Ea nork duen handiagoa

Musikarekin iritziarekin gertatzen den gauza bera gertatu ohi da: bakoitzak pentsatzen duena ondokoari, ingurukoei, interesatzen zaiela iruditzea edo sinistea. Norberaren ikuspuntuak etengabe sareetan konpartitzen diren garaiotan, pausatu beharko ginateke galdetzeko: nire iritziak ba al du errelebantziarik? Aportatzen al dio gaiaren bueltan (dena delakoa) «benetan» esateko dutenek esaten duten horri? Erantzuna ezetz da (ia gehienetan).

Eguzkia bidelagun, iragan asteburuan hondartza denboraldia estreinatu nuen. Gauza gutxirekin asmo handiak: toalla, krema eta bainujantzia soinean. Motxilan, baldea eta pala. Neguko lozorroa amaituta eta bigarren amatasun baten ondotik lehen aldiz bikinia janzteak suposatzen duen trantzea alde batera utzita, itsasbeherarekin Kontxara goiz iristeak baditu gauza onak, baina guztien gainetik bat da inportanteena: lekua soberan dagoela. Baina a quien madruga beti Dios no le ayuda, ezin baituzu aukeratu, ezta prebenitu ere, nor jarriko zaizun alboan. Eta Murphyk bete-betean asmatu ohi du, kabroi hutsa baita.

Tropelak susmagarriak dira, eta ez instalatu orduko ateratzen duten futbol baloiagatik (zure gainean ia esferikoarekin aritzeko memeloarena egiten). Ez, baizik eta erdi-erdian ipintzen duten bluetooth bidezko bozgorailuagatik. Ea nork duen handiagoa. Aparatuaren tamaina eta gustu txarra zuzen-zuzenean lotuta daude, gainera. Lekuz aldatzea da onena, hondartza zabala da-eta. Baina bilaketa horretan ohartzen zara perretxikoak basoan direla bozgorailuak hondartzan.

Pena eta kezka eragiten dizkit etengabe erakusleihoan jartzeko dagoen joerak, balio erantsi bat duela sinesten delako gainera, edo batez ere horregatik. Leku publiko batean kaskoak jarri eta musikaz nork bere bakardade gozoan disfrutatzea plazer berekoi bat izateaz gainera (egin proba), inguratzen zaituen jendearekiko eskuzabala izatea da. •