Antton Izagirre

Jainkoa banintz

Nork ez du izan, maiz edo uneren batean, guztiz ahalduna izateko desio hori. Gure inguruan bizitzen edo ikusten ari garena tupustean aldatzeko nahia oso gizatiarra delakoan nago.

Haurren iruditerian pentsamendu magikoa nagusitzen den moduan, gaztaroan errealitatea iraultzeko grinak, amesten dugun mundu hori posible den usteak hartzen du gaina. Agidanez, gure ahalmenak eta gaitasunak mugatuak direla ohartzea heldutasun prozesu baten ondorio izan ohi da.

Gauzak horrela direla jabetuta ere, nekez uko egingo diogu behatz jainkotiarra izan eta hark markatu heinean errealitateak bat-batean aldatu eta errealitate berriak sortzeko jolasari. Seguru nago noizbait aurkitu dugula geure burua errealitate birtual edo magiko horren sorkuntzan.

Zenbaitek, neurrigabeko ontasunak eraginda edo, jainkotasuna, ustezko gaitasun hori, munduko desoreka, injustizia, gerra, gosea, pobrezia, ezintasun eta ezbeharrak eragoztera bideratuko luke.

Hala ere, desio mundutarragoek hartzen dute gehienetan gure gogoa. Pentsa dezagun zenbat aldiz, borondate onez edo haserreak eraginda, ustez aldrebesak zaizkigun albokoen joerak, tupustean aldatzearekin amestu dugun.

«Mundua dantzan jarriko nuke jainkoa banintza», kantatzen zigun Imanolek, Amurizaren hitzetan. Desio bera sumatzen nion lagun euskaltzale bati, haserre bizian, estropadetan patroi euskaldunak arraunlari euskaldunei gazteleraz aginduak ematen entzunda: «Kontzientziarik ezean, ahalmen jainkotiarra beharko genuke euskal jendartearen hizkuntza joerak aldatzeko».

Baina tira, nahiz gure asmo subjektiboek gure ingurua onbidean jarriko luketela uste izan, arriskugarria litzateke ahalmen mugagabe horien jabe inor egitea. Historiak erakutsi digu naturaz gaindiko botereak bereganatu nahi izan dituztenek mendekotasun militarra eta esklabotza ezarri izan dutela.

Horrela, bada, zaila izan arren, geure ahalmen mugatuak ontzat emanda, «lepoan hartu eta segi aurrera» besterik ez zaigu geratzen. •