Gorka Zozaia
Kimikaria

Ilargiak kulunkatzen duenaz (II)

Hasi nintzen, joan den hilean, Ilargiak gure zeruan egiten duen kulunka argitzen. Bereizi nituen ilberri/ilbete zikloa (normalki ‘Ilargiaren ziklo’ gisa ulertzen dena, gazteleraz creciente/decreciente deritzona) eta ilgora/ilbehera zikloa, hitzek iradokitzen dutenez, gure sateliteak zeruan gora eta behera egiten duen higidura. Irudiko egutegian ikusten ahal da soilik solstizioen inguruan datozela bat bi faseok. Eta bereizi nituen gaurkoan asmoa dudalako Ilargiak Lurrean kulunkatzen duenaz hitz bi egitea; bizidunongan duen eraginaz, zehatzak izateko. Ziur hamaika istorio zirraragarri entzunda gaudela; ilbeteak loa galarazi, eromena sustatu edota haurren jaiotzak izugarri ugaritzen dituela, adibidez. Ikusi dudanagatik, zientziak halako baieztapen gehienak –bai, denak ez antza: 2013an frogatu ei zuten ilbetearen inguruan loa kaltetzen dela– alboratzen ditu, arrazoi anitzengatik, korrelazioak izaten direnetan ere esanguratsuak ez direlako.

Hainbat bidetatik aritu naiz ikerketa bila Interneten eta deigarria egin zait beti egiten zaiola erreferentzia ilberri/ilbete zikloari, eta ez ilgora/ilbeherari. Apenas topatu dudan informaziorik azken honen balizko eraginaz, eta beti nekazaritza munduarekin lotuta. Ez nau harritu, Ilargiaren ziklo honen berri Jakoba Errekondoren bidez izan bainuen nik ere, eta ez zait harritzekoa iruditzen ere milurtekoetan nekazaritzaren inguruan garaturiko jakintza bidean galtzen joan izana, batez ere azken mendeetan Lurretik horrenbeste deslotu garenetik. Atera kontuak zein informazio gutxi topatu dudan, irudiko egutegiaren 2023ko zatia osatzeko Stellarium astronomia programa erabili behar izan dudala! Ez da, beraz, 2022koa bezain zehatza izango, aurtengo egutegi biodinamikoa izan baitut erreferentzia gisa. Egutegi honek ilgora/ilbeherak jasotzeaz gain, gainerako planeten mugimenduak ere hartzen ditu kontuan eta, guztiarekin, lurreko lanak gidatzeko egutegi konplexu bat proposatzen du. Irudira ekarri dudanak ilgora/ilbeherak soilik jasotzen ditu, eragile nagusia Ilargia delakoan, berau erreferentzia hartuta esperimenta dezan irakurle baratzezaleak.

Izan ere, egutegi biodinamikoaren oinarrian esperimentazioa baitago. Bere sortzaile Maria Thun-ek horixe egin zuen XX. mendearen erdian, baratzean esperimentatu. Joan den apirilaren 24an 100 urte beteko lituzkeen nekazari alemana baldintza berberetan baina egun desberdinetan errefautxoak landatuta emaitza nabarmen desberdinak lortu zituenean hasi zen astronomia ikasten, eta urteak emango zituen gero lurraren emaitzak astroen posizioarekin alderatzen. Esan bezala, urria da topatu dudan informazioa, baina oso deigarria egin zait bere jarraitzaileek zein zintzotasunarekin aurkezten duten haren lana, ez baitute ezkutatzen Thunen emaitzak baieztatzea lortu ez duten ikerketa lan andana. Izan ere, Errekondok berak azpimarratzen duenez, Ilargiarena bultzadatxo bat besterik ez baita landareen bizitzan, sotilegia dauden ikerketa urriekin ezer baieztatzeko. Balio beza artikulu honek esperimentazioa sustatu, eta bide batez, Lurrari lotzeko berriz! •