Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Ezetz!

Zelako zaila egiten zaigun limiteak jartzea. Kontatu digute, uste dugu, «bai» esatea maitatzea dela. Beraz, «ez» esateak bestea ez dugula onartzen, maitatzen, gustatzen... esan nahi duela ondorioztatu dugulakoan nago. Horra hor «ez» esateko dugun zailtasunaren inguruko hipotesi bat. Demagun axola zaidan pertsona batek laguntza eskatzen didala; nola esango diot ezetz? «Ez» esango diodala pentsatze hutsarekin burua pentsamendu eta beldurrez betetzen doala nabari dezaket: ez nau gehiago maitatuko, ez du nirekin gehiago kontatuko, lagun txarra naizela pentsatuko du, ez naute lanposturako onartuko, utzi egingo nau, haserretu egingo da… eta halakoak izaten dira gehienetan. Ezagutzen dituzuelakoan nago.

Ederra panorama. Ezetz esatea bestea ez maitatzea bada... Nola esango diot Mireni ez dudala kontzertu horretara joan nahi? Ez dudala maite pentsatuko du... eta ez diot minik egin nahi; beraz, ez diot ezetz esango eta kontzertura joango naiz, total, ondo pasatu dezaket. Horrela egon gaitezke etengabe, zurrunbiloan sartu eta ezin atera. Noiz arte egon gaitezke hor? Noiz moztuko dugu hau?

Zurrunbiloan irauteko gaitasun desberdinekin egin dut topo eta esan dezaket askotan gehiegi iraun dezakeela dinamika honek. Zenbat eta denbora gehiago eman denari «bai, bai» esaten, gehiago kostatzen zaigu «ez, ez» esatea. Bukle ederra sortzen dugu eta ea nor ateratzen den hortik minik hartu gabe: ezinezkoa. Ez gara ohartzen ideia horrek askotan ez digula batere onurarik ekartzen. Gure buruak baietzera kondenatzen ditugu eta besteari gure gainetik pasatzen uzten diogu, botere guztia emanez. Eta badakigu boterearen kudeaketan ez garela superondo moldatzen.

Aho betez esan dezaket limiteak jartzea maitatzea dela; norbere burua errespetatzea, bestea zaintzea eta harremana babestea. Sortzen ditugun harremanetan gure lekua hartzea ezinbestekoa da. Ni-a ez galtzea, bidetik ez desagertzea, eta horretarako oso baliagarria izan daiteke «ez» esatea. Esperientzia asko ez dugu horretan, nahiz eta batzuek besteek baino gehiago duten, noski. Errazagoa da boterean daudenentzat, galtzeko gutxiago baitute. Bada garaia burua ezker-eskuin mugitzen hasteko eta horretarako entrenamendu pixka bat behar dugulakoan nago.

Nola esan ezetz? Esan dugu horrek ez duela esan nahi bestea maite ez dugunik; beraz, hurrengo pausoa esatea bera da, baina nola? Orokorrean ezetzak modu pertsonalean hartzen ditugu eta horrek ematen digu halako mina (lehen ideiarekin lotutako ustea). Baina badira ñabardura desberdinak eta hauek zehazteak unea errazten lagundu dezake. Zeri esaten diogun ezetz, adibidez: orain ez, hemen ez, horrela ez, hau ez... Zehazte horrek argibide gehiago eman ditzake eta mina arindu, esaterakoan zein jasotzeko orduan.

Praktikan jarriaz ikasten da eta horretan gaude. Limiteak jartzea maitatzea da, has gaitezen bide egiten. Ausartzen zara? •