Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
EGIAREN BALIOAZ

Horra demontrea: gezurrez josita dago egia balio preziatutzat daukan mundua

Egiaren osteko aroan bizi omen gara, garai zinikoan, gezurretan plista-plasta gabiltzala jakitun baina ezjakinaren plantak eginez. Egiari balio bat ematen diogu errealitatea irudikatzeko, eta min egiten digu egia horrek. Eta sendagarri ditugu hainbat gezur. Askotariko krisian bizi gara, baina oso bereziki krisi epistemologiko batean.

Telebistako gezur handiak konbikzio bihurtzen direla esan ohi da.
Telebistako gezur handiak konbikzio bihurtzen direla esan ohi da.

Larriminen garaiak dira egungoak, garai zinikoak omen: denok dakigu gezurrean instalatuta bizi garela, baina ezjakinaren plantak egiten ditugu. Berri faltsu eta konspirazio teorien mozkorraldian, egiaren egiak ezin asmatuta gabiltza. Filosofiak lagundu gaitzake? Urgentziazko galdera kultural eta politikoak erantzuten, badakigula uste dugun hori jakitera nola iristen garen erantzuten lagundu?

Institutuan aditu genuen hitza aurrenekoz. Gero, egunerokoan, hitza ez da askotan entzuten, baina, akademiaren hizkeran, jakin dezakeguna eta nola jakin dezakegun aztertzen duen ikasketari «epistemologia» deitzen zaiola kontatu ziguten. Jakintzaren teoria bat behar genuela, baina, aspaldi, modaz kanpokotzat jo zutela ere irakurri genuen. Kartesiarrek uste zuten bezala, ezagutza naturaren ispilu inozentea bat omen zelako, bainua hartzean espabilatzen den haur jaioberria bezalakoa.

Baina ez. Ezin ditugu ezjakinaren plantak egin. Ez ikusiarena egin zerari, ezagutza nola sortzen eta deformatzen dugun. Aitortu ala ez, krisi epistemologiko batean bizi garelako. Eta, agian, denok behar dugu pasada filosofiko bat, gure barneko epistemologoa esnatu dadin, epistemologia politikoa aldarrikatzeko.

Ezagutzaren kontrakoa ezjakintasuna da, horraino denok ados egon gintezke. Eta, ondo bidean, demokraziak balio espeziala jarri behar duela egia bilatzeko afanean, egia helburu duten instituzio eta praktiketan, horrela lortuko delako gezurren kontrakoa den ezagutza, gertakizunak propagandaren gainetik jartzen. Baina galdera sortzen da: egia, objektibotasuna, nola irudikatu ahal da, nola berrirudikatu ahal dugu balio bat eman gabe? Izan ere, panorama politikoan gero eta nabarmenagoa da ez ditugula desadostasunak bakarrik balioan (zer da demokraziarentzat osasungarria), ezta gertakizunetan ere (saihetsezina dena), gertakizunak zeintzuk diren finkatzeko estandarretan ere ez gara ados jartzen.

Eta hor dago koxka. Deitu ezagutzaren polarizazioa, nork bere artaldekoari bakarrik sinistea, edo nahi bezala. Deitu benetan zeinek dakien inguruko polarizazioa, zein adituri sinestu, zer den arrazionala eta zer ez, deitu nahi bezala, baina ez gara ados jartzen. Eta eszeptiko izatea ondo dago, osasungarria da, eta agian egia da eszeptikoa bazara gauza ergelak sinistea zailagoa dela. Baina ezagutzaren inguruko polarizazio horrek jendea ez du eszeptikoago egiten, beren ideietan, beren artaldekoen sinesmenetan, konfiantza handiagoa izatera bultzatzen du. Eta ez alderantziz.

Egia egoarekin nahastu

Eta joera horiekin, atmosfera horretan, ideologia harroputzak ernaltzen dira, uste edo sinesmen baten gainean eraikita: «Guk badakigu, beraiek ez dakite». Eta gure ebidentzien inguruan alternatiba edo kontraebidentziak egotea mehatxu bat da, mehatxu existentziala, «gu garen horri» egiten zaion mehatxu zuzena.

Gezur handiak nola bihurtzen dira konbikzio? Ze konbikzioak ez dira bakarrik erabat sinesten ditugun kontuak. Adibidez, bi gehi bi lau direla sinisten dut, baina hori ez da nire konbikzio bat. Konbikzioa identitatea islatzen duen konpromiso bat da. Zer pertsona klase izatea duzun aspirazio adierazten du, zer kolektibo, zer herri mota. Konbikzioek inspiratu eta sutu egiten dute. Gure ideologiak errealitate politikoaren inguruko gure irudia osatzen du. Gezur handiak betiko propaganda dira, baina gezurrak ez du engainatzeko bakarrik funtzionatzen, beste zerbait ere erakusten du: botereak egiak baino gehiago balio du. Eta hori da bolo-bolo dabiltzan gezur handien eta konspirazio teorien mehatxu epistemologikoa. Arau epistemologiko komunen oinarriak, zer den ebidentzia eta zer ez jakiteko jendearen ahalmena, higatzen dutela, pipiek bezala barnetik jaten dutela.

Askoren ustez, hau guzti hau aro berri baten etorreraren seinalea baino ez da. Egiaren osteko aroa deitu zaio. Konfiantza eta jakintza estandar guztiak ziztu bizian erortzen ari dira, instituzioetan konfiantza hutsaren hurrengoa omen da. Politikak azkura egiten digu. Komunikabideak partzialak dira denak; hori, kasurik onenean, ze okerrenean, berri faltsuen zabalkunderako haizagailuak baino ez omen dira.

Egiaren ortopediak

Etorkizuneko zientziara, filosofiara, jo behar da horri guztiari beste buelta bat emateko. Institutuan irakatsi ziguten ere filosofoek «zer da egia?» edo «nola aurkitzen dugu egia?» bezalako galderak egiten zituztela. Galdera inportanteak, jakina. Baina beste buelta batzuk emango dizkiogu orain: zer gertatzen da egiaren «bertute» sonatuarekin? Zer paper jokatzen du egiak gure bizitzetan? Zein da bere balioa? Baliorik al du? Zenbat egia kopuru kudeatu dezakegu? Egia guzti-guztia, beti-beti? Ba al daude egoerak, non egia ez den baliagarria? Erantzunak ematen saiatzean, agian hobeto ulertu dezakegu zergatik egia bertutetsua den, eta zergatik dituen hainbeste akats bizi dugun egiaren osteko aro honek.

Gure inguruko pentsamenduan egia oso baloratua, balio handikoa da. Are, giza pentsamenduaren eta bizitzaren balio goren bezala hartua izan da. Institutuan kontatu ziguten nola Platonek adibidez esaten zuen egia betirako edertasuna zela, gure arimak irrikatzen zuen zerbait. Eta kristauek Jainkoa nola ezaugarritu zuten ikusten badugu, bai, ikusten da Platonetik hartu zutela zer hori: betierekoa da, egia, edertasuna eta jainkotasuna osotasun batean lotzen dituen figura. Kantek, aldiz, egia esatea betebehar morala zela zioen, sekula iskin egin behar ez zitzaiona, nahiz eta ondorio kaltegarriak ekarri. Einsteinek berak, Platonekin txantxetan ibiliz-edo, politika momentuko kontua zela zioen; politika handik-hona kulunkan zebilen esfera bat zela, eta ekuazio bat, aldiz, eternitaterako zela, fisikaren eta matematikaren egia betierekoak lehenetsiz.

Zergatik ematen zioten egiari halako balio handia? Nolabaiteko arrazionaltasun bat, mundua eta gure betebehar moralak ulertzeko arrazionaltasun baten saria zeukalako-edo. Egia hain zen baliotsua, ze mundua den bezalakoa ikustea ahalbidetzen zigun, aurreiritzi edo partzialtasun barik. Jakina, filosofoen artean ezberdintasun eta ñabardura asko izan dira, baina bazegoen nolabaiteko adostasun bat: egiak balio handia du, errealitatearen zentzu bat, errealitatean gure betebeharra zein izan behar den zentzu bat ematen zigulako.

Eta, hala, pertsona egiatia nortasuna, identitate sendoa, zuen pertsona zen, jende autentikoa. Norberarekiko eta besteekiko egiatia zena jende zintzoa zen, pieza bakarrekoa. Baina geldi hor, demontrea dariolako kontuari. Orduan, zergatik ez da jende dena egiatia? Egia hain baliotsua bada, zergatik daude hainbeste gezurti? Zergatik da gero eta ugariago egia ukatzen duen desonest jendea? Errazagoa delako heteronomiak, kanpoko eraginek, gu gidatzea geure kabuz arrazoia erabili eta pentsatu baino?

«Gezur nobleak»

Orain, kuestionatu ditzagun egiaren balioak, azpimarra jar dezagun bere ortopedia batzuetan. Izan ere, egiarekin gertatzen denarekin ez bezala, oso gutxi eztabaidatzen da gezurrak duen iraunkortasunaz eta horren arrazoiaz. Eta demontreak hor egoten jarraitzen du: egia hain baliotsua bada, zergatik dago mundua gezurrez josita? Zergatik esaten dizkiogu elkarri eta geure buruari gezurrak? Askotan egia diren ala ez aztertzeke, zergatik bilatzen ditugu gure konbikzioak eta ikuspuntuak indartzen dituzten gertakari eta argudioak?

Ironikoki, Platon izan zen gezurra esatearen beharraz ohartu gintuen lehenetarikoa. Bere "Errepublika" obra famatuan, egiaren edertasun betierekoarekin batera, «gezur nobleak» ere bazirela aipatu zigun, herria soka motzean lotzeko eta ildotik atera ez zedin beharrezkoak zirenak. Geroago, Makiavelok esan zuen gobernari onak ordena politikoa mantendu nahi badu herriari gezurrak esaten jakin behar zuela. Alegia, gauzak ordenamendu batean sartu eta kontrolpean ditugula ziurtatzeko gezurra ezinbestekoa dela.

Eta ondo pentsatuta, egia moduko bat badago pentsamendu horretan, nolabaiteko errima: ordena politiko bat mantentzeko gezurraren beharrean dago. Desonest punttu bat behar da, gradu bat, erabateko egia guztiz berdaderoa bainoago. Eta seguru asko, denok irudika dezakegu hori egia den egoeraren bat. Ze, mundu erabat desonest batean guztiz onest den jendea baino ez egotea ere!

Egia mingarri, gezur sendagarri

Mitoek gizakiok unibertsoaren erdigunean kokatu gintuzten, Jainkoaren kreatura kuttunenak bagina bezala. Kopernikoren iraultzarekin erdigune hori galdu egin genuen eta Darwinen eboluzioaren teoriak historian oso atzera doan katearen katebegitxo bat besterik ez garela onartzera behartu gintuen. Bi teoria hauekin gure nartzisismoak kolpe latza hartu zuen, baina aurkikuntza atsegingarria izan zela gutxik esango zuten.

Egiak ikaragarri balio du. Baina «kaka zaharraren aroan» murgilduta gaudenez, gure partzialtasunak eta aurreiritziak gehiago baloratzen ditugu egiara iristeko diskurtso arrazional eta onestak baino. Egiaren bilaketa bere baitan baliagarria dela pentsatu da sarritan. Zientzialariek, filosofoek, diren eta ez diren lanak hartu dituzte afan horretan, egia aurkitzeak merezi duelakoan. Baina egia batzuetan mingarria izan daiteke, edo esanahi gabea, edo garrantzirik gabekoa. Egia depresiboak ere badaude. Eta agian ezin da egia sinismenetik bereizi, ze zerbait sinisten badugu egia dela pentsatzen dugulako izan ohi da.

Agian egiak ez dauka erantzun orokor bat, edo agian dena pragmatismora mugatzen da: egia baliotsua da erabilgarria delako. Eta Nietzschegana jo beharko dugu berriz, gure senak eta sinismenak gure kontroletik kanpo dauden hainbat indarrek sortuak eta forma emandakoak direlakoan. Azkenean onartzeko egia batzuek min ematen dutela eta gezur batzuek, sendatu.