Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Indiferentziatik

Londresen daramatzadan ia hogei urteetan egon diren hainbat gertaera historikoren artean, Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginaren heriotza nire hilabeteroko zutabea idatzi behar nuen aste berean tokatzean, entzungor egin eta beste zerbaitetaz idaztea ez zitzaidan aproposa iruditzen. Bestalde, monarkiarekiko nire indiferentziatik zutabe kritiko bat idaztea azaleko lana litzateke; are gehiago, batzuek esaten zidaten moduan errespetu falta ukitukoa eta friboloa ere bai, lanketa koherenteago bat egiteko prest ez banengoen behintzat.

Gertutik jarraitzen ditudan kazetari batzuen iritzi zutabeak irakurri nituen; kasualitatez denak liberalak, monarkiaren kontrakoak eta ideologia ezkertiar aurrerakoiagoen bultzatzaileak; eta noski denak irizpide sakon, informatu eta intelektualekin hornituta.

Marina Hyde kazetariak “The Guardian”-en egiten zuen analisiak atentzioa eman zidan: erreginaren heriotzari buruzko sei mila karaktereko zutabean, erregina bigarren plano batera eraman eta emozioek hartzen zuten protagonismoa.

Erresuma Batuak, lurralde bezala, eta britainiarrek biztanle bezala, emozioekin duten distantzia azpimarratzekoa da; emozioak ahulezia erreakzio bat direla ematen du, porrota eta etsipena adieraziz. Hoztasuna, metodikotasuna eta politikoki zuzena den hori dira arrazionaltasun britaniarrarekin bat datozenak. Eta, horregatik, Hydek zioen moduan, hemengo politikariak eta erakunde publikoak jendearen emozioen beldur direla dirudi askotan.

Kaos politikoaren erdian, brexitaren ziurgabetasunean, ekonomia hauskorraren presiopean eta seriotasuna eta sinesgarritasuna galdu duen gobernu baten gidaritzapean, eszeptikotasunaren erreakzio antzuak bazirudien lurpean zituela emozioak, baina erreginaren heriotzak sortu duen une honen eragina iragartzea oso zaila da.

Dianaren heriotzaren ostean doluak elkartu zituen britainiarrak; eta erreginaren erreakzio hotzaren aurrean, prentsa sentsazionalistak bidea ireki zion herritarren ahotsari, «erakutsi zure emozioak» eskaerak lehen orrialdeak hartuz. Doluan egindako masa mugimendu hura, histeria eta haserre hark urduritasuna sortu zuen. Boris Johnsonek bere erretorika baldarrean «dolu kutsakorra» deitu zion, defentsa mekanismo ahul bat bezala. Haydek aipatzen zuen Barbara Ehrenreichek idatzitako poztasun kolektiboari buruzko tesia: masa mugimenduetan egindako ospakizunek –erritual paganoak, rock kontzertuak– askatasuna ematen digute. Parte hartzaileek sentitzen duten estasi egoera hori terapeutikoa izateraino. Boterean dauden horiek, ordea, ez dute ontzat hartzen erregelarik gabeko espontaneotasun hori, esfera arrazionaletik at dagoen hori guztia.   

Nahiz eta dolua denek ez duten modu berdinean partekatzen, emozioak eta bihotzetik datozen erreakzioak piztu ditu erreginaren heriotzak eta horien eragina ezin da gutxietsi. Adi jarraituko dut… •