Eli Pagola Apezetxea
ARRANO ARRANTZALEA

Euskal Herrian desagertuta zegoen espeziea berreskuratu dute Urdaibain

Garai batean gure kostalde eta hezeguneetan ohikoa zen arrano arrantzalea erabat desagertuta zegoen inguru hauetan. Urdaibai Bird Center-ek espezie hori berreskuratzeko plana ipini zuen martxan 2013an eta bere fruituak eman ditu. Edorta Unamuno biologoaren esanetan, «dibulgazioa eta kontzientziazioa» sustatzeko ere balio du.

Arrano arrantzalearen ezaugarri nagusia arrainak harrapatzeko duen gaitasuna da
Arrano arrantzalearen ezaugarri nagusia arrainak harrapatzeko duen gaitasuna da (Karen HOGAN | GETTY IMAGES)

Arrano arrantzalea Euskal Herrian desagertuta zegoen espezie bat da, eta Urdaibai Bird Centerrek martxan jarri zuen espeziea berreskuratzeko plana 2013an, baita lortu ere. Iaz sortu ziren lehen txitak, nahiz eta 20 egunetara hil egin ziren, heriotza naturaltzat jo zuten Urdaibai Bird Centerreko adituek.

Espezien desagerpena ohiko eboluzioaren ondorio izan daiteke, baina azken bi hamarkadetan gizakiaren jardunaren eraginez asko azkartu da desagerpen hori, Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologoaren esanetan, «eta ez da tropikoetako kontu bat, Euskal Herrian ere bai». Arrano arrantzalearen adibidea aitzakiatzat hartuta, espezien birpopulatzeaz hausnarketa egin zuten NAIZ Irratiko “Gelditu makinak” saioan.

«Egia esan, zaila da erantzutea zergatik eta noiz berreskuratu behar ditugun espezieak», onartzen du Edorta Unamunok, kasuistika anitza dela gaineratuz. «Hemen biodibertsitate altxor bat daukagu, itzela, baina altxor horren barruan badaude hainbat espezie galzorian daudenak, eta beste batzuk arrisku leunagoa dutenak, eta beste batzuk gure ingurutik desagertu direnak. Ez mundu mailan, baina bai gure herrian edo eskualdean», zerrendatu du.

«Munduaren historian, beti desagertu eta sortu izan dira espezieak, baina azkeneko urteetan oso modu azkarrean desagertzen ari dira, eta batez ere, gizakiaren eraginagatik gertatzen da hori, gure aktibitatearengatik. Horren aurrean, berreskuratze planak egin behar dira. Baina ikusi behar da ea bideragarria ote den gure ingurura espezie hori bueltatzea, gure inguru horrek jasango ote duen horrelako espezie baten birpopulatzea. Zein da interesa? Ba, biodibertsitate maila osasuntsua izatea gure inguruan, horregatik egiten dira normalean berreskuratze plan hauek», argudiatu du Urdaibai Bird Centerreko adituak.

Ikerketa asko

Hori bai, espezie bat galzorian dagoela esan aurretik pentsa litekeena baino datu gehiago hartu behar dira kontuan: «Espezie bat arrisku egoeran dagoela katalogatzeko ikerketa nahiko zorrotza egin behar da. Espezie bat galzorian dagoela nola jakin? Ba, zantzuak daudelako. Espeziea gero eta gutxiago ikusten delako, ez delako aspaldi ikusi edo bere populazioa nabarmen murriztu delako. Herri, eskualde edo lurralde mailan egin daitezke ikerketa hauek».

Bizkaira etorrita, “liburu gorria” deitzen dioten gida edo katalogoa da erreferentzia nagusia. «Adibidez, Urdaibain badira espezie batzuk desagertu direnak, baina alboko herrietan ez dira desagertu. EAEn liburu gorri bat daukagu, katalogo bat, non mehatxupean dauden espezieak gordetzen ditugun. Behin espeziea liburuan egonda, estatus bat lortzen du berreskurapen plan bat bideratzeko eta aztertzeko ea posible izango ote den bere birpopulatzea. Hegaztien kasuan, esaterako, kontuan hartu behar da nondik datozen, non igarotzen duten udaberria eta negua. Gerta litekeelako gure herrian hegazti baten populazioa asko gutxitzea baina ez guk sortutako arazo batengatik, negua igarotzen duen lekuak izan dezake eragina. Beraz, berreskurapen plan bat egin aurretik ikerketa asko egin behar dira».

Gainera, ikerketa zientifikoak egin ostean, berreskurapen plan bat martxan jartzeko erabakiak beste hainbat arlo ere izan behar ditu kontuan, askotan biodibertsitatearen ikuspegitik haratago doazenak. Edorta Unamunok azaltzen duenez, Urdaibai Bird Center Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea da eta planak proposatu ahal dituen arren, eskumena Aldundiena da, Urdaibaiko kasuan Bizkaikoarena.

Egoera azaltzeko adibide bat jartzen du Unamunok: «Gai korapilatsua da. Euskal Herriko mendietan otsoa edo hartza berreskuratzen baditugu, gizarte mailan beste nolabaiteko arazo batzuk sortuko dira. Berreskuratu nahi den espezie horrek gaur egungo jardueretan eta egungo gure bizimoduan arazoak sortuko ez dituela bermatu behar da. Oso berekoiak gara, eta gure ikuspuntutik, eta ez natura ikuspuntutik, hartzen ditugu birpopulatze erabakiak. Hartzen diren irizpideak gizakiarenak dira, irizpide sozioekonomikoak. Oso gai sensiblea da eta konplikazio asko sortzen ahal ditu, bai gizartean eta bai administrazioan. Pausoz pauso egin beharreko zerbait da».

Ikerketa horiek denak eginda, Urdaibai Bird Centerrek bi berreskuratze plan egin ditu hegaztiekin: zikoina zuria eta arrano arrantzalea. «Konturatzen bazarete, hegazti handiak dira, erraz ikusten direnak eta politak, eta gainera jendearentzat erakargarriak izan daitezke. Normalean, oso zaila izaten da animalia txikiekin horrelako proiektuak aurrera ateratzea, ezagutzen ez dena ez baita babesten. Adibidez, hemen arrisku larrian dagoen espeziea antzandobi arrunta da, baina ia ikusiezina da, jendeak ez baitaki zer den. Baina hegazti handiak ikonikoak dira. Arranoa sinboloa da herri askotan, hegazti maitatuta da eta jarraitua. Eta kasu honetan oso bitxia da harrapakari hau, arrainak jaten dituelako».

Ikusgarritasunaz aparte, badira beste arrazoi batzuk arrano arrantzalea berreskuratzen saiatzeko. «Hemen duela urte asko bazegoen espeziea da. Kantauri isurialde osoan eta barrualdeko hezeguneetan zegoen. Gure inguruko eliza erromaniko batzuetako iruditegian ere ikus daitezke. Historian zehar harrapakariek jazarpen gogorra izan dute eta deuseztatu egin dira pentsatzen zelako gure aktibitatean kalteak eragiten zituztela».

«Leku bat bihotzean»

Baina hegazti ederrak eta ezagunak izateak ere asko laguntzen du plan hauen beste helburu nagusietako batean: kontzientziazioan. «Beste helburu bat da kontzientzia sortzea. Gaur egun gure gizartean ez dena ezagutzen ez da babesten. Eta arranoaren kasuan oso tresna ona da dibulgaziorako, dibertsitatea lantzeko. Tresna ona da hezkuntzarako, eskolan umeekin gauzak lantzeko...», onartu du biologoak.

Horren adibide da 2021ean arranoak ugaltzeko egin zuten saiakera kameraz grabatu eta zabaltzeko ideia. «Gure asmoa izan da prozesu osoa jendeari erakustea. Mundu hori etxera eramatea, eta zaintza kamera bat jarri genuen, habiatik hurbil. Bikotea 2020an sortu zen, Euskal Herriko arrano arrantzale har bat, landetako eme batekin. Habiako bizitza kuxkuxeatzen genuen kameraren bidez, ikusi dugu nola kopulatzen zuten, inkubatu, nola egiten zioten aurre eguraldi txarrari... Kamera horiekin, etxeetan zeuden milaka pertsona horiengana iritsi gara, eta orain, arrano arrantzaleari leku bat egin diote beraien bihotzetan».

Izan ere, horrelako plan bat aurrera eramatea epe luzeko proiektua da, denbora behar duena eta gorabehera asko izaten dituena bidean. «Gure proiektua 2013an hasi genuen. Eskoziako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatu zen, 5 urtean zehar, urtero, 12 arrano arrantzale txita emateko donazio moduan. Eskoziatik Urdaibaira iritsi ziren 3-4 asteko arrano arrantzaleak, eta gure paduran egindako eraikuntzatxoan jarri genituen. Ezkutuan elikatu eta mantentzen genituen. Garai horretan arranoak jabetzen dira nongoak diren eta guk engainatu egin genituen. Eskoziako oroitzapena desagertu egin zitzaien, eta guztiz euskaldundu egin ziren. Askatu egin genituen eta hasierako hilabeteetan guk janaria ematen genien. Horrela, urtero-urtero 12 arrano arrantzale txita», gogoratu du Edorta Unamunok.

Baina asko eta asko bidean geratzen dira. «Migratzaileak direnez, irailean Afrikara doaz. Jaio eta bigarren urtean etortzen dira bueltan, baina kontuan hartu behar da migrazioan %80 hil egiten direla bidaian. Horregatik askatu ziren hainbeste, eta dozena bat baino gehiago etorri dira bueltan. Orain Kantauri isurialde osoan ibiltzen da arrano arrantzalea: Iparraldean, Urdaibain, Villaviciosan, Santanderreko badian... oso ongi moldatzen dira gure habitatera».

Azken batean, Edorta Unamunok nabarmentzen duen moduan, «biodibertsitatea guretzako derrigorrezkoa da, ongizatea dakar eta gure habitat kalitatearen adierazlea da. Lortu behar da gure eragina ahalik eta txikiena izatea naturan, eta horretarako, kontzientziazioa eta dibulgazioa oso garrantzitsuak dira».