Xabier Mikel Errekondo

Statkraft vs GHK

Ni ez naiz fio enpresa honetaz, eta horretarako nahikoa dut datu objektiboei erreparatzea. Publikoa dela-eta politikariek bendizio guztiak eman dizkiote norvegiar enpresa erraldoiari eta nik ez dut ongi ulertzen alderdien halako harrera bigun eta abegitsua; esaterako, non da bermeen eskari zerrenda? Izan ere, erakunde publikoa izatea tresna bat baino ez da eta ez ditu bermatzen oinarrizko politika sozialak, ez ingurumenaren zaintza, ez ekonomia solidarioa, ezta energia berriztagarriak ere. Nago erakunde publikoenak parlamentuak eta udalak direla, herritarron parte-hartze zuzenetik osatuak. Bada, GHK Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko lurraldeko administrazioek, GFA buru, eratutako elkarte publikoa da baina gipuzkoarron osasuna kaltetzen duen erraustegia ezarri egin du inolako “auzolan” edo parte-hartze sozialik gabe, martxan jarri eta kito.

Erkidegokoak ez dira lehenak, 2020tik hainbat proiektu galant bultzatzen ditu Statkraftek Galizian zein Katalunian. Ingurumenarekin errespetuz aritzea al da Galiziakoan babestutako lurrei eragitea? Edo tokiko gizartearen alde egitea al da Generalitatea zorrotz ari delako proiektuak elkartzea 50 MW gainditzeko eta Madriletik bideratzea? Prezio merkeak izango dira guztiontzat ala Iberdrolak eskaintzen duen eran “bonu sozialak”? Pobrezia energetikoari zer aterabide? Honetaz guztiaz zer exijitu diote txalotu duten alderdiek? Burujabetza energetikorantz urratsa izango da ala mendekotasunean iltzatzekoa?

Nago ia 100 milioi euro inbertituko duen enpresa batek kudeaketaren kontrola beste inoren esku uzteko ez duela izango inolako asmorik, eta politika sozial eta berdea axalekoa baino ez duela eskainiko.

Nahiago nuke oker banengo, gustura irentsiko nituzke ene hitz hauek. Berri Txarrak-ek abesten duen bezala, «denbora da poligrafo bakarra…». •