Gorka Zozaia
Kimikaria

Izarretako gerrarako prestatzen

Negu hotza Lur planetako ipar hemisferiora heltzen ari zaigun heinean, are eta ozenagoak dira guda danbor hotsak. Albistegiak propagandaz beteta datozkigu eta batek ezin du jada pelikula argi ikusi. “DART” espazio ontziak Lurra mehatxatzen zuen asteroide baten aurka jo eta NASAk gizateria (berriz) salbatu du, pelikula hartan bezala. Egiari zor, nire belarrietan «Darth» entzun dut eta atoan “Star Wars” film sortako musika gogoangarria etorri zait burura, belarri artera, inperioaren martxa danbaka. Izan ere, inperioa kontraeraso betean da eskuetatik alde egiten ari zaion energiaren, baliabideen eta espazioaren kontrolaren bila, eta halakoetan, normalena izaten da bertako herritarrak propagandaz bonbardatzea: onenak gara, bikainenak, sistemarik libreenean bizi gara, deabruak infernu gorrikoak dira, eta ez kexatu, bada-eta okerrago bizi denik!

Matraka horren erakusle ona da kosmosaren ezagutza. Armstron estatubatuarrak Ilargia zapaldu zuela “zuzenean” ikusi genuen bezala, NASAren ekintza askotarikoekin estali izan dira beste herrialdeen aurrerapenak, eta azken urteak horren erakusle izan dira. Azken hamarkadan Txina izan da ziur aski protagonista nagusi meatzaritza estralurtarrean, baina azken boladan ez da inondik ageri. Dena hartu dute James Web teleskopioak (argazkiak ikusgarriak direnik ezin ukatu) eta Artemis proiektuak, zeinak modu agerikoan emakume eta “pertsona ez-zuri” bana jarri nahi baititu Ilargian (estatubatuarrak baitira emakume eta pertsona arrazializatuen eskubideen erreferente nagusiak Lur planetan). Artemisek, baina, badu beste helburu bat: herrialdeen arteko akordioa erdiestea Ilargiaren gaineko ezagutza partekatua izan dadin (edo hobeto esan, beste herrialdeen aurkikuntzak bere egiteko). Errusiak eta Txinak ez dute akordioa sinatu, Nazio Batuetan kokatuz akordioetarako markoa, eta nabarmen aurreratzen ari dira gure satelitean mineralak eta ura aurkitzen. Ilargiaren kontrola dago jokoan antza, baina hori beste pelikula bat da…

Bitartean, kosmosaren ezagutzarekin loturiko berri garrantzitsu bi izan ditugu hil honetan. Batetik, misio bakarrean espazioan denbora gehien eman duen gizakia hil berri dela: Valery Poliakov kosmonauta errusiarra. Eta bestea, gure inguruko izarren sistemetan planeta urdunak oso ugariak direla frogatu dela. Planeta bizigarrien bila ari gara sutsuki, oraino gure planetatik alde egiteko teknologia oso urrun egon arren. Are gehiago, ikastetxeetan dagoeneko Eguzki Sistema ez da Natura arloan jorratzen, Gizarten baizik. Badaude herriak, herrialdeak, kontinenteak, planetak, sistemak eta galaxiak.

Errealitate naturala politiko bilakatzeko norabidean prestatzen ari garela dirudi, izarren arteko gizateriarantz eramaten iruditegia, baina oraindik errazagoa zaigu planeta hau akabatzea beste batera bidaiatzea baino. Ea asteburu honetako Ekotopaketek bide ematen duten Lur planeta bera bizigarri egiteko, inperioari amaiera emateko, edo bederen, heldu den negua hain hotza ez izateko! Indarra zuekin izan bedi! •