antolaketa horrekin zerikusia dauka kultura bizirik egote horrek».

Txapelketa urtea

2022. urtea txapelketa nagusiaren urtea da. «Txapelketa batetik bestera desberdina izan da nire gorputzean edo aldartean nola sartu den. Aurten, pasa dugun biurteko honekin, denok aje arraro batekin egongo garela uste dut. Alde batetik aurten txapelketa bada jendeari eta gure inguruari poz bat, indar bat, emateko aukera. Beti da hori txapelketa, baina aurten premia gehiagorekin. Lehen esan dudan kulturgintza, herrigintza edo gu garen dena delako masa nahasi horri ondo etorriko zaio gauza sortzaile baikor gozagarri bat».

Kolektiboki egin dezakeen mesede hori aparte utzita, Maialen Lujanbiorentzat pertsonalki «exijentzia handi bat» da txapelketa. «Presio handi bat da, baina badauka lanean jartzen zaituen pizgarri eder bat, zure sortze lan eta hitzen lanketa horretan sekula baino arreta eta intentsitate handiagoarekin jartzen zaitu eta hori ona da, beti gauzak ateratzen direlako. Egia esan, oraindik urruti ikusten dut eta ez nago oso kokatua. Baina hori guztia izango du».

 

EMANALDIAK

• Maiatzaren 17an, Iruñeko Laba gunean, 19:30ean

• Maiatzaren 26an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, 19:30ean

• Maiatzaren 29an, Literaturiaren baitan, Zarauzko Merkatu plazako goiko solairuan, 12:30ean

• Ekainaren 9an, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:30ean.