Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Euskal Curriculuma lehen lerrora

Euskal Herriko heziguneak prestatzen ari dira ikasturte berriak ekarriko dizkien erronketarako. Aurreikus daiteke aurten ere zenbait gai mahai gainean izango ditugula; hautsak harrotu beharko lituzketen gaiak, bestalde. Horien artean, Euskal Curriculumarenak beharko luke.

Galdetuko bagenu hezkuntza komunitateko kideen artean ea haien heziguneetan zein leku duen Euskal Curriculumak, zenbatek uste duzue erantzungo luketela hartan oinarritzen dutela jarduna eta hezkuntza proiektua, “badutela” Euskal Curriculuma?

Euskal Curriculumaren ingurumarian bada hamaika hari nondik tira, dudarik gabe. Une batez, heziguneek dituzten hezkuntza proiektuak, programazioak, erabiltzen dituzten testuliburuak eta mapak alde batera utzita, askoz ere hausnarketa funtsezkoagoa nahiko nizueke planteatu.

Pentsatzen ote dugu «Euskal Herria» esaten dugunean edo «Euskadi» esaten dugunean zertaz ari garen, zer bildu nahi dugun, benetan, definizio horren barnean? Zer lurralde dugun marraztua gure iruditegian hitz horretarako?

Erkuden Barandiaran Goñi irakasleak puntu interesgarria ipini dio gogoetari, abuztuaren 27an GARA egunkarian argitaratu zuen «Eusko Jaurlaritzarentzat nafarrak “estatukide” eta Iparraldekoak “atzerritar”» iritzi artikuluan. Martxelo Otamendik jarri omen zuen arrastoan, Eustatek (Eusko Jaurlaritzako Estatistika Erakundeak) argitaratutako EAEko hoteletan izandako bisitari kopuruaren harira. Irizpide erabat espainiarraren arabera sailkatu ditu bisitariak Eusko Jaurlaritzak, EAEz kanpoko euskal herritarrak «existituko ez balira moduan».

Barandiaranek dioenez, Hezkuntza Saileko txostenetan ere «bi jatorri nagusi esleitzen zaizkie ikasleei: bertokoak eta atzerritarrak».

Zer pentsa handia eman dit artikuluak. Izan ere, zer normalizazio maila izan dezake bere herritarrak zein diren definitu ere ezin duen herrialde batek? Bestalde, interesgarria iruditu zait EAEz kanpoko euskal herritar baten ikuspuntua delako, Baskongadetatik haratago euskaldunak ba ote dauden galdetu duelako.

Normalizatu gabeko herria da gurea, zapaldua eta hizkuntza gutxitua duena. Egia da azken hamarkadetan urrats handiak egin direla, batez ere, euskararen irakaskuntzaren alorrean. Testuliburu eta bitarteko ugari dugu gaur egun euskaraz eta hori, zalantzarik gabe, poztekoa da. Tenorea da, ordea, euskaraz izanik ere esaten ari zaizkigunean jartzeko arreta. Noizbait norbaiti irakurri nion kolonizazio handiena eta eraginkorrena gure hizkuntzan egiten diguten hori dela.

Uste dut Euskal Curriculuma, Euskal Herrian egin den ariketa kolektibo handiena izateaz gain, nor garen eta nor izan nahi dugun ederki biltzen duen dimentsioa dela, bitarteko aparta euskaldunok dugun mundu ikuskera ezagutu eta ulertzeko.

Ez genuke zain egon behar Euskal Curriculumaren gaia noiz azalduko. Guk geuk ekarri behar dugu. Curriculumak inposatzen badizkigute ere, eta legea alde duten arren, euskal kolorea eta izaera eman diezaiekegulako Euskal Curriculumak eskaintzen dizkigun betaurrekoak janzten baditugu inposizio horiek guztiak irakurtzeko. Badakizue, otsoa beti izango da gaiztoa, Txanogorritxo bada istorioa kontatzen duena. Ipuina euskaraz kontatzen badu ere. •