Mijo Lizarzaburu

Euskal Herriko unibertsitate publiko-pribatua

EHU Euskal Herriko unibertsitate publikoko ikasleentzat ikasturtea bukatzear dago. eGelara azken lanak igo, EHU postako spama ezabatu (ez dadila kolapsa) eta G.A.U.R.-en urte osoko lanaren emaitzak ikusteko momentua da. Aurten, Filosofiako ikasleek behintzat, atzean utzi ditugu kalitatezko hezkuntza bermatu ezin zuten online klaseak. Baina, horrek plataforma digitalekiko dependentzia lausotu duen arren, argi dago baliabide digitalek XXI. mendeko hezkuntzan izango duten zentraltasuna geldiezina dela.

Covid-19aren izurria hasi zenetik, bizitzarako beharrezkoak diren interakzio asko digitalizatu egin dira. Online jarduerek giza baliabide asko eta azpiegitura teknologiko handiak behar dituzte eta euskal subiranotasuna bermatzeko beharrezkoa da baliabide horiek guztiak publikoak izatea.

EHU Euskal Herriko unibertsitate publikoko errektore ohi Nekane Balluerkak argi esan zuen 2020an, elkarrizketa batean: «EHUk inbertsio handi bat egin beharko du eraldaketa digitala martxan jartzeko». Baina hitz horiek airean geratu ziren eta EHUren zerbitzu digital kaskarra ez zen eraldatu. Hori konpontzera etorri da egungo errektore den Eva Ferreira.

Ferreirak proposatutako mirarizko konponbidea zerbitzu publikoa zen posta elektronikoa pribatizatzea izan da. Datorren ikasturtetik aurrera, EHU Euskal Herriko unibertsitate publikoan ikasi nahi baduzu Microsoften menpe dagoen posta elektronikoa eduki beharko duzu. Horrela funtzionatzen du hezkuntzaren pribatizazioak, akordio publiko-pribatuen bidez XXI. menderako ezinbestekoak izango diren azpiegiturak multinazional estatubatuarren eskuetan utziz.

Zertarako xahutu diru publikoa jabetza intelektual propioa berma dezaketen software askeetan? Zertarako garatu subiranotasuna berma dezaketen azpiegitura teknologiko lurraldetuak? Zertarako sortu kalitatezko zerbitzu publikoak aurrera ekarriko dituzten lanpostu publikoak? Arazoaren konponbidea askoz ere errazagoa da, utz dezagun dena, gure datuekin zer egingo duen ez dakigun arren, Microsoften eskuetan.

Aitzakia zerbitzu publikoaren eraginkortasuna bermatzea da, baina lortzen den gauza bakarra diru publikoa erabiliz pribatua finantzatzea da, zerbitzu publikoaren eraginkortasunean inolako onura nabaririk ekarri gabe.

Hau ez da noski EHUk azpikontratazio bidez pribatizatu duen lehenengo zerbitzua, horren adibide argiak dira unibertsitate publikoa garbitzen duten emakumeen lan baldintza duinak errespetatzen ez dituzten garbiketa enpresekin egindako akordioak. Garbitzaileen grebaldiek eta protestek gertutik irakatsi digute behin akordio publiko-pribatua egina dagoenean EHUk duen erantzukizun guztia albo batera uzten duela. EHU koitaduak ezin du ezer egin, zerbitzu hori ez baitute beraiek kudeatzen.

Publikoaren gaitasun politikoa azpikontratazio bidez deuseztatzea ez da merkatuaren premia objektiboa, estatuaren konplizitate osoarekin egindako gobernugintza neoliberala da. LAB sindikatuak egindako salaketetan adierazi duen bezala, bi bide baino ez daude, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea edo diru publikoa (arlo pribatua bakarrik indartzen duen) azpikontratazioetan xahutzea.

Jule Goikoetxeak (2017) “Demokraziaren pribatizazioa”-n azaltzen du ezin dela demokraziarik eduki, ez badira tokian toki lurraldetzen botere teknologiak, egitura eta gaitasun publiko politikoak eta ongizate kolektiboa. Gure lurraldean, diru publikoz eta ondo finantzatuta gauzatu beharko zen digitalizazioa enpresa pribatuen esku uztea demokrazia edukiz hustea da.

Publikoa ahultzen duten politika neoliberalei aurre egiteko sortu da “EHU ez dago salgai!” UPV/EHUn pribatizazioen kontrako plataforma. Haren eskaerak gure datu pertsonalak enpresa pribatu baten esku ez uztea, Informazio eta Komunikazio Teknologien zerbitzuen kudeaketan pribatizazioa baztertzea eta software librearen alde benetako konpromisoa hartzea dira.

Errektoretzak eskaera horiei entzungor eginez gero, EHUren izaera publikoaren kontrako eraso larria gauzatuko du. Baina argi izan dezatela, hezkuntza publikoaren defentsan gaudenok ez garela bitartean besoak uztarturik geldituko. •