Xabier Mikel Errekondo

Piratak

Gaur zortzi hasiko dira Donostiako jaiak. 2022ko Aste Nagusia. Ene iritziz, euskal hiriburuetako jai nagusien artean kaxkarrenak eta zozoenak, Piratek salatzen duten moduan “izozkia, su artifizialak eta hotelen hiriko jaiak”. Halere, ez diezaiogun iruzurrik egin geure buruari eta aitor dezagun gainerako hiriburuek ere menu hirukoitz horretatik sobera jaten dutela, nahiz nabarmena den gainerako hirietako jai nagusiek aparteko kale giroa eskaintzen dutela.

Iruñean peñek, Bilbon konpartsek, Gasteizen blusek ehunka ekitaldi antolatzen dituzte programa ofizialetik at eta guztiak kalean, kaleak girotuz edonorentzat. Hainbeste, non gauez zein egunez inguratzea nahikoa duzun giroaren eta erritmo biziaren magian harrapatua sentitzeko giharrak eta burua aske joaten uzteraino.

Nago herriko jaiek kaleak hartu egin behar dituztela, jendeak kalean bizi behar dituela jaiak, kaleetan eta kalera begira dauden taberna eta txosnetan, esaterako; izozkiek hor ez dute lekurik… Pandemiaren ondoren Donostian inoiz baino beharrezkoagoak dira Piratak, herritarrengan sortu zuten ilusioa berpizteko eta indartzeko, luze baino lehen hiria piratez blaitzeraino, soilik piraten ekintzek bailezakete izozkiz eta su hutsez betetako jai artifizialak abordatu eta anekdotiko bilakatu kaleetako kolore eta giro bizien dardarak irentsita.

Argi, beraz, Donostia ponpoxoan Ontziola zaharra aurrera doa eta piratez betetako Kofradietan antolatuta hiriburua aldatzera doaz… pirata maltzurrak.

Jaiak ez dira zertan denak antzekoak izan, baina zabiltzan tokian zabiltzala izan pirata! •