Hartu eta emanak, harremanak
Bizitza aurrera doan heinean harremanak aldatzen joaten dira, aldi ebolutibo bakoitzean pertsona ezberdinak suertatzen dira gure alboan. Batzuek diote ikasteko izaten dela; pertsona horiek gure alboan agertzen direla zerbait ikasi behar dugulako bizitzarako eskolan.
Beste lagun batzuk agertu eta desagertu egiten dira, esaterako, eskola garaiko lagun minak. Beraiekin pentsa zenbat denbora elkarbanatu genuen, zenbat jolas, barre, zigor, haserre. Pertsona mordoa datorkit burura! Eskolara joateko gogoz egoten nintzen haiekin kontuak esateko, barre egiteko… ederki pasatzen genuen eta.
Haiek bolada luzean desagertuta izan ditudan arren, gero helduaroan, bizitzako beste aldi batean, agertu dira berriz, eta denbora igaro ez balitz bezala sentitzen zara harremanean, hartu-emanean. Bizitzako erritmo bortitzak ez baitigu uzten –edo guk ez diogu arretarik jartzen– on egiten ziguten harreman horiei denbora pixka bat eskaintzen.
Eta zeresanik ez, unibertsitateko lagunak, elkarrekin ikasten bost urtez pisu berean elkarbizitzan egondako lagunak. Hor bai sentitu nuela hartu-emana; ederki pasatzen genuen, batzuetan eman eta besteetan hartu. Bai, laguntza ona ematen zuten pertsonek. Horiek badakit bizitza guztirako bidelagunak izango direla. Pertsona horiekikoa ere, nahiz eta denbora luzez beraiekin ez egon, galtzen ez den harremana izaten da.
Bizitzarako aldi ezberdinetan agertu diren bidelagunak, lan inguruko hartu-emanak, gure tribu txikia. Hauek egunero daude presente, batzuk gehiago eta besteak gutxiago. Kuriosoa, bizitzako alor ezberdinetan dauzkagun hartu-emanak! Lanaren bueltan, urte luzez nire ondoan dauden pertsona zoragarriak ezagutu ditut, lanera joateari beste zentzu bat ematen diotenak.
Beste batzuk, aldiz, bizitzako ia aldi guztietan presente edukitzen ditugu, batzuetan gertuago eta besteetan harantzago; eta bakan batzuk guren alboan beti, erortzera joaterakoan helduleku egiten diguten horiek.
Bidaia hauetan guztietan norberak duen hartzeko eta emateko gaitasunaren arabera egiten omen da lotura, atxikimendua, laguna. Zenbat garen gai emateko eta hartzeko, zenbat garen gai geure buruaz ahaztu eta bestearen beharraz pentsatzeko. Zenbat garen gai hartu-emanak denboran mantentzeko, edo ez mantentzeko min eman badigute, limiteak jartzeko, distantzia hartzeko...
Ezin ahaztu txikitako kuadrilla, talde batean hasi eta gero beste batekin elkartu eta gaur egun mantentzen diren hala moduzko harremanak. Zenbat lan ematen duten kuadrillek: nerabezaroan, umetan, eta gero ere bai, zahartzaroan.
Oporretako eta udarako lagunak ere, bizipen mordoa elkarbanatuz, bizi-biziak izaten ziren horiek.
Eta bidean galdu diren lagunak, lagun minak. Batzuetan hartu-emanean korapiloak suertatu direlako, beste batzuetan minagatik, beste batzuetan distantziagatik edo beraien bizitzako aldia eten delako.
Denengandik ikasi dugu, denengandik jarraitzen dugu jasotzen eta ematen gehien balio duena: maitasuna.
Udara garai ona da lagun berriak egiteko kanpinean, mendian, ikastaro eta elkartrukeko lekuetan. Zein garrantzitsua den irekita egotea hartu-emanean… Harremanean.
Udara on! •