Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Pentsatu al duzu noizbait zoriontsu izateko beldur zarela?

Nola liteke galdera hau egitea, ezta? Nola izango naiz, bada, zoriontsu izateko beldur; hori da guztiok bilatzen duguna, ez? Bada, zer nahi duzue esatea, nire jardunean askotan topatzen dudan errealitatea da hau, ondo eta lasai egoteko beldur garela askotan. Bai, badakit, oso gogorra da hau esan eta onartzea, baita irakurtzea ere. Saiatuko naiz azaltzen.

Gai konplexua iruditzen zait, egia esatea nahi baduzue. Badago halako ezaugarri, mekanismo moduko bat, sufrimenduan eroso egotera eramaten gaituena. Kontradikzio bat dirudien arren, ezagutzen dugun lekuetan erosoago egoten gara leku berrietan baino, nahiz eta gauden lekuak sufrimendua ekarri. Eta ez naiz leku fisikoez ari, barneko prozesu eta gure harremanetan ditugun rolei buruz ari naiz. Mekanismo horiek aldatzen baditut, zein naiz orduan? Zer gertatuko da nirekin?

Gure biografian zehar mekanismoak ikasten eta errepikatzen goaz. Horietako asko haurtzaroan sortutakoak dira, topatzen ditugun bizipen eta egoerei aurre egiteko erabiltzen ditugu. Une askotan baliagarriak dira, gure burua zaintzen laguntzen digute eta batzuetan, bizirauten. Aurrera goazen heinean mekanismo askok berdin jarraitzen dute, ez dira eguneratzen eta hor dago gakoa. Gu aldatzen goazen heinean, gure moduek ere hala egitea ondo legoke, gu eta ingurua ez garelako inoiz berdinak, etengabe aldatzen goazelako. Honek sufrimendua ekartzen du gehienetan, gure estrategiak jada ez dutelako balio eta noraezean topatzen dugu geure burua. Eta orain zer?

Demagun une horretan zerbait berriren bila joatea erabakitzen dugula; aldatzea, alegia. Bide horretan noraezean sentituko gara, galduta, deseroso, ezjakintasunak dakarren sentsazio guztiekin batera. Indartsu sentitzen bagara, bidean jarraituko dugu baina hala ez bada, gure mekanismo zaharrek atea joko digute eta berdinera bueltatzeko tentazioa izugarria da, pozoiaren indarra. Berdina egiten badakigu; nahiz eta sufriarazi, jakin badakigu eta hortxe murgiltzen gara berriz ere. Eta horrelaxe, etengabe behin eta berriz jausten gara betiko jolasetan gora eta behera.

Egia da zoriontasuna zer den esatera ez naizela ausartzen, ez dut uste zerbait estatikoa denik. Eta era berean, aldatzen jakitea beharrezkoa dela iruditzen zait, malguak izateak laguntzen duela sentsazio hori izatera. Baita zeure buruarekin lasai sentitzeak ere, ulertua, nahiz eta aldaketak edonon topatu. Bestalde, pozoiarekiko dugun engantxea lantzea ezinbestekoa da, behin eta berriz geure burua zigortzera garamatzaten modu horiei amaiera emateko eta aldi berean, on egiten diguten gauzak esan eta egin ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa da deserosotasun eta ziurgabetasunarekin dugun harremana eraldatzea, saldu diguten erosotasun faltsua ezbaian jartzea eta inguratzen gaituen ezjakintasunarekin topo egitea.

Aldatzeko gaitasuna eta ahalmena badugu, gure prozesuak bizitzekoa, ikasten jarraitzeko grina, geure burua ezagutu eta haztekoa. Hau jakinda, ausartzen al zara zoriontsu izatera? •