Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Badoan ikasturteari begira

Garaiarekin batera, iritsi da balorazioa eta ebaluazioa egiteko tenorea Hezkuntza eremura. Garaian garaikoa. Berriz ere aurten, nagusiki, neska-mutilak ikasi duten ala ez ebaluatuko dugu. Era guztietako ebaluazioak jarriko dira martxan: kalifikatibo klasikoak zenbaki bati lotuak hezigune batzuetan; eta, bestetan, kalifikatibo eguneratuak –disimulatuak, nahi bada– esaldi batzuei lotuak, gainditu duten ala ez epaia emateko. Salbuespen dira, oraindik ere, ebaluazio hezitzailearen aldeko apustua egin dutenak, baina egon badaude, eta oxala urrats zailak ematen ari diren horiek bidean inspirazio izatea denentzat.

Ikasleak ebaluatzeaz gain, prozesuak, eskola antolaketa, eskuhartzeak, espazioak, denborak, hezitzaileak, curriculumak, metodologiak, harremanak, besteak beste, ebaluatu beharko genituzke. Ebaluazioaren helburua, ikasle bakoitzaren arrakasta, hezitzaileen praktika gogoetatsua, heziguneen eskaintzaren kalitatea, eta, azken batean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren eta Hezkuntzaren hobekuntza izatea nahi badugu, behintzat. Eta horrekin guztiarekin, etenik gabe, geure buruak ebaluatu beharko genituzke, noski.

Atzera begiratu eta 2021-2022 ikasturtea aztertuz ikusiko genuke, marra lodiei segika, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak hezkuntzan presentzia izateko borroka urtea izan dela; Nafarroa Garaian 0-3 zikloaren aldeko eta PAI ereduaren kontrako borroka urtea; eta Araban, Bizkain eta Gipuzkoan, berriz, Hezkuntza Itunaren urtea izan dela.

Bukatzear dugun ikasturtea, seguruenik, pandemia bukatu zela esan ziguten eta trantsizioa hasi zen urte gisa gogoratuko dugu. Baina nola kokatzen ari gara euskaldun bezala (herri zapaldu eta hizkuntza eta kultura gutxitua duen herri gisa, ondorioz) trantsizio horretan?

Nire inguruan galdera bat luzatu dut: Nahikoa egin ote dugu, zer faltatu izan ote zaigu, euskal herri guztietarako izango den Euskal Eskola Herritarraren alde? Lagun onak izaki, hainbat erantzun jaso ditut Hezkuntza eremuan diharduten eta ez dutenenak, eta haiek aipatutakoak dira honakoak: sinestea, iraultzarako indarra, talde kohesioa, gardentasuna, zintzotasuna, zehaztasuna, kexa, kritika, protesta, irudimena. Era berean, gauzak aldatzeko grina, gogoa, indarra galdu dugula aipatu didate, otzanak bihurtu garela, eta, bide batez, autokritika falta dela, norbanakoena eta eragileena. Badugu zertan hausnartua!

Badoan ikasturtean ere izan dira Herri eraikuntza bidean Hezkuntzak egin beharko lukeen ekarpenaz proposamen interesgarriak. Haietako bat, Hezkuntza Plazara taldeak egin duen eta hamaika norbanakok babestu duen Oinarrizko Hezkuntza Akordioa berritzeko deia. Akordio hori, 2006an jendarteratu zen, Nazio Garapen Biltzarrak bildu zituen hezkuntza arloko 78 lagun aski ezagun eta eragilek herritarren Hezkuntza eskubideetan eta Euskal Herria hezkuntzatik ere eraikitzeko eskubidean oinarrituta. Zerikusirik ba ote du lagunek esandakoak zenbait lekutatik ekimen horrek jasotako erantzun epelarekin? •