Miren Azkarate Badiola

Denok egin beharreko bidaia

Zirkua fantasiari ateak zabaltzea da. Ezinezkoa den guztia egia bihurtu daitekeen mundu magiko batera bidaia egitea». Eta a zer-nolako bidaia egin nuen aurrekoan Gure Zirkua ikusten. Esaldi horrekin hasi zen ikuskizuna eta egunak pasatu badira ere, oraindik bidaiatzen jarraitzen dut.

Nik, bost urteko haurragatik joan nintzen honek, ikaragarri gozatu nuen. Ezin ditut azaldu ordu eta erdi luzean bizi eta sentitu nituen sentimenduak; pailazoen txantxekin barre egin nuen, akrobazia batzuekin negar egin nuen, haurrak ikusi nituenean malabarak egiten hunkitu egin nintzen… Gora eta behera aritu nintzen bidaian zehar.

Ez nintzen bakarra izan. Ikuskizuna begiratzeaz gain, nire ingurura ere begiratu nuen eta adin guztietako pertsonak ikusten nituen emozioz gainezka, begiak eta ahoa ezin itxi, parte hartzen, txaloka, abestuz… Adin guztietakoak! Zer ikuskizunek lortzen du hori?

Nire bizitza guztian ez dakit zenbat zirku ikusi ditudan, asko ez, baina argi dut guztiz desberdina izan dela hau, nahiz eta betiko zirkuaren xarma mantendu; estetika, musika mota bat, hasierako “nola zaudete?” galdera… Baina ez du ikusi ditudan beste zirkuekin zerikusirik, hasteko eta behin euskaraz delako. Eta uste dut euskaraz izatea gakoa dela Gure Zirkua berezia izateko. Noski, espektakuluak duen maila gutxietsi gabe, benetan sekulakoa baita.

Ikaragarria izan zen. Bidaia luze bat opa diet bertako langileei. Magia inoiz baino gehiago behar dugun mundu eta momentu honetan, milesker, Gure Zirkua! •