Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Zinema biografikoa

Paul Ricoeur filosofoak idatzi zuen gure identitateak narratiboak direla. Gure burua azaltzeko orduan, gure biografia sortzen dugula. Aurreko urtean plazaratutako bi filmek biografiaren eraikuntza hori ardatz dutela iruditzen zait. Bata “Maixabel” (Iciar Bollain, 2021) da, Maixabel Lasaren istorioa kontatzen duena, bere senarra zen Juan Mari Jauregi ETAk hil zuenetik aurrera. Bestea “Érase una vez” en Euskadi (Manu Gómez, 2021), Gipuzkoako herri batean 1980ko hamarkadan dauden gaztetxo batzuei buruzkoa.

Lehenean badago pasarte bat Maixabel ETAko kide batekin elkartzen dena. Etakideak bere bizia kontatzen dio eta Maixabelek berea eta bere senarrarena. Filmeko unerik interesgarriena da, nolabait bi bizitza tragikoki gurutzatu ziren unea berreraikitzeko eta testuinguratzeko aukera ematen baitu. Baina, zoritxarrez, filmeko une interesgarri bakarra iruditu zait. Gainontzekoan, beste filme askotan bezala, ohiko diskurtsoak eta arketipoak errepikatzen dira.

Diskurtso errepikakor horretan, heldu batek (Estatua) haur bati (etakidea) hitz egiten dio. Hobe esanik, errieta egiten dio. Etakidea zibilizazioa eta moraltasun justua ezagutzen dituen beste norbaitek hezi behar du, arauak eta bizikidetza oraindik ondo ulertzen ez dituen haur bat balitz bezala. Benetako morala ezagutu behar du, eguzkia eta jainko paganoak gurtzeari utzi. Eta parabola erlijioso onenetan bezalaxe, etakideek fede berria errebelazio baten bidez lortzen dute. Piztia izateari utzi eta eskainitako ongia bere egiten dute. Oso eboluzio bat-batekoa da, dialektikarik gabea. Bestetik, Estatuaren ordezkariak moral absolutua eta egonkorra du. Bere bizitza guztian zehar puru mantendu duena. Horrelako arketipoek, barka iezadazue broma, Ken Loach ñabarduren errege bihurtzen dute.

Bigarren filmean zuzendariak bere haurtzaroaren berreraiketa egiten du. Kasu honetan, sinplista baino zertxobait masokista ere iruditu zait. Lagun batek esan zidan aurrekoan, eta ados nago, integrazioari buruzko istorioa kontatzen du. Hobe esanda, integraziorik ezari buruzko istorioa. Baina niri ez zait batere sinesgarria egin. Espainiako migrante familiek, seme koxkorrekin jada, ez dute herrian beste inor ezagutzen, batez ere emazteek. Familia bateko semea etakide bihurtzen denean, ama, herriko plazan bizi dena, ezker abertzaleko protesta batera hurbiltzen da: “esto, lo que hacéis aquí”. Ez omen du inongo ideiarik zer ari diren egiten edo nortzuk diren. Are gehiago, bere semearen inguruan galdetzen dien unean, isildu eta bizkarra ematen diote. Ezker abertzalekoak bereziki jende bordea ziren. Beste zenbait pasarte disparatatu ere baditu. Esanguratsuena, aita migranteari greba egiteko presio egiten diotenean. Euskal hiztunak oso gaiztoak omen ziren garai horretan, migranteak lan gatazkak konpontzeko greba egitera behartzen baitzituzten.

Azken finean, bi filmeetan familia nuklearraren eta balore tradizionalen aldarrikapena dago. ETA eta euskal nazionalismoa izan dira familiei bere rol naturalak bizitzen utzi ez dietenak (Patrian bezala, bide batez). Totalitarismoari eta ideologia maltzurrei kritikaren ustean, balore kontserbadoreak dira aldarrikatzen dituztenak. Pena da. •