Juantxo EGAÑA
BEHATXULOTIK

Oteiza eta Chillida, azken horren omenaldian

1965eko abenduaren 15ean, Donostiako Bergara kalean Maria Isabel eta Maria Teresa Ramos ahizpek zuzenduriko Ramos liburudendako upategian kokatutako "Espelunca" galeria eta literatur txokoak Eduardo Chillida eskultorea omentzeko ekitaldia egin zuen. Prentsak hurrengo egunean eman zuen albistearen berri, eta Nestor Basterretxea eta Jorge Oteiza eskultoreak eta Jose Antonio Sistiaga eta Rafa Ruiz Balerdi margolariak (azken hori Madrildik etorri zen espresuki omenaldira) "lagunarteko" omenaldian izan zirela jakinarazi zuen. Ramon Zulaika eta Jose Artetxe idazleak eta Nicanor Zabaleta musikaria ere izan ziren bertan. Ekitaldiaren amaieran Jorge Oteizak Eduardo Chillidari zuzendutako hitz oso sentituak eskaini zituen. Esan zuenez, Euskal Herri osoak eskertzen zion bere lan artistikoaren mundu mailako oihartzuna. Paco Mariren argazkian Oteiza eta Chillida ageri dira hizketan ekitaldiaren une batean.