Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Grisaren garrantzia

Ez da izango!, pentsatu nuen Mikel Vesgak kontrarioaren pase bat berriro mozten zuen momentuan. Ez da izango! Ondo ikusi dut? Ez da posible. Baina bai. Parez pare, aurrez aurreko harmailan, ikurrina eta bandera zuri-gorrien artean, norbaitek beste bandera bat astintzen zuen. Bai! Bada! Itsas armada sobietarraren bandera!

Udako arratsalde aspertu batean “Aurrera, marine gorriak!” kantarekin topo egin nuen. Interesa piztu zidan eta, dirudienez, XIX. mendearen bukaeran Boerren Gerratik eraman zuten Errusiara melodia hura (“Sarie Marais”) britainiarren aurka borroka egin zuten boluntario errusiarrek. Iraultzaren garaian, boltxebikeek letra eta melodia moldatuta “Kapitalismoak zapaltzen gaitu!” abestia bihurtu zuten. Azkenik, beste letra batekin sobietar itsas armadako infanteriaren kanta bihurtu zen.

Badakit alemaniar armada osoari nazi deitzea agian gehiegitxo dela baina badirudi orokortua zegoela alemaniar soldaduen artean eslaviarrak eta juduak munduan sobran zeudelako ideia. Izugarri harrituta geratu omen ziren lehen porroten ostean Armada Gorriak berrantolatzeko eta aurre egiteko ahalmena erakutsi zuenean. Bide batez, film gomendioak: gerra hari buruz sobietarrek zuten ikuspegia ezagutu nahi izanez gero, merezi du ikustea “Soldaduaren balada” (Grigori Txukhrai, 1959) edo “Gizon baten patua” (Sergei Bondartxuk, 1959) eta, batez ere, “Ikusi eta begiratu” (Elem Klimov, 1985).

Nola ez, aurreko astean Gorbatxoven heriotzari buruz hitz egin genuen, batzuekin eta besteekin. Une horietan konturatzen naiz zein zaila den historialarion lana. Iritzi publikoak, eta gure lagunek, erantzun argia nahi dute: oraindik komunista zara eta gorroto duzu Gorbatxov ala inperialisten propagandak nahastu zaitu jada? Zerbezari begiratu, begiak klixkatu eta... Ufa, emango didazu hamar minutu argudiatzeko?

Zein nekeza den pertsonaia historikoak beraien argi-ilunekin, beraien testuinguru zehatzean eta faktore asko kontuan hartuta ulertzea eta hori guztia transmititzea. Zein garrantzitsua den lan hori, sakontasunez eta perspektiba zabalarekin pentsatzeko. Sarean eguneroko dinamikan batetik bestera dabiltzan iritzi azkar eta errazetatik ihes egiteko. Baina gizarteak heroiak eta gaizkileak nahi ditu, posizionamendu errazak: «comunismo o libertad». Nik aukeran, nahiago italiar partisanoek abesten zutena: «Evviva il comunismo e la libertà».

Nolabaiteko nostalgia sortu dit beti Sobietar Batasunak, haurra nintzenean desagertu zen arren. Egia da 1980ko hamarkadan gauzak zertxobait argiago zeudela ematen zuela. Onak eta txarrak, NATO bai ala ez. Inperialistak eta antiinperialistak. Gorbatxoven erabakiekin, iruditegi hura (gerra oso erreala izan zena Angolan, Nikaraguan, El Salvadorren, Afganistanen, baita Euskal Herrian ere...) amaitu zen. Baina zaila egiten zait doilor bezala ezaugarritzea, Gorbatxoven pentsamenduak berak, AEBen aurrean izan zuen jarrera naif eta inozenteak, sobietar pentsamenduaren zenbait ezaugarrirekin bat egiten zuelako. Mundu hobe batean erabateko fedea eta gizakiok gauzak elkarrekiko enpatian oinarrituta egin ditzakegula. Ez da ez beltza ez zuria. Grisak askoz ere interesgarriagoak dira. •