Amaia Nausia Pimoulier

Emakumeek ez dute inoiz ezer deskubritzen

Emakumeek ez dute inoiz ezer deskubritzen; Jainkoak gizonen adimen gorenentzat gordetako talentu sortzailea falta zaie. Emakume ororen bizitzaren helburua, berak simulatu (edo disimulatu) nahi duen arren, nork menderatuko duen gizona aurkitzeko desira besterik ez da». Pilar Primo de Riverak 1947. urtean Falangearen Seccion Femeninak Madrilen antolatutako hitzaldi batean esandakoak dira. «Gizonezkook existitzen den guztia egin eta asmatu dugu (…) Nire arbasoek mundua konkistatu zuten. Zer egin zuten emakumeek haurdun gelditzeaz gain? Deus ez», Jose Eduardo (@JoseEdu42215929) Twitterren, 2022ko ekainaren 12an.

Gezurra dirudien arren, 75 urte pasatu dira Pilar Primo de Riveraren eta Jose Eduardoren hitzen artean. Antza denez, batzuek jarraitzen dute pentsatzen emakumeok, erditzeaz gain, ez dugula ekarpen esanguratsurik egin gizartearen historian. Alde batera utzita ugalketarik gabe Jose Eduardo bezalako gizonak ez zirela existituko, nahiko zabalduta dagoen ideia da hau, ezta? Horrelako usteez ari zen Gerda Lerner historiagilea honako hau zioenean: «Historian emakumeen presentzia gutxiestea beste genero indarkeria mota bat da». Arazoa ez da zure arbasoek mundua konkistatzea, Jose Eduardo, arazoa da historiografia androzentrikoak joera izan duela esateko erregeen bizitzak, erresumen nondik norakoak, konkistak eta gerrak direla historiatu daitezkeen gauza bakarrak. Horregatik pentsatzen du Jose Eduardok emakumeok egin dugun ekarpen bakarra erditzea izan dela, hain zuzen ere, emakumeak protagonista izan garen esparruak itzaletan mantendu direlako. Eta esparru horiek interes historiografikotik kanpo gelditu badira, gu horien protagonistak izan garelako izan da. Horrek ez du esan nahi alboetan gelditu den historia hori guztia historiagarria ez denik edo gizateriaren historian garrantzirik ez duenik. Horretaz gain, beste egun baterako utzi beharko dugu azaltzea zergatik mendeetan zehar etxeko esferara eta zaintzaren mundura baztertuak izan garen emakumeak.

Dena dela, izugarri gustatzen zait iritzi hau konpartitzen duten gizon gehienek enperadore, konkistatzaile eta gerlari handien ondorengoak direla uste izatea, nekazarienak, proletarioenak edo esklaboenak izan litezkeenean. Barregarria suertatzen zait, benetan, errenkarnazioan sinesten duten eta beste bizitza batzuetan Napoleon, Kleopatra edo Henrike VIII.a izan direla esaten duten pertsonak bezala, inoiz ez XIV. mendeko laborari bat, Izurrite Beltza jota hil zena.

Txundituta geratzen naiz Jose Eduardo bezalako gizon asko daudelako, beren arbasoak gizonezkoak bakarrik izan direla uste dutenak. Antza denez, euren maskulinotasuna indartzeko beharrak ugalketa prozesuari buruzko oinarrizko nozioak ezabatzen omen dizkie. Ez al dakite emakume batek munduratu zituela? Ez al dakite nola funtzionatzen duen ugalketak? •