Gorka Elejabarrieta

Erresuma Batua

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak bere dimisioa iragarri du. Brexita gauzatu zenetik Downing Street zegokiona baino lehenago uzten duen hirugarren lehen ministro kontserbadorea. David Cameron eta Theresa May izan ziren lehenengo biak. Alderdi kontserbadorearen baitan bere ordezkoa hautatzeko prozesua hastearekin batera piztu dira bere burua aurkeztuko dutenen inguruko kinielak ere.

Brexitak, besteak beste, Eskoziako bigarren erreferendumaren iragarpena azkartu du, baita Ostiral Santuko Akordioa arriskuan jarri ere. Oroit dezagun Ingalaterrak Brexitaren alde bozkatu bazuen ere, Eskozian eta Ipar Irlandan jendearen gehiengoak kontra egin zuela. Horregatik Belfast/Dublin eta Edinburgotik interes bereziarekin ari dira jarraitzen prozesu hau guztia. Alderdi kontserbadorearen gidaritza zeinek hartu, batean eta bestean etorkizun hurbilean gertatuko direnak baldintzatuko ditu-eta.

Irlandako Iparraldean Sinn Feinek irabazi ditu hauteskundeak lehenengo aldiz, baina oraindik ere Gobernua osatu ezinik dabiltza, unionistek Michelle O’neill First Minister izendatzea errefusatzen dutelako. Oroitu beharra dago azken hauteskunde hauek izan arte Sinn Feinek aldi oro bete dituela bake akordioan harturiko konpromisoak eta hautagai unionista izendatzeko beharrezko babesak eman dituela beti. Stortmont osatu ezinik, Irlandako Hegoaldean inkesta politikoek behin eta berriro errepikatzen dute Sinn Fein izango dela alderdi bozkatuena. Sinn Feinek ipar zein hegoaldean gobernuan egotea lortzen badu, pentsatzekoa da Irlaren batasuna gauzatzeko Ostiral Santuko Akordioak aurreikusten dituen erreferendumak gauzatuko dituela. 24 urte, bake akordioak erabakitzeko eskubidea eta irlaren zatiketa administratiboa aintzat hartzen zuen onarpen printzipioa onartu eta arautu zituenetik. 24 urte, batasuna gauzatu nahi duen alderdiak akordioak gauzatzeko indar nahikoa lortu arte. 1998an apustu oso zaila zela uste zuten hainbatek, askok ez zuten sinisten errepublikanoek hauteskunde bidez gobernua inoiz eskuratuko zutenik. Bidea eta etorkizunak ekarriko zuena ez zeuden idatzita; posible zen Sinn Feinen aldeko babesak goraka egin beharrean beheraka egin izana. Hori zen unionistek, Londres eta Dublineko hainbat alderdik, botere faktikoek, espero eta nahi zutena. Horren alde ibili dira azken 24 urteetan beraiek ere. 1998an errepublikanoak ausartak izan ziren, eta ondoren egindako lan on eta akats guztien ondorio da orain bizi duten momentu ona. Era berean, eta esandakoa errepikatuz, etorkizunean zer gertatuko den idatzi gabe jarraitzen du, eta irlaren batasunak inoiz baino gertuago dirudien honetan, oraindik ez da gauzatu eta ezin ziurtatu gertatuko denik.

Eskoziak ere antzeko momentua bizi du. Nicola Sturgeonek bigarren erreferenduma iragarri berri du 2023ko urriaren 19rako. Downing Streeteko hamargarrenera mugituko den hurrengo britainiar lehen ministroak badaki Eskoziak luzaturiko proposamenari erantzun bat eman beharko diola. SNPk daukan babesa mantentzea lortzen badu Eskoziak bozkatuko du, horretan ez dago dudarik. Adostua, adostu gabea, lehenago edo beranduago baina bozkatuko du. Irlandan bezala, erreferenduma gauzatzeko beharrezkoa den gauzarik garrantzitsuena indar nahikoa izatea baita. Inork galdetu aurretik, indar nahikoa zer den zehazterakoan gauza asko hartu behar dira kontuan, besteak beste, parean daukazun arerioa zein den. Ez da berdina Erresuma Batua edo Espainiako Erreinua.

Lehenengo erreferendumean Europar Batasunak eta Batasuneko estatu kide guztiek unionisten posizioa defendatu zuten, eta ezetzaren aldeko kanpaina erabat babestu. Oraingo honetan zer gertatuko den ikusi beharko da. Berdina gertatzen da Irlandako kasuan ere, Erresuma Batuak Batasuna utzi duenetik logikoa da pentsatzea Batasuna Irlandaren interesen alde lerrokatuko dela, bera baita orain estatu kide bakarra. Eta Irlandako Gobernua Mary Lou Mc Donnald-ek zuzentzen badu… Horregatik guztiagatik Erresuma Batuko hurrengo lehen ministroa nor izango den garrantzitsua da eskoziarrentzat, irlandarrentzat, Europako estaturik gabeko nazioentzat, Europar Batasunarentzat, Europarentzat, Commonwealtharentzat…. •