Alessandro Ruta
BOZKARIK EZ ITALIAN

Hondartza eta futbola botoa ematea baino interesgarriagoak dira Italian

Italian ere hauteskundeak egon dira aurreko asteburuan: parte-hartzeak beherakada nabarmena izan zuen eta Palermoko herritarrek bertako taldearen partida ikustea nahiago izan zuten. Veronan, berriz, futbolari ohi bat, Damiano Tommasi, alkatea izateko hautagai nagusia izango da.

Italian ere, Estatu frantsesean bezala, botoa ematea gauza astuna dela irudikatu zen aurreko igandean. Oso txarto saldu den produktua, itxuraz. Tenperatura altuek hondartzara edo oporretara joateko gonbita luzatzen zutela egia da. “Election day” deitu zutena “Abstention day” izan zen azkenik. Erreferendumetarako edo 971 alkateak berritzeko (tartean 26 hiriburutan, 10 milioi biztanle) botoak oporretara joan ziren. Tartean, gainera, pasarte lotsagarri asko.

Ordezkariek zer egin ez dakitenean, herritarrei eskatu ohi diete laguntza. Erreferenduma da hori, Italiako bizitza maiz aldatu izan duen tresna. Lehenik, monarkia ala errepublika erabakitzeko, 1946ko ekainaren 2an. Geroztik, dibortzioa, abortua, Konstituzioaren aldaketaren bat, ur hornidura publikoa edo hauteskunde legea ezbaian izan dira erreferendum ezberdinetan.

Kanpainek hiru bide desberdin bultza ditzakete: baiezkoa, ezezkoa edo botorik ez ematearena, erreferendumak %51eko parte-hartzea behar duelako balekoa izateko.

Aurtengo gaia justizia izan da. Azken hiruzpalau hamarkadotan Italiako gizartean oso polemikoa izan den kontua, alegia. Gogoratu behar da justiziarekin lotutako kasuengatik gainbehera hasi dutela zenbait gobernuk: esate baterako, Silvio Berlusconiren lehen kabinetea, 1994an, edo Romano Prodirena, hamalau urte geroago.

Epaiketak luzatu

Jakina da epaiketak askotan gehiegi luzatzen direla, eta hori bezain ezaguna da epaile askok politikaren bidea hartu dutela, adibidez Antonio di Pietrok, «Tangentopoli eskandaluaren» protagonistak.

Lega Nortek bultzatu ditu, batez ere, aurtengo erreferendumak, «justizia erreformatzea» xede. Egia esan, Matteo Salvinik Silvio Berlusconiren babesa izan du, epaileekin hainbat arazo izan dituenarena, beraz.

Bost erreferendum izan dira, eta ez ziren batere argiak; datu adierazgarri gisa, horietako baten galderak 7.314 karaktere zituen. Azkenean, herritarren %20k baino ez dute parte hartu bozketan.

Erreferendum horietako bat, adibidez, hirugarrena hain zuzen ere, erabat ulertezina zen: beti bezala, boto paperean galdera bat zetorren, baina kasu honetan, esan bezala, 7.314 karakterekoa. Nork izango zuen irakurtzeko eta ulertzen saiatzeko gogoa? Ia inork ez, inertziaz erabakiko zen, bai ala ez.

Gainera, telebistan eta bestelako hedabideetan erreferendumei tarte gutxi eskaini zaie. Eguneroko batez bestekoa zenbatu dute: bi minutu baino ez. RAI telebista kate publikoko aurkezle batek zera iragarri zuen, bera hondartzara joango zela, ez hauteslekura. Eguna iritsita, “lau katu” hurbildu ziren boza ematera, %20. Erreferenduma ez da balekoa izan, jakina, eta inoizko parte-hartze txikiena izan du.

Bitartean, Matteo Salvinik beste arazo bat zuen, Errusiara baimenik gabe joan ondoren; Lega Norteren barruan denak ez daude alderdiaren liderrarekin pozik.

Justiziari dagokionez, antzararen jokoan bezala, partida abiapuntura itzuli da: Legebiltzarrera, alegia.

Forza Palermo

Momentu historiko bat gertatu da Palermon: eta ez, ez da alkate berriaren izendapenagatik izan. Igande gauean Palermo futbol taldeak bigarren mailara igotzeko partida zuen, Paduaren aurka, eta hiri osoa prest zegoen Renzo Barbera estadiora joateko. Harmailetan 35.000 pertsona zeuden, rosaneroa animatzeko.

Txantxa dirudi, baina halaxe gertatu da: Palermon Gobernuari hauteskunde eguna aldatzeko eskatu zioten, futbol partida egun berean jokatzen zelako. Hartara, arduradunek Gobernuari bozketa eguna aldatzeko eskatu zioten, neurketa askoz garrantzitsuagoa zela-eta. Erromatik erantzuna, jakina, ezezkoa izan zen, baina halakoxea izan zen egoera Siziliako hiriburuan.

Boto aztertzaileak falta ziren, batzuk hondartzara joan zirelako eta beste batzuk estadiora; ondorioz, hiriko leku askotan ezinezkoa izan zen botoa ematea arratsaldera arte.

Azkenik Palermok bere neurketa 1-0 irabazi zuen eta bigarren mailara igo zen. Tifosiek eta tifosi ez ziren beste herritar askok gau osoa igaro zuten kalean, baina oso boto gutxi eman zuten: bakarrik %41,89k parte hartu zuten.

Gauzak horrela, Roberto Lagalla mediku eskuindarra izango da Palermoko alkatea. Hauteskunde aurretik albiste bat argitaratu zen, bere emaztea mafiako kide garrantzitsu baten alaba zela jakinaraziz. «Nik ez dakit ezer», aipatu zuen Lagallak, Marcello Dell'Utri Forza Italia alderdiaren sortzailearen laguna denak.

Futbolari ezkertiarra

Palermorekin batera, Genovan edo L'Aquilan ere eskuinak irabazi du. Aldiz, Paduan eta batez ere Veronan oso emaitza harrigarria egon zen: Julieta eta Romeoren herrian normalean Lega Norte edo ultraeskuindarrak gailentzen dira, baina kasu honetan Alderdi Demokratikoak ustekabean izen berezi bat atera zuen plazara: Damiano Tommasi futbolari ohia.

Veronakoa da Tommasi, eta Hellas Verona taldean aritu zen Erromara joan aurretik. Bizarduna, ile kizkurduna, ultrakatolikoa eta sei seme-alaba dauzkana. Damianok Espainiako Ligan ere jokatu zuen, Levante taldean, 2006tik 2008ra. Oso erdilari borrokalaria zen, eta berdeguneak utzi ondoren futbolarien ordezkari bilakatu da.

Tommasik alkate izateko bigarren txandan lehiatu beharko du, bi aste barru: momentuz alde eskuindarraren zatiketa baliatzen jakin izan du, baina Lega Norte+Forza Italia+Fratelli d'Italia koalizioa askoz indartsuagoa da ezkerreko alternatiba baino.

Berriro ere, barne borroka lidergoaren inguruan libratzen da: Silvio Berlusconi, Matteo Salvini eta Giorgia Meloniren artean, hain zuzen ere. Azken hau, bide batez, astelehenean Andaluzian egon zen, Voxeko Macarena Olona hautagaiaren alde egiten.

Gauzak horrela, hauteskunde orokorrak bihar izango balira, eta ez datorren neguan, legebiltzar berrian koalizio eskuindarrak erraz irabaziko luke.

Alderdi Demokratikoa ez dabil batere eroso: Bost Izar Mugimenduarekiko «ezkontzak» etekin gutxi ekarri du, batez ere Beppe Grilloren alderdiarentzat.

Orain dela hamar urte, esaterako, Parman Bost Izarrek alkatetzarako hauteskundeak irabazi zituen, Federico Pizzarottirekin (ustelkeriaren aurka ikur bihurtu zen teknikari informatikoa). Gaur egun poliki-poliki desagertzen ari da, bai Emiliako hirian eta bai beste hainbat lekutan.

Agian hemendik dator parte-hartzearen beherakada nabarmenaren gako nagusia.