GAUR8
ESKLABO MODERNOAK

Mundu osoan 50 milioi pertsona lan egitera edo ezkontzera behartuta daude

2016arekin alderatuz, esklaboen kopurua 10 milioi inguru hazi da mundu osoan. 28 milioi pertsona lan esklabo gisa bizi dira eta 22 milioi inguruk behartutako ezkontzak izaten dituzte. Mundu osoan hedatuta dago. Baita diru sarrera handiak edo ertainak dituzten herrialdeetan ere. Pandemiak, gainera, areagotu egin ditu mendekotasun egoerak.

Hadijatou Mani, Nigerren emakumeen esklabotzaren aurkako borrokalaria.
Hadijatou Mani, Nigerren emakumeen esklabotzaren aurkako borrokalaria.

Esklabotza modernoa mundu osoan areagotu da azken urteotan, eta pandemiak bereziki suspertu du. Urtero ia 50 milioi pertsona lan egitera edo ezkontzera behartuta daude, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera.

NBEk gaitz hau desagerrarazi nahi du 2030. urtea baino lehen, baina munduak kontrako joera erakusten du. Iaz 2016an baino 10 milioi pertsona gehiago zegoen esklabotza modernoaren egoerapean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) eta Nazioarteko Migrazio Erakundearen (IOM) arabera.

Nazio Batuen bi erakunde horiek Walk Free Foundation GKEarekin batera ikertu dute esklabotzaren egoera.

50 milioi esklaboetatik, ia 27,6 milioi behartutako lanak egiten zituzten pertsonak ziren, eta beste 22 milioi haien borondatearen aurka ezkonarazitako pertsonak.

Behartutako ezkontzak esklabotza modernoaren bigarren kategoriarik handienekotzat jotzen dira. Esklabotzaren definizioaren arabera, pertsona batek ezin die uko egin esplotazio modu hauei, mehatxuen, indarkeriaren, engainuaren edo botere abusuaren ondorioz.  

Emakumeak eta neskatoak ezkontzera behartutakoen bi heren dira eta txostenaren arabera, sexu esplotazio komertzialeko egoeran dauden bostetik ia lau. Guztira, esklabo modernoen %54 dira emakumeak.

Hala ere, OITk uste du fenomeno horren benetako eragina –bereziki 16 urtetik beherako neskatoak tartean direnean– estimazioek jaso dezaketena baino askoz handiagoa dela.

Pandemiak oro har, lan baldintzak okertzea eta langileak zorpetzea eragin du. Aldi berean, esklabotza modernoaren bideak indartu egin ditu, forma guztietan.

Izan ere, ohiko kreditu bat lortu ezinik zorrak ordaintzeko halako esklabotzapean jardutera behartutakoen kopuruak gora egin zuen.

Arriskuak gora

Azken urteotan, krisien ugalketak –pandemiarekin batera, hainbat gatazka armatu edo klima larrialdiarekin lotutako arazoak– hezkuntzan eta langintzan inoiz ez bezalako aldaketak eragin ditu, muturreko pobrezia areagotu egin da eta behartutako migrazio arriskutsuak eta genero indarkeriako kasuak ugaritu egin dira. Horrek guztiak esklabotza modernoaren arriskua handitu du nabarmenki.  

Hainbeste, ezen, mundu osoan, 150 pertsonatik bat esklabo modernotzat jo daitekeen.

Datu hauek estatuetako etxeetan egindako inkestetan oinarritzen dira. Esklabotza egoerak ez direla behin-behinekoak ere adierazten dute ikerketa horiek. Alderantziz, urteetan luzatzen dira.  

Guy Ryder OITren zuzendari nagusiaren arabera, «harrigarria da esklabotza modernoaren egoerak hobera ez egitea», eta dei egiten die gobernuei, baina baita sindikatuei, enplegatzaileen erakundeei, gizarte zibilari eta jende arruntari «giza eskubideen oinarrizko urraketa horren» aurka borrokatzeko.  

Eta asmo horrekin egindako txostenak hainbat ekintza proposatu du. Horien artean, lan arloko legeak eta ikuskaritza lanak hobetzea eta betearaztea; enpresek langileen eskubideak erabat errespetatzea, sindikatzea, besteak beste; estatuak ezarritako nahitaezko lanari amaiera ematea; gizarte babesa handitzea eta lege babesak indartzea eta baita ezkontzeko legezko adina 18 urtera igotzea ere, salbuespenik gabe.

Emakumeek eta haurrek ahulenak izaten jarraitzen dute, neurriz kanpoko modu batean. Hala, behartutako zortzi langiletik ia bat haurra da, eta erdiak baino gehiago sexu esplotazio komertzialaren biktima dira.

Behartutako ezkontzak

Behartutako ezkontzak 6,6 milioi gehiago izan dira azken urteotan, 2016ko mundu mailako zenbatespenetik.

Zenbaki absolutuetan, Asian eta Ozeano Barean emakume gehiago daude ezkontza behartuetan, baina eskualde bakoitzeko biztanleriaren tamaina kontuan hartuz gero, herrialde arabiarretan gehiago daude. Hala eta guztiz ere, herrialde aberatsak ez dira gaitz horretaz libratzen, kasuen %26 erregistratzen baitira bertan.

Txostenak ez du zehazten migranteen kopurua zenbatekoa den lan egitera behartutako langileen artean, baina langile etorkinek migratzaileak ez diren langile helduek baino hiru aldiz aukera gehiago dituzte lan behartua egiteko. Batez ere legez kanpoko migranteek, inolako babesik gabe daude-eta.

Antonio Vitorino IOMren zuzendariak migrazio guztiak «seguruak, arautuak eta erregularrak» izatea eskatzen du, migranteen egoera babesteko. «Migratzaileek nahitaezko lanerako eta pertsonen salerosketarako duten urrakortasuna murriztea, batez ere, migratzaile guztien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatu, babestu eta betetzen dituzten politika nazionalen eta lege esparruen mende dago», dio.

Esklabotza modernoa munduko ia herrialde guztietan dago. Behartutako lanaren kasuen erdiak baino gehiago (%52) eta behartutako ezkontzen laurden bat diru sarrera ertainak edo altuak dituzten herrialdeetan daude.

Txostenak erakusten du, halaber, bortxazko lanean ari diren pertsonen kopurua 2,7 milioi handitu zela 2016 eta 2021 artean, ekonomia pribatuan, bai sexu esplotazio komertzialean, bai beste sektore batzuetan, egindako lan behartuaren ondorioz soilik.

Sektoreka, behartutako lana ia guztietan dago, eta heldu gehienak zerbitzuetan, manufaktura industrian, eraikuntzan, nekazaritzan eta etxeko lanetan esplotatzen dituzte. Neurri txikiagoan, biktimek mineralak bilatzen eta harrobietan edo arrantza ontzietan lan egin behar dute.

Talde honetan sartzen dira, halaber, kalean eskean ibiltzera behartuak direnak eta legez kanpoko jarduerak egitera behartuak direnak.

Hala ere, estatu batzuek behartutako lan moduak ere inposatzen dituzte (guztizkoaren %14 edo 3,9 milioi pertsona), gehienak gizonei (%78) eta %8 haurrei.

Kategoria ohikoenak dira espetxeetako lan behartua, gehiegizko errekrutatze militarra edo herrialdearen edo erkidego baten garapen ekonomikoa bultzatzeko beharraren justifikazioarekin lan egiteko betebeharra.

Behartutako langileen %12 haurrak dira (3,3 milioi), baina ikertzaileak beldur dira datuak biltzeko dagoen zailtasunagatik zifra hori ez ote den icebergaren punta izango.

Asian eta Ozeano Barean daude munduko langile behartuen erdiak baino gehiago. Txostenak bereziki azpimarratzen du NBEko zenbait erakundek kezka agertu dutela Txinan, baita Xinjiangen (Ekialdeko Turkestan) ere, bortxazko lanagatik.

Ildo horretan, txostenak azpimarratzen du Txinak abuztuaren 12an gordailutu zituela behartutako lanari buruzko OITren funtsezko bi hitzarmenak berresteko tresnak, eta horrek «bultzada berri bat ematen diola gobernuarekiko eta gizarte solaskideekiko lankidetzari, horiek monitorizatzeko eta bortxazko lanari aurre egiteko».