Gorka Zozaia
Kimikaria

Ziztadek beldurra inokula ez dezaten

Ziztadak izaten ari dira uda honetan emakumeak kale eta gauetatik aldentzeko enegarren mehatxu matxista. Lerro hauek idazterakoan hamabi ziztada berri identifikatu dira Euskal Herriko jaigune hainbatetan, lehenago Iruñean eta aurretik Europako beste herrialde batzuetan ere gertatu den eran. Fenomeno arraroa da, ehunka kasuetan patroi antzekoa baitago: biktimei ez zaie odolean hartu ez duten drogarik topatzen, ziztada jaso dutenek ez dute bortxaketa edo lapurretarik pairatzen eta ez da erasotzailerik identifikatzen. Sumisio kimikoa eragiteko ezagun egin den eskopolamina edo “burundanga” drogaren kasuan, baina, ziztada bidez intoxikazioa eragiteko lehenik ongi ziztatzen jakin egin behar da eta gero segundo batzuetan zehar txertatu beharko litzateke substantzia, eta hori ez dator bat salatzen ari den ziztada motarekin. Gainera, zabaldua den ustearen kontra, droga honen arrastoak antzematea ez ei da horren zaila, egun batzuetan gelditu ahal baita organismoan.

Izan liteke, halaber, beste toxiko ezezagun bat erabiltzen aritzea, gorputzetik berehala desagertu eta berehala inokulatu ahal dena. Ketamina edo intsulina erabiltzen ari ote den espekulatzen ari dira, antzerako zorabio eragina eragin ahal baitute, baina hipotesi horretan ere, arraroa da nola salatzen diren kasu guztietan biktimek ez duten erasorik edo lapurretarik pairatu. Ikuspegi toxikologikotik baino gehiago, ikuspegi kriminologikotik, ez dirudi sumisio kimikoa eragin nahi duen erasotzailearentzat ziztada bide diskretu eta eraginkorrena denik. Ezin da, jakina, bide hau erabili izana baztertu, baina probableena dirudi salatu diren ehunka kasuetatik gehienetan ziztadaren jatorria ausazkoa izatea eta sorturiko alarma egoerak biktimak sugestionatu izana. Baita ere gerta liteke emakumeak beldurtzeko asmoarekin eufemistikoki “ganberro” deitu diren gizon ankerrak izua zabaltzen aritzea.

Guztiarekin, kuestionagarria ez da salaketa bera. Are, salaketa guztiok alarma piztu eta kaleak eta gauak espazio seguruak izateko bide eman behar dute. Baina era berean, ziztada bidezko sumisio kimikoaren praktika orokortua ez dela baieztatuz gero, biziki garrantzitsua da berau baldintzatzea, beldurraren bidezko emakumearen kontrolari aurre egin nahi badiogu. Emakumeak bortxatzeko bide eraginkorra ez dirudiena hauek beldurtzeko oso bide eraginkorra dela ikusten ari baikara. Arreta erasotzailearengan jarri ordez metodologian ari gara zentratzen, eta ahanzten sumisio kimikoaren eragile zabalduena alkohola bera dela. Gizonak gara emakumeei erasotzen diegunak, eta guri dagokigu gure maskulinitatearen aztarnak deserrotzeko lana, indibidualki, baina batez ere kolektiboki. Jaiak eta gauak emakumeentzat espazio seguruak ez badira, gera gaitezen gizonak etxean, eta egin ditzagun gure etxerako lanak! •