Oihane Larretxea de la Granja

Egongo gara

Tarteka idazten dizut mezu bat, tarteka idazten didazu zuk beste bat. Batzuetan mezuek egunetara jasotzen dute erantzuna; beste batzuetan momentuan bertan heltzen da. Egiari zor, gutxitan suertatzen da hori, ez bada justu sakelakoa eskuetan duzulako eta tartetxo bat duzulako kasu egiteko. Oso okupatuta zaude umeekin, lanarekin, etxearekin. Ni ere halaxe nabil. Presaren zurrunbiloan erritmoak irentsita.

Lagunak gara. Lagun onak, baina aspaldi ez dugula konfidentziarik partekatzen, are gutxiago parrandarik. Orduan bai aitortzen genizkiola elkarri beste zirkunstantzietan esaten ez zirenak. Ezin zirenak. Ordu txikiek, alkoholaz bustita, asko dutelako intimitatetik.

‘Bip’ egin du nire telefonoak. Zure mezu bat heldu zait. Burokrazia hutsa den «zer moduz?» batekin hasi zara. Kontu baten bueltan zalantza bat argitu nahian zaude, azkar. Unean bertan erantzun ahal izan dizut. «Ondo» batekin abiatu dut elkarrizketa. Automatismo hutsa hori ere. Erantzun errazena da azalpen guztietatik libratzen gaituelako. Eta orain, pentsatzen duzu, ez da luzatzeko momentua.

«Egongo gara» batekin eman duzu amaitutzat elkarrizketa laburra. «Hitz egingo dugu!», esan dizut nik. Musu bat bidali dizut emotikono bidez. Ahotik bihotz txiki batek ihes egiten dio. Hauxe gure garai modernootan ezarrita dagoena, kasik asumituta duguna. Zapore txarra utzi dit.

Akaso heldu da unea aldaketarako. 5G-aren abiaduran doazen bizio txikiak moldatu, lehengora itzuli. Zenbat promesa lerro bakan batzuetan. Zeren bai zuk eta bai nik jakin badakigu, lagun onak izan arren, hitz egiteko modu bat besterik ez dela «egongo garela» hitzematea. Akaso egon ohi garelako besteak gure partez noiz proposatuko zain. Denbora pasa izan ez balitz bezala egongo gara elkartzen garen egunean, baina jakin badakigu denbora gehiegi pasatu dela. Pasatzen utzi dugula. •