Juantxo EGAÑA

Felipe Manterola, garai baten erretratugilea

FELIPE MANTEROLA. LABAYRU FUNDAZIOAREN ARGAZKI ARTXIBOA
FELIPE MANTEROLA. LABAYRU FUNDAZIOAREN ARGAZKI ARTXIBOA

Irudi honen egilea Felipe Manterola (1885/1977) da, jatorriz Zeanurikoa zen argazkilaria. XX. mendearen lehen herenean bere herriko bizitza soziala agertzen zuten argazkiak ateratzen aritu zen, ohiturak bizirik zirauten nekazaritza inguruan kokatutako herrian, hain justu. Manterolak oso modu xumean erretratatzen zituen bertako bizilagunak; inguruko jendea, familiak, haurrak jolasean –goian ageri den irudian bezala–, jaiak, baserriko lana eta txangoak, gehienak kanpoan hartutako irudiak. Neurri batean Manterola bisionario bat izan zen eta bere argazkiekin garai haien ikuspegi bat utzi zigun ondorengo belaunaldioi. Bere argazki-lana Gerra Zibilaren hasieran amaitu zen, 1937an atxilotu egin baitzuten. Larrinagako kartzeletatik, “Upo Mendi” espetxe-ontzitik, Burgosetik eta Astorgako kartzelatik igaro zen, 1940. urtean askatu zuten arte.