Andoni Urbistondo
Elkarrizketa
Kepa Iribar
kazetaria

«Eleberria garatzea atsegina izan da, jolas baten modukoa»

Bi hamarkada luze daramatza esatari Euskadi Irratian. Ideien makina martxan jarri zitzaion halako batean, eta «72 ordu» nobela beltza idatzi du, bere lehen eleberria. Presiorik gabe, bidean gozatuz.

Kepa Iribar Getarian, Elkanoren estatua atzean duela.
Kepa Iribar Getarian, Elkanoren estatua atzean duela. (Maialen ANDRES | FOKU)

Iribar etxeko egongelan baino hobeto moldatzen da Getariako kale kantoietan: Piepiako tunela, May Flower jatetxea, moila… Katrapona ostatuko atarian erantzun ditu galderak Kepa Iribar kazetari getariarrak (47 urte), Kantauri itsasoaren babesean.

Kazetari, irrati esatari ezagun bazara, orain idazle ere bai. Nolatan?

Idazle deitzea, momentuz, gehitxo… Irakurlea banaiz, nobela beltzeko eleberriena ere, dezente. Erdaraz eta euskaraz. Euskaraz ez dago ikaragarri, baina badago. Azkena irakurri ditudanak Idoia Garcesen ‘Mendiko gaitza’, Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’, eta Jon Arretxeren ‘Dortokaren begirada’, adibidez. Zaletasuna da osagai bat, bestea historia. Aurten 500 urte dira Juan Sebastian Elkano San Lucar de Barramedan lehorreratu zenetik, munduari bira eman ondoren. Historiagileei entzuna diet Elkanori buruz ez dakigula gauza askorik. Zer egin zuen bai, baina berari buruz, pertsona gisa, gauza askorik ez, garai hartako dokumentu idatzirik ez zelako gordetzen. Xabier Alberdiri entzun diot hori Euskadi Irratian, baita beste historiagileei ere.

Bestelakoan ere Elkanoren balentria hura mundu mailan historian zokoratuta egon dela uste dut, arrazoia bat edo beste izan. Elkanoren hiru urteko bidaia hartako egunerokoak kontatzeak zer suposatuko lukeen pentsatzen dut sarri. Euskalduna izan ez balitz, atzerritarrentzat espainiarra izan ez balitz, edo ingelesa izan balitz, dagoeneko Hollywood-en bi pelikula izango zituen eginak. Horrekin jolasean istorio bat etorri zitzaidan burura. Eta segidan galdera? ‘Buruan daukadan hau idazteko, eleberri bilakatzeko gai izango ote naiz?’.

Bistan da izan zarela.

Idazten hasi nintzen. Niretzat, eta batere presiorik, presarik gabe. Denbora librea neukan egunetan, eta lehentasunik eman gabe. Esan nahi dut, eguraldia ona bazen, mendira joaten nintzen, edo olatu batzuk hartzera. Gero pandemia etorri zen, etxean geratu behar izan genuen, eta erabat utzi nuen dena, familiak lehentasun osoa, hiru umerekin. Buruan, baina, hor segitzen zuen istorioak, nola korapilatu, nola lotu gauzak. Normaltasuna itzuli zenean idazten segitu nuen, eta halako batean bukatu nuen idazten. Word formatuko 110 bat orri inguru, eta bukatutakoan, galdera gehiago. ‘Zerbaitetarako balioko ote du? Irakurtzeko modukoa izango ote da?’.

Nola argitu zenituen zalantza horiek?

Etxekoei eman nien aurrena idatzitakoa, eta balekotzat jo zuten. Euskadi Irratian, Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanori eman nien, haiek aritzen baitira liburu tartean, idazleekin harremanean. Arantxa bera idazlea da. Irakurri zuten eta zuzenketa batzuk aholkatu zizkidaten, besteak beste orainaldian idaztea, nik iraganean idatzi nuelako. Esan zidaten aurkezteko modukoa iruditzen zitzaiela. Esan zezaketen, ‘Kepa, hau zuk bakarrik irakurtzeko modukoa da’, edo ‘ez dauka mailarik’. Aurkeztu egin nuen Erein argitaletxean, eta orain arte. Ezagutzen ez nuen prozesu batean murgilduta nago, zirimola batean, baina gustura.

Irrati kazetaritza eta idazle jarduna ezberdinak dira, oso…

Bai, kosta zitzaidan idaztea, ez pentsa. Eleberri bat osatzea irratian egiten dugunaren antitesia baita, guztiz ezberdina.

Zergatik?

Irratian toki batera joaten naiz, eta une jakin batean gertatzen dena kontatu, inprobisatu. Hau justu kontrakoa da. Buruan duzuna idatzi, berrikusi, pasarte bat tokiz aldatu, hitz bat moldatu, esaldia hau hobeto beste atal batean…

Kazetarien artean ohikoa izaten da euren lanak errepasatzea, entregatu aurretik. Zure lehen eleberriaren kasuan ere hala izan al da?

Orokorrean buelta asko ematen dizkiozu idatzitakoari, eta uneren batean egon naiz bete antzean. Gero, zaila da liburu bat idatzi duzula ahaztea, lotuta zaude sarri. Getariara etorri, eta herriko kale kantoiko xehetasun bati erreparatzen hastea. Edo Alderdi Eder-en nengoela (Donostia), pertsona bat tamarindo baten azpian ikusi, eta eleberrirako baliagarria izan zitekeela jabetu. Ez dakit idazleek nola egiten duten ikuskatze prozesu hori, idatzi osteko prozesua. Galdetu ere ez dut egin, ez nekielako argitaratuko nuen edo ez. Erein argitaletxekoei aurkeztu nien, eta eurek ere euren aholkuak eman zizkidaten. Jabetu naiz ez naizela gai berrirakurri eta ezer ez aldatzeko. Koma bat izanda ere. Eta askotan egin dut berrirakurketa. Prozesu hori bukatzen ez den prozesua izan da niretzat. Ogibidez idazle direnek beste teknika batzuk izango dituzte, noski. Tarteka pasarte bat 40. orrian jarri, eta hilabete geroago jabetu 60. orrian egokiago geratzen dela, eta antzekoak. Jolas puntu bat izan du, dena berria zelako. Gustura geratu naiz, ea jendeak gustukoa duen.

Noiz hartu zenuen arnasa lasai? Aldaketak, berrirakurketak kito.

Iaz, urte bukaeran entregatu nuen. Inazio Mujika Erein argitaletxekoa aritu da ikuskatzen ondoren, eta aldaketatxo batzuk egin ditugu. Asko lagundu dit.

Euskaraz bizi zara egunerokoan, ondo moldatu zara?

Euskara ulerterraza erabili dudala esango nuke, nire egunerokoa, ez bereziki jasoa. Eskatu ere ez didate egin hala egin nezan. Kazetari soila naiz, idazketa xumea osatu dut.

Eleberria nola hasi eta bukatu, nola garatu garbi zeneukan?

Bai, nola hasi eta bukatu, baita non kokatu ere. Terreno ezagunean kokatu dut, Getarian, eta egun zehatz batean, 2022ko irailaren 6an, Elkanoren lehorreratzearen 500. urteurrenean. Buruan duzu istorioa, baina detaile asko eduki behar dira kontuan: herriko eraikinetako xehetasunak, kale kantoi jakin baten eta elizaren arteko distantzia… Ariketa atsegina izan da, eta jaioterria beste begi batzuekin aztertu dut, mehatxu egile baten bila dabilen polizia baten begietatik. Polita izan da.

Zer deskubritu duzu begi berezi horiekin?

Ba, Getariako kale nagusia ezin hobea dela hilketa bat egiteko (barrez): estua, balkoi pilo bat… Otsoaren kobazulora sartzea bezala da. Azkenean jolasa da, fikzioa, baina polita. Non kokatu gertakizun hau, bestea…

Konta dezakezun arte, zer osagai dauzka tramak?

Getaria lehorreratze festan murgilduta dago, bost egunetan. Dena prestatzen ari dira, eta udaletxean hilketa mehatxu bat jasotzen dute. Hor ikerketa hasten da egilea harrapatzeko, eta atzematen ez badute, lehorreratze egunean hilketa hori galarazteko neurriak hartzeko. Ertzaintzaren ikerketa dago, alde batetik, eta ikertzaile pribatu bat bestetik: Aitor Letamendia, Getariarekin lotura duena, nik asmatuta, beste kasu bat ikertutakoa. Beste osagaia Idoia Urdaneta da, zinegotzia, eta Letamendiaren laguna. Tentsio hori, mehatxu egilea harrapatuko duten, ez, horixe trama.

Getariarrentzat zer suposatzen du Elkanok? Euskal Herrian pertsonaia ezaguna dela uste duzu?

Itsasoari lotutako herria da Getaria, eta halako lorpena egin duen pertsona getariarra izatea… Munduari bira eman zion lehen marinela Getariakoa izan zen. Horrek herriari prestigio moduko bat ematen dio, harrotasuna. Gaztetan guretzat Elkano zen munduari buelta eman zion lehena, besterik gabe. Ondoren mundu bira horren irakurketa kritikoagoa egin da, beharrezkoa zena, bestalde. Alde batetik, egin zutena: nola izan zen bidaia hura, zer baldintzatan, garaia… Itsas abentura ikaragarria. Maparik gabe, hiru urte ontzian sartuta, Ozeano Barea pasatu, han ezin mugitu, jendea hiltzen ontzi barruan, helburua bete eta jakin etxera bueltatzeko portugaldarren eremutik pasatu behar zutela, hori debekatuta bazuten ere… Bestetik, bidaia inperialista izan zela erabat. Hemendik hara joan ziren, nahi zutena hartu, hangoak kristauak bilakatu, konforme ez zeudenak garbitu… Osagai hori ere badu Elkanok, ezin da ezkutatu. Bakoitzak bere irakurketa izango du, baina orain dela bost mendeko kontua da. Egungo ikuspegi etiko edo moraletik epaitu daiteke 500 urte atzera gertatu zen egoera? Egin zituztenak hor daude, baina testuingurua ere aintzat hartu behar da, nire ustez. Horiek kontatu behar dira: itsas abentura latza, lorpen historikoa, baina baita giza eskubideen ikuspegitik urratze horiek ere.

Irailaren 6an lehorreratzearen 500 urte beteko dira. Data garrantzitsua.

500 urte lehorreratu zela, eta 100 urte lehorreratze haren lehen festa egin zela, alegia, lehorreratzea gertatu eta 400 urtera. Lehorreratzea getariarrek getariarrentzat egiten duten festa bat da. Nire iritzia. Gogoratzeko getariar batek egindako gauza historikoa. Kanpoko jende asko etortzen da ikustera, telebistan ere eskaintzen dute, eta dimentsio handia hartzen du, baina muinean herritar askok antzezpenean parte hartzen duten herriko ekintza bat da. Gero Elkano bera pertsona bakoitzarentzat gauza ezberdina izango da. Batzuentzat euskaldun unibertsala, besteentzat espainiar inperioaren ikurra, edo konkistatzaile hiltzaile bat… Esango nuke Getarian figura historiko handi bat bezala ikusten dela Elkano, baina urte batzuk atzera baino irakurketa kritikoagoarekin. Eta hori aberatsa da.

Lotuko al du eleberriak irakurlea?

Hala nahi nuke. Nobela beltzak helburu hori eduki behar du. Istorioa da hori lortu behar duena, eta harrapatzeko beste modu bat Getaria herria bera da, lehorreratze egun bereziaren kontakizuna.

Zer espero duzu eleberriarekin? Helbururen bat jarri diozu zure buruari?

Ez dakit arrakasta zenbat saltzea den, egia esan. Jakina, nahiko nuke saltzea, besteak beste Erein argitaletxeak nirekin egin duen apustuagatik. Irakurleak gustura geratzea nahi nuke, harrapatuta sentitzea tramarekin. Nik gauez irakurtzen dut normalean, oheratu ondoren. Zenbait libururekin, afaltzen hasi aurretik grina berezia izaten dut, gero irakurri egingo dudalako. Irakurleak nik izaten dudan sentsazio bera edukitzea nahi nuke. Eta noski, getariarren gustukoa izatea. Euren, geure, herria eta jaia ondo islatuta ikustea. Baina ez da soilik getariarrentzat nobela bat, edozeinek irakurtzeko modukoa egiten ahalegindu naiz.

Hau idatzi eta gero zer, Kepa?

Eleberri hau orain egin beharrekoa zen, lehorreratzearen 500. urteurrena irailean delako. Etorkizunean zer? Batek daki. Ez dut nekatuta, aspertuta, nazkatuta bukatu, dena haizea hartzera botatzeko moduan. Ondo pasatu dut, gauza berria izan da, eta jendeari gustatuko balitzaio, ba, pozik. Ikusiko dugu. Nobela beltzean ohikoa izaten da pertsonaia sortu eta beste kasu batzuk sortzea, eta horiek sortuta daude. Beste eleberriren bat egin nezake, baina agian ez. Ikusiko dugu.