Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Balio arkitektonikoa

Arkitekto gisa badago noizean behin egiten didaten galdera bat, betidanik harritu nauena. Zenbatekoa da eraikin baten balio arkitektonikoa? Galdera hau eraikin bat babestea merezi duen ala ez publikoki eztabaidatzen denean atera ohi da eta nik ez dut sekula jakin galdera horren aurreran zer erantzun.

Balio arkitektonikoa arkitektook neurtu dezakegun zerbait objektiboa dela dirudi. Balio arkitektoniko hori antzinatasunak, eraikinaren dekorazio edo balio artistikoak, enkaje historikoak, sinbolismoak edo ezaugarri konstruktiboak aipatuz moldatu daitekeela dirudi. Ez dut uste balio arkitektoniko horrek oinarri zientifikorik duenik. Balio sinboliko eta politiko bat da. Balio arkitektonikoa eraikin baten kapital sinbolikoari taxuzko forma emateko datu enpiriko sorta da. Kapital sinboliko horrek badu, baina, botere politiko handi bat eta kapaza izan da behin baino gehiagotan proiektuak geldiarazteko.

Galdera hau berriro egin zidaten orain dela aste bat NAIZ Irratiko Ainara Rodriguezek Ander Gortazarrekin batera antolatutako mahai-inguru batean Donostiako Loiolako kuartelen inguruan. Hirian geratzen diren Espainiako armadaren kuartelen eraisketa proposatu izan du aspaldidanik Udalak, bertan auzo berri bat eraikitzeko. Espainiako Gobernuarekin operazioa adostu ostean aurkeztutako proposamenak 1.700 etxebizitzako auzoa irudikatzen du, beste edozein lekutan egon zitekeen proiektu trakets honen ardatzen inguruan antolatuta. Proiektuak, nola ez, hirigile eta arkitektoei atentzioa eman die, bere kalitate eskasagatik eta tamaina honetako auzo baterako erakusten duen gogoeta eta anbizio faltagatik. Azken berria VOX alderdi ultraeskuindarraren helegitearen onarpenak ekarri du, eraikinak babestera behartzen baitu.

VOXi esker Goia alkateak esku artean du normalean eraikinak babestu nahi dituztenen argudio emozional berdina, baina kontrako zentzuan. Zein erraza den orain politikoki saltzea kuartel horien eraisketa beharrezkoa/ezinbestekoa dela, ultraeskuinak mantendu nahi baditu.

Politika polarizazioan da trebea, arkitekturak ñabardurak behar ditu.

Ondarearen debatean sarriegi erortzen da argudio nostalgikoan, aldaketaren aurkako erresistentzia soilean. Gogoeta baterako ematen du ultraeskuina ikusteak eraikinak babesteko eskatzen. Balio arkitektonikoa gaizki ulertzen dugula uste dut. Nik behintzat ez dut horrela ulertzen. Balio arkitektonikoa konstante bat da. Eraikin orok du balio arkitektonikoa. Arkitektura berez duen ezaugarri bat da, higiezin bat den unetik. Eraikinen estatus perenne hori da arkitektura beste edozein espresio artistikotatik nabarmentzen duena, erabili eta bota logikatik aldentzen duena, bere konformazio basikoenean gaur egungo sistemarekin talkan sartzen dena.

Horrela ulertzen dute Lacaton Vassal arkitektoek. Frantziako Gobernuaren etxebizitza blokeen eraisketa saihesteko eta horien berrerabilera sustatzeko hainbat proiektu sustatu dituzte. Druot arkitektoarekin batera sinatutako “Plus” liburuan txertatzen den manifestu formako “Attitude” testuan argi laburbiltzen dute esaldi batean: Il s’agit de ne jamais démolir, ne jamais retrancher ou remplacer, toujours ajouter, transformer et utiliser! •