Gorka Elejabarrieta

Irlandaz

Lortu arte beti dirudi ezinezkoa», zioen Nelson Mandelak, eta horrela izaten da kasu gehienetan. XXI. mende hasieran inork gutxik pentsa zezakeen hamar urte beranduago Eskozian, Euskal Herrian edo Katalunian gertatuko zena, edo hogei urte beranduago Irlandan gertatzen ari dena.

1998an Sinn Feinek Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuenean inork gutxik pentsa zezakeen 24 urte beranduago Irlanda batasunaren atarian egon zitekeenik. Ez eta Sinn Feinek alderdi bozkatuena bilakatzeko aukera izan zezakeenik ere irlako ipar zein hegoaldean. Mugimendu errepublikanoko zuzendaritzak, aldiz, hori zuen buruan, orduan, ondoren eta gaur. Bake akordioak fase politiko berri bati ateak ireki zizkion, aukera eta arriskuz beteriko fase politiko berriari. Baina Sinn Feinek bazekien, orduan egindakoa zaila, konplexua eta historikoa izanik ere, ez zela nahikoa bere helburuetan aurrera egiten jarraitzeko, eta aurrerantzean irekitzen zen bidean ere are erabaki zail eta konplexuagoak hartu beharko zituela. Azken 24 urteak ez dira samurrak izan, egoera zail ugari kudeatu eta erabaki are zailagoak hartu behar izan ditu mugimendu errepublikanoak. Ordura arte ezinezkoak ziruditen haietako askok. Barne kohesioa kinka larrian jarri dute haietako zenbaitek; kontraesanak sortu eta barne eztabaida etengabea izan da. Betiko hainbat militante urrundu dira momentu diferenteetan edo zuzenean mugimendu errepublikanoarekin apurtu. Haietako batzuk betiko, betikorik badago; beste batzuk bueltatu egin dira ondoren.

Gatazka armatuen ondorengo trantsizio agertoki politiko berriak oso konplexuak dira, askotan ez datozelako bat konponbide prozesuak ekarri behar zuena, inguruko espektatibak eta errealitatea. Fase berria aurrera doan eta zaharra atzean geratzen den neurri berean dudak eta beldurrak areagotu daitezke, are gehiago norabide politikoaren zentzu orokorra ulertzen edo ezagutzen ez bada. Orduan, erabaki politiko zailetako bakoitza barne guda bilakatzen da, eta bide eta perspektiba orokorra galdu egiten da. Zaila da batzuetan ulertzea gaur egiten ari zaren hori etorkizunean zure helburu nagusi hori eskuratzeko egiten duzula, edo asmoa hori dela behintzat, bidean, bizitzan bezala, erabaki onak eta txarrak hartuko dituzula jakinik.

Politika konbentzionala egiteko sortuak ez diren mugimendu politikoek egunero errepikatu behar diote beren buruari, baita parean daukatenari ere, egiten ari diren hori helburu nagusi horren mesedetan dela, bide zail eta luze horretan arriskuak ugari baitira; norbere izaera eta izana galtzekoa ere tartean, badira horren adibide ugari munduan zehar ere. Baina jakin beharra dago, eta mugimendu errepublikanoak ondo ulertu zuen, agertokia mugitu gabe, norbere posizioak mugitu gabe, beharrezko erabaki zailak hartu gabe, kontraesanez beteriko bidea zeharkatzeko prest egon gabe, ezinezkoa dela norbere helburuak eskuratzea. Brian Keenan IRAko zuzendaritzako kideak, desio zerrendak gabonetarako direla esan zuen behin. Askotan errazagoa eta bereziki erosoagoa da norbere sinesmen mugiezinetan bizitzea horietatik ateratzea baino.

Sinn Feinek bidea egiten jarraitzen du, datozen hilabete eta urteetan irlaren batasuna eskuratzeko aukera paregabea izan dezakeela jakinik, baina etorkizuna idatzi gabe dagoela jakitun. Mary Lou McDonald Sinn Feineko lehendakariak azken asteetan behin eta berriro errepikatu du Irlandak batasunaren gaineko erreferenduma egingo duela hamarkada honetan. Ostiral Santuko Akordioak marko legala jarri zion erreferendumari, baina egutegian noiz gauzatuko den Sinn Feinen indar politikoak zehaztuko du. Finean, edozein akordio eta ez akordio betearazteko ezaugarri nagusia norbere indarra baita. •