Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Oporretan ikusteko telesail laburrak (II)

Oporrak hastear edo jada hasita izango dituzue zuetariko askok. Autobusa, hegazkina, autoa edo trena hartzeko prest? Bertan ordu dezente igaro behar dituzuela-eta, entretenitzeko zer egin buruari bueltaka ariko zarete. Hona hemen telesail sorta bat, opor tarte batean hasi eta buka egiteko modukoak.

Oussekine seriearen une bat.
Oussekine seriearen une bat. (GAUR8)

Oussekine

DISNEY | 4 atal

Benetako gertaeretan oinarritzen zen 2019ko “When They See Us” telesail bikainean –bide batez biziki gomendatzen dizuet– ikusten zena, zoritxarrez, euskaldunok oso gertukoa sentitu genuen kontakizuna izan zen, Altsasuko gazteek bizi duten bidegabekeriarekin zuzeneko lotura egin baikenuen. Inpotentzia, bidegabekeria, amorrua. Aurten estreinatu den “Oussekine” minisail frantziarrarekin ere antzeko zerbait sentitu dut, baina kasu honetan Iñigo Cabacasen izena datorkit burura. 2012ko apirilaren 9an hil zuten Iñigo Cabacas gaztea, Ertzaintzaren gomazko pilota batek buruan jo eta lau egunez koman egon ondoren. Nazioartean ere polizia basakeriaren erruz hil diren milaka eta milaka kasu aipatu daitezke, azken urteotako ezagunena 2020ko George Floydena agian. Aipatu eta gomendatu nahi dudan telesailera itzuliz, eta gertaera hartatik 35 urte igaro direnean, izen bat eta istorio bat guztion memorian gordeta dago: Malik Oussekine. 1986ko abenduaren 5etik 6rako gauean, Parisen, ikasleen protesta mugimendu baten erdian, 22 urteko Malik Oussekine poliziak emandako jipoiaren ondorioz hil zen. Honakoa bere familiaren borrokari buruzko lau ataleko minisaila da. Malik Oussekineren izena gizarte frantsesean oraindik ezaguna da, indarkeria polizialaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zelako. Historian zehar hainbeste biktima utzi dituen polizia basakeriaren eta xenofobiaren arteko harreman lazgarri eta, zoritxarrez, hedatua erakusten duen telesaila da. Bereziki Oussekine familian zentratzen bada ere, minisailak politikaren eta poliziaren ikuspegitik ere erakusten du kasua, eta bereziki azpimarratzen ditu erantzukizunak saihesteko eta hilketa justifikatzeko edozein aitzakia bilatzeko egin zituzten ahalegin gutxiesgarriak. Izan ere, psikopata hotz eta kalkulatzaileak balira bezala, froga zein ñabardura bakoitza aldez aurretik moldatu edo ezabatu zuten. Agerian geratzen dira Frantziako Estatuak egia ezkutatzeko erabili zituen trikimailu nazkagarriak. Istorio hunkigarri eta gogorra da honakoa, baina klixe eta diskurtso moralizatzaileetatik aldentzen dena, isiltasunei pisu handia emanez. Estetika zainduari esker, garaiko esentzia eta urte horietako ustelkeria giroa ezin hobeto iristen da pantailaren bitartez. Baina deigarria iruditu zait estetika hori telesailak helarazi nahi digun mezuaren mende dagoela une oro eta hori ariketa miresgarria iruditu zait.

Devs

HBO MAX & DISNEY | 8 atal

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu dizkidan telesail baten mamia hizki bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironiaz gainezka dagoen gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia-fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotz eta txundigarria. Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean dagoen enpresa teknologiko batean egiten duten lan, Amaya izenekoan. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs izeneko azpiproiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan errekrutatzen dute. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du Lilyk. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte. Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa da. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago. Hainbat kontzeptutan sakontzen du gainera: determinismoa, hautapen askea, ingeniaritza kuantikoa, zerk egiten gaituen gizaki eta adimen artifizialaren mugak, besteak beste. Galdera ugariz eta oso erantzun gutxiz betetako thriller teknologikoa.

The Staircase

HBO MAX | 8 atal

True Crime dokumentalen zaleak garenontzat, Jean-Xavier de Lestraderen “The Staircase” (2004) klasiko bat da zalantza izpirik gabe, generoaren barruan maisulana. 2001eko abenduan, poliziak Michael Peterson idazlearen deia jaso zuen. Bere emaztea konorterik gabe zegoela zioen Ipar Carolinako bere etxean, eskaileretatik behera erori omen zelako. Minutu batzuk geroago berriro hots egin zien, emakumea jada hilda zegoela esanez. Antonio Camposek sortutako fikziozko telesaila kasu hori ardatz hartuz gertatu zena azaltzen saiatzen da. Horretarako, lehen mailako aktore zerrenda erabili du: Colin Firth, Toni Collette, Juliette Binoche edo Michael Stuhlbarg, besteak beste. Telesaila bikoteen eta familien sekretuei eta gezurrei buruzko azterketa psikologiko sakon eta liluragarria iruditu zait. Fikzioaren elementuez baliatuz, ezin hobeto pantailaratu du Camposek istorio hau, interpretazio lanez harago, muntaia eta egitura narratiboan indar handia jarriz. Metazinemarekin sortzen den jokoa –dokumentala grabatzen ari diren uneak ikusten baitira– ere berezia iruditu zait oso.

Pachinco

APPLE TV+ | 4 atal

Apple TV+-en aurtengo beste harribitxia. Pachinkoren istorioak XX. mendean zehar mugitzen gaitu Koreak Japoniaren inbasioan bizi izan zuen errealitatearen zati bat ezagutarazteko. Sunjaren begietatik egiten du bidaia hori, 1920ko hamarkadan hasi eta 1989ra arte. Testuingurua hain zabala izanda ere, tonua nahiko intimista da. Debekatutako maitasun batekin hasten den istorio epiko eta intimoa kontatzen du, Korearen, Japoniaren eta AEBen artean bidaiatzen duen kontakizuna bihurtu arte; gerra eta bakea, maitasun eta galera… era guztietako osagarriak topatuko dituzu telesail honetan. Hori guztia oso interesgarria izanik ere –are gehiago gertaera historiko horien inguruan dugun ezjakintasuna kontuan hartuta–, gaia ez da telesail honen bertuterik handiena; urteko telesail onenetarikoa bihurtzearen arrazoi nagusia kontatzeko modua da; istorio hori, intimoa eta orokorra aldi berean, nola pantailaratu duten, alegia.

Testuinguru horretaz baliatuz, belaunaldi oso baten erretratua egiten du, beren seme-alabak eta bilobak aurrera ateratzeko sufritu eta ahal zuten guztia egin zuten emakume korearrena. Melodramarako joera duen garaiko drama bat bezala definituko nuke. Familia baten exodoaren eta identitatearen erretratua da, batez ere arbasoen kultura menderatu, mespretxatu, galdu eta erbesteratu denean. Muntaia lan paregabeaz baliatuz, paraleloan kokatzen ditu gertaera guztiak, denboran etengabeko jauziak eginez. Horiek, nahasgarriak izan beharrean, ezinbesteko bihurtzen dira osotasuna hobeto ulertzeko, iraganaren eta orainaren arteko oihartzunak etengabe entzuten baititugu, eta batak bestearekiko duen eraginaz kontziente gara une oro. Atalak igaro ahala, solte geratzen diren hariak lotzen ditugu eta narrazio sendoari esker une emozionalak eta estetikoak biderkatu egiten dira. Ezinbestekoa.

Slow Horses

APPLE TV+ | 6 atal

Atal bakoitza “Strange Game” (Joko Arraroa) izeneko abestiarekin hasi eta amaitzen da, Mick Jaggerrek telesailerako bereziki konposatu eta istorioaren espirituarekin bat egiten duen sintonia itsaskorra. Espirituarekin eta, jakina, gerora ikusi dugun tonuarekin eta giroarekin bat egiten lagunduko diguna. Slough House –Zingiraren etxea– Londresko kale ilunenetan ezkutatuta dagoen bulego baten izena da. Ezkutatuta, MI5ekoa delako (barne segurtasunaz arduratzen den Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzua), eta «zingira» ezizena, bertako langileak, aurreko misioetan porrot egin zuten agenteak direlako, lehen mailako eginkizunetatik baztertuak izan diren agenteak, egoera prekarioan ari direnak. Talde horren burua Jackson Lamb dugu, itxura kaskarrekoa, zikina, jasanezina, alkoholikoa, manipulatzailea, baina baita gupidagabea eta oso eraginkorra ere, Gary Oldmanek maisuki gorpuzten duena. Talde supremazista batek gazte pakistandar bat bahitzen duen unean hankaz gora jarriko du Zingira eta noski Britainia Handiko inteligentzia zerbitzua. Hortik aurrera, akziozko espioitza thrillerren osagarriak erabiliz eta ironia zein umore beltz pintzelkadak, katu eta saguaren jokoan murgiltzen gaituen telesail adiktibo batean murgilduko zara.

The Night of

HBO MAX | 8 atal

Izen bereko telesail britainiar baten moldaketa hau da gomendatzen dizudan beste telesaila. Neska ezezagun batekin oheratu ostean, hurrengo goizean esnatzean, neska hilda eta labankadaz josia dagoela ohartzen da. Protagonista ez da ezertaz gogoratzen eta ihes egitea erabakitzen du. Hortik aurrera xehetasunez jositako ekoizpen milimetriko bat ikusteko aukera izango duzu, gurutzatzen joango diren azpitrama desberdinetan banatua eta flashback ugarirekin denboran joan-etorriak egiten dituen narrazio baten eraginez batik bat.

Hasieran Nasir Naz Khan ikus dezakegu –Riz Ahmed aktore ingelesak modu bikainean gorpuztua– Queens auzoan bizi eta pakistandar jatorria duen erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattanen antolatu duten festa batera joatea izango du helburu. Hainbat bidaiari autora igotzeari uko egin ostean (ezin du taxiko “in service” mezua itzali), Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da autora. Paseo, droga, alkohol eta hainbat sedukzio jokoren ostean, protagonista neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean ordea, neska ohearen erdian, labankadaz josia, hilik aurkituko du. Momentu horretatik aurrera bere bizitza betiko aldatuko da. Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzu harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, konformismoa edo borroka bezalako gai sentikorrak ukituz. Helmugaren ordez, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori  maisulanak iruditzen zaizkidan lehen eta azken atal zoragarri batzuen artean babesturik. Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilera paregabea eta logikoa den bezala –HBO delako– alderdi tekniko zoragarria.

Olive Kitteridge

HBO MAX | 4 atal

Elisabeth Stroute-n Pulitzer sarian oinarritua. 25 urtean zehar, Matematikako irakaslea den Olive Kitteridge-en bizitza kontatzen duen drama sakona da aukeratu dudan azken minisaila. Istorioa herriko institutuko Matematika irakaslea den adin ertaineko emakume bat delarik hasten da, Henry farmazialariarekin ezkondua, biak, bere seme Christopherekin batera bizi direnean, eta bere zahartzaroraino iristen da. Ordubete baino gutxiagoko lau ataletan banatutako ekoizpenak modu kostunbristan erakusten digu emakume horren, haren familiaren eta auzokide batzuen bizitza. Generoa dramatikoa dela esango nuke argi eta garbi, bizitza arruntez diharduen arren, hemen aurkezten zaiguna askoz ere dramatikoagoa delako. Telesail honek duen umore eskasa beltza da, batez ere Kitteridge pertsonaia nagusiaren nortasunak eragiten duenean, bertutedun emakumea baita, baina lagunak egiteko jaio ez dena. Soiltasun horren azpian, ordea, sentimenduen zurrunbilo etengabea topatuko duzu: emozioa, ironia, samurtasuna... Frances McDormand aktore bikainari esker iristen zaizkigu emozio printza horiek, izan ere, bere gizatasunak eta jenio biziak pantaila zeharkatzen dute.

Minisail bikaina, paregabea, garratza, iluna, tristea eta suntsitzailea era berean. Depresioa, garun gaixotasuna eta batez ere tinko eta gupidagabe pasatzen den bizitzari buruzko ikerketa sakon eta latza. Bere oinarriaren itxura sinplearen muinean, maila ezezagunetan harrapatzeko gai den giza disekzio distiratsu eta garratza ezkutatzen baitu. Aktore guztiak maila zoragarrian daude, baina nabarmentzekoak, nola ez, Frances McDormand, Bill Murray eta Richard Jenkins, izugarriak.