Gaizka Izagirre Brosa
PANTAILA TXIKIAN

Telesail britainiarrak: 22ko uzta

«Black Mirror», «Peaky Blinders», «Sherlock», «Fleabag», «Downton Abbey», «Line of Duty», «Utopia», «The Crown», «Happy Valley», «Broadchurch»… Azken urteotan Britainia Handitik iritsi zaizkigun telesail bikain guztiak zerrendatu beharko banitu egunkari osoa beharko nuke. Hauen osagai ohikoenak: denboraldi laburrak, intentsitate handia, tarteka hain berezkoa duten umore berezi hori, harrapatzen duen istorioa eta ekoizpen balio ikusgarriak izaten dira. Aurtengo urtarrilaz geroztik, bertatik datorren uzta apurka jasotzen joan naiz, belar txar guztia garbitu dut eta soro zabal horretan sortutako elikagai gustagarrienak jaso ditut zuretzat. Hementxe, Britainia Handiko 22ko uztaren emaitza.

In My Skin

FILMIN

Kayleigh Llewellyn-ek sortutako komedia dramatiko beltza da, familiako bizitza disfuntzionala isilpean gorde nahi duen nerabe baten bizitza gogorra azaltzen duena. Bethan da protagonista, bere bizitza familiarra lagunei zein irakasleei ezkutatzen dien neska galesa. Guztiei gauza bera esaten die; aita funtzionarioa dela eta amak giza baliabideen departamentuko enpresa batean lan egiten duela. Baina Bethanen errealitatea oso bestelakoa da, familia egoera jasanezina baita oso. Telesail gazi-gozoa da, coming-of-age generoaz baliatuz komedia eta dramaren artean mugitzen baita une oro, eta ikusleari familia egoera guztiz lazgarria helaraztea lortzen du. Gidoi mailan bikaina iruditu zait, eta ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez ere nabarmentzen da; une jakin batzuetan laugarren horma hausten du protagonistak, eta bere pentsamenduen off ahotsarekin batera oso ondo erabiltzen den baliabidea da, telesailari ñabardurak eta sakontasuna ematen dizkiona.

This Is Going to Hurt

MOVISTAR

Odola, mina eta malkoak. Iruzkin hau hasteko aukeratu ditudan hitzak kontuan izanda, telesail beliko bati buruz ari naizela dirudien arren, ospitale publiko bateko obstetrizia eta ginekologia sailean mediku gisa lan egiten duen gure protagonistaren bizipenei buruz ari naiz. Hain estresagarria da telesailak transmititzen duen egunerokoa, ezen umore oso beltza duen komedia izateaz harago, thriller frenetiko bat dirudien.

Telesail honen istorioa Adam Kay gidoilariak lehen pertsonan bizi izan zituen esperientziak bezain erreala da. Brightonen jaiotako gidoilari honek telesailaren izen bereko liburuan idatzi baitzituen, umorez, ospitale batean lanean aritu zeneko bizipen guztiak. BBCren ekoizpena izatea kalitate berme bat dela argi dago, baina are gehiago aktore protagonista Ben Whishaw denean. Adam gorpuzten du, bere bizitza infernu iraunkorra dirudien mediku egoiliarra. Ospitale bateko erditze eta ginekologia hegalean egiten du lan, eta burdinazko eskuarekin gobernatzen du zuzendari oso zorrotz batek. Protagonistaren une emozional bortitzenetan, laugarren hormaren haustura batekin tartekatzen da, alegia, pertsonaiak zuzenean ikusleari hitz egiten dio – “House of Cards”, “Fleabag” eta beste hainbatetan ikusi dugun bezala–; modu honetan sortzen den konplizitatea, istorioaren euskarrietako bat bilakatzen delarik.

Ahaztu “House”, “Greys Anatomy” eta tankerako mediku telesail konbentzionalak. Oso gutxitan ikusi eta bizitako sekuentzia estresagarriak, gogorrak, dramatikoak eta, noski, baita zoriontsuak ere, pantailaratu baitituzte Lucy Forbes eta Tom Kingsley sortzaileek, guztia gainera, umore (oso) beltzez bustia. Egoera horiei ezinezko ordutegiak dituzten lanaldi amaigabeak gehitzen badizkiegu, lo faltaren edo nekearen erruz harturiko erabaki txarrak, kutsu surrealistaz beteriko uneak biziaraziko dizkigute. Lan mota honetan gertatzen dena kontatzeaz gain, arrazakeria, lan prekaritatea eta gizarte britainiarreko gai polemiko gehiago ere salatzen ditu; erditzea normaltasunez garatzen ez denean sortzen diren albo kalteak, adibidez.

Anne

FILMIN

Lau atalez osaturiko minisail gogorra eta dramatikoa, oso. Benetako gertaera batean oinarritua, Liverpoolen girotzen da, 1989. urtean, eta Hillsborougheko tragedia bezala ezagutzen den gertaera azaltzen du. Urte hartako maiatzaren 15ean futbolaren historian egon den hondamendi handienetakoa jazo zen. Ingalaterrako Kopako finalerdietako partida Nottingham Forest eta Liverpoolen artean jokatzen ari zen bitartean, jende olde baten ondorioz, Hillsborough- eko zelaian 96 pertsona hesiaren aurka zapalduta hil ziren. Telesailak gertaera hori helduleku gisa erabiltzen duen arren, izenburuari erreferentzia egiten dion Anne Williams-en –bertan hil zen gazteetako baten ama– pertsonan zentratzen da. Ama gorpuztuz, Maxine Peake-ren antzezpen lana ikusgarria iruditu zait, sufrimendu horrek guztiak pantaila zeharkatzea lortzen baitu gure bihotza birrintzeraino. Egia ezagutzeko eta justizia egiteko borroka nekaezin horren testigu bilakatuko zara lehen segundotik.

Help

MOVISTAR

Tranpa apur bat egin dudala aitortuko dizut, honakoa ez baita telesail formatua duen ekoizpena. Ingalaterrako Channel 4 katean eman zuten arren, telebistarako sorturiko filma da, pieza bakarrekoa. Baina hain latza eta ona iruditzen zaidanez, zuen baimenarekin, zerrendan sartuko dut. Gainera, covid-19aren garaian sortu diren ikus-entzunezkoen artean onenetarikoa da, zalantza izpirik gabe.

Badirudi Sarahk bere bokazioa aurkitu duela Liverpooleko zahar etxe batean lanean hasi delako. Bertan, talentu berezia du egoiliarrekin konektatzeko. Baina, ezustean, 2020ko martxoan, koronabirusaren pandemia iristen da eta guztia aldatuko du betiko. Bai gaiarengatik, eta bai bi protagonista nagusien antzezlan ikaragarriarengatik –Jodie Comer eta Stephen Graham–, film honek emozionalki guztiz birrinduta utzi nau. Gogorra da oso, gaia zein den ikusita ezin bestela izan, baina ikustea beharrezkoa den horietakoa iruditzen zait. Pandemiaren erruz –eta bereziki politikari eta arduradunen kudeaketa negargarri eta salagarriaren erruz–, lehen pertsonan sentitu eta sufrituko baituzu zahar etxe eta era honetako zentroetan bizi izan zuten eta bizitzen ari diren guztia. Kasu honetan, pandemiaren lehenengo olatuaren barnean kokatzen gaitu, desinformazioaren eta nahitaezko konfinamenduaren unean, lanak gainezka egiten dion erizain baten begietatik. Filmak panfletotik ihes egiten du hasieratik, eta istorioa den bezala deskribatzen digu; zentro horietako pertsonei gutxieneko arreta eskaintzeko baliabide faltak gainezka egiten dion langile horren ikuspuntutik. Bazterrean xehetasunik utzi gabe, kamera eskuan, ikusleok protagonistaren ondoan kokatzen gaituzte hasieratik, Jodie Comer izugarri baten alboan, eta hortik aurrera...

Heartstopper

NETFLIX

Uste dut ikus-entzunezko hau txalotu beharrekoa dela hain modu irekian, baikorrean eta normalizatuan bi mutil neraberen maitasun istorioa jorratzen duelako. Telesailaren asmoak argi eta garbi geratzen dira lehen ataletik, bi neraberen arteko harremana aztertzen duen kontakizun erromantikoa aurkituko baituzu hemen. Naturaltasunez azaltzen du nerabezaro bete-betean dauden bi mutilen arteko maitemintze prozesua eta prozesu horretan sor daitezkeen gorabehera ia guztiak azaltzen dira; tximeletak sabelean, urduritasunak, ilusioa, etsipena, zerbait berria sentitzearen ziurgabetasuna, arbuiatua izateko beldurra... 30 minutuko 8 kapituluetan, telesailak badaki maitasunaren eta adiskidetasunaren etapa guztiak jorratzen, eta erritmo ezin hobean eramaten ditu, gainera, oso orekatua eta aproposa dena protagonistekin egingo dugun bidaia hori sinesgarria izan dadin. Pertsonaia nagusi guztiak ezin hobeto eraikita daude eta hori da telesail honen euskarririk sendoenetako bat. Besaulkira itsatsita mantentzeko ahalmen nahikoa duten atalak diren arren, benetako indarra aktoreen zein pertsonaien aukeraketan datza. Aktore guztiek antzezten dituzten pertsonaien funtsa eta esentzia dute, guztiz sinesgarriak dira. Deigarria egin zaidan beste euskarria jariatzen duen tonu baikor eta argitsua da, pertsonaien tragediak ez baitira agerian geratzen eta horiek ez dira beren nortasunak edo gatazkak garatzeko ezinbestekoak, “Euphoria” telesailean argi eta garbi gertatzen den bezala, adibidez. Nerabeen esperientziak bizitzen ari diren nerabeak besterik ez dira. Egia da hainbat eszenatan bullying-a ageri dela, edo LGTBIQ+ kolektibo orokorraren aurkako irainak, baina ez da traman benetako protagonismoa edo indarra duen zerbait. Telesail osoa, eta muinean dauden ia azpitrama guztiak, harreman osasuntsuen eta balioen inguruan eraikia dago, eta errealitate bat izan beharko lukeena irudikatzen du: kolektibo horretako pertsonak pertsonak baino ez direla. Pertsonalki telesail ilunagoak gustuko ditut, barne gatazka zailak eta korapilatsuak dituzten pertsonaiez osaturikoak, alegia –aipatu dudan “Euphoria”, esaterako, ikaragarri gustuko dut–, baina zenbat eskertzen den noizean behin argitasun baikor baten printzak leihotik sartzea eta haize freskoa arnastea.

The responder

MOVISTAR

«Martin Freeman, minisail ingelesa eta drama poliziakoa». Hori irakurtzea nahikoa izan dut proposamen honen erraietan bi aldiz pentsatu gabe murgiltzeko. Telesaila Tony Schumacher polizia ohi eta idazlearen benetako esperientzietan oinarrituta dago, eta tramaren ekintza nagusia protagonistaren astebeteko gaueko txandetan zentratzen da, gero eta tentsio handiagoz bizi duena. Horrek bizitza aldatuko dio, bai berari eta bai lankide berriari. Barrutik birrinduta egon arren legearen agente gisa duen erantzukizuna azkeneraino bete behar duen gizon baten bidaia iluna erakusten duen gidoi sinple baina sendoa osatu du Schumacherrek, tartean, morala, maitasuna edo galera bezalako gai unibertsalak jorratzen dituen bitartean. Osasun mentala funtsezkoa da pertsonaiaren garapenean, eta baita telesailean ere, noski. Gainerako pertsonaia guztiek ezagutzen dute protagonista sufritzen ari den oinazea, eta komisariako kideek osasun mentalari buruzko aurreiritzi klasikoak proiektatzen dituzte une oro. Batzuek adeitasunez tratatzen dute; beste batzuek, aldiz, mesfidantzaz. Ez da telesail biribila inondik inora ere, hasiera batean mahaigaineratzen diren gai sakon horiek apur bat azaletik jorratzen dituelako, baina eraginkorra da oso, entretenigarria, eta osasun mentalari eta moraltasunari buruzko hausnarketa esanguratsu eta urragarria.

Showtrial

MOVISTAR

Ikasle bati leporatzen diote gertatu berri den hilketa bat. Kasuak iritzi publikoa astintzen du. Ia guztia aurka duen bere abokatua neskaren errugabetasuna defendatzeko borrokatuko da. Akusaturiko gaztea, oso harroputza eta nahiko jasanezina izateaz gain, eragin handiko enpresaburu baten alaba da. Nortasun leherkor horrek pisu handia izango du istorioan.

Behin istorioa zein den argituta minisail honetan zer topatuko duzun labur azalduko dizut: Celine Buckens-en antzezpen lan bikaina buru dela, katigatzen zaituen istorio oso entretenigarri eta bizia. Kito, besterik ez. Ez dela nahikoa telesail bat nabarmentzeko? Tira, zergatik ez? Batzuek hori da bilatzen dutena eta honek oso ondo betetzen du funtzio hori. Eszenaratzeari dagokionez, aitortuko dizut ez dela beste munduko ezer, nahiko arrunta da zentzu horretan, eta bisualki ere ez da batere berritzailea. Pantailari itsatsia mantentzeko beste elementu indartsu batzuk baditu ordea, telesail britainiar askok ere izan ohi dutena: asko harrapatzen duen istorio bizia, atal gutxitan hasi eta amaitzen dena eta eztabaidarako gaiak mahaigaineratzen dituena. Ondo marraztutako telesaila da, ondo profilatutako pertsonaiekin –estereotipatu samarrak diren arren– eta bere eginkizuna ezin hobeto betetzen duena: drama judizialaren elementuak dituen thriller oso entretenigarria da. Ikusleak krimenaren garapenean eta pertsonaien izaeran sakontzeko aukera eskaintzen duena, pertsonalki, moralki eta profesionalki. Ez du iruzurrik egiten telesail honek, saltzen duen hori eskaintzen duelako.

State of the Union

HBOMAX

Formatu laburraren erabilera ezin hobeto zukutzen duen telesaila, eta bereziki aktoreen lanean oinarritzen dena. 2019an, terapia ikus-entzunezko genero bihurtu duten telesail horietako bat estreinatu zen: “State of the Union”. «Nazioaren egoera» esamolde ezagunarekin hitz jokoa eginez, bikote batek bere terapeutarekin izango zuen harremanaren analisia irudikatzen zuen. Zehazkiago esanda, terapiara sartu aurreko 10 minutuak ikusten genituen, kalean edo pareko tabernan zeuden bitartean.

Lehen denboraldian Chris O 'Dowd eta Rosamunde Pike-k osatzen zuten bikote hori, Tom eta Louis; ezkontza aholkularitzako saioaren aurreko 10 minutuetan zer esan eta zer egiten zuten ikusi genuen atalez atal. Horrela, 10 minutuko ataletan eta 10 asteko saioetan barrena beraien erlazioaren lekuko bilakatu gintuzten.

Orain, hiru urte geroago, bikote berri baten gorabeherak izango ditu hizpide bigarren denboraldian. Brendan Gleeson eta Patricia Clarkson aktore entzutetsuek Scott eta Ellen gorpuzten dituzte. 30 urte ezkonduta daraman bikotea osatzen duten arren, dibortzio posible baten alde onak eta txarrak aztertzen hasiak dira. Aurreko denboraldian ez bezala, hizketaldi saio hauek tartean profesionalik gabe jorratuko dituzte, eta adostutako elkarrizketa hauek ez dira hain komikoak izango, dramaren norabidea hartuz joango baitira apurka.

Estreinatzear

Horiez gain, gertutik jarraitu beharreko beste hiru izenburu iritsiko dira aurten: Londresko metropoli eremuan bonbak indargabetzeaz arduratzen den polizia eskuadroi bat ardatz duen “Trigger Point”, “Life After Life”, izen bereko eleberrian oinarritzen den minisaila eta Amazon Prime Videok estreinatuko duen “Chloe” dira nabarmenenak.