Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Apokalipsiak

Gizateriaren une historiko desberdinetan ohikoa izan da munduaren amaieraren gaineko espekulazioak jaurtitzea, bizi dugun munduaren ikuskera noizbait agortu daitekeela etorkizun posible bat bezala irudikatzea; gai existentzial bat, alegia. Leku emankorra da beti, galderaren erantzunik ezin dugulako jakin gertatu arte, eta, beraz, apokalipsiaren zain egotea estatus iraunkorra izan daiteke, eztabaida amaigabean.

2020ko gertaeren ostean distopiak eta etorkizunaren fikzio egoerekin aritzeko ekintzak areagotu dira, zientziaren fikzioa ikerketa alor zehatz bat izan arte (kolapsologoak, katastrofeetan adituak...). Antza, egoera berri baten aurrean gaude, atzera buelta zaileko tunel batean sarturik. Krisi multidimentsionala deitu zaio, baina ez da krisialdi bat, ez baitago ezagutzen dugun egoera baterako bueltarik.

Etorkizunaren katastrofismoa beldurraren laukitxotik ateratzen denean, pentsamendurako elikagai bilakatu daiteke. Ariketa baliotsua da beti egoera baten erradikalizazioa fikzionatzea –apokalipsia–, tartean inplikaturik diren prozesuak ikusarazteko modua izan daitekeelako, irudimenaren jolas ariketarekin. Eta orduan ohartzen gara munduaren amaieran pentsatzeak ertz asko dituela. Zein da erreferentziazko mundua, “lehen mailako mundua” al da agortzear dena? Zenbait gizaki ez al dira dagoeneko apokalipsian bizi, ala? Eta zer da zehazki amaituko dena? Bigarren etxebizitza izatea debekatuko da? Laranjak eguneroko gosariko zukuan edateko aukera galduko da? Gizateriaren nagusitasuna amaituko al da naturako erreinuan?

Gustu guztietarako apokalipsiak daude, horra hor pluralaren erabilera. Mundu hobeago bat posible dena sinisten dutenak –posibilistak–, gizateriaren iraungitzea datorrela sinisten dutenak –pesimistak–, sortu dugun mundu kutsatuaren protestariak –betiereko ekologistak–, munduaren bukaeraren ostean eden bat dagoela sinisten dutenak –optimistak–. Eta apokalipsi bakoitzak bere iruditeria darabil. Robotizaturiko izakiak irudikatzen dituena –transhumanistak–, naturak gizakiak eraikitakoa hartuko duela dioena, erailketa kolektiboa sustatzen duena baliabideen kontsumo goraldiaren bidez, degradazio ekologikoarena... Denek aro baten bukaerarantz goazela marrazten dute, eta desberdina izango den mundu baten sorrera etorriko dela apokalipsiaren ondorengo egunean, gizakiarekin edo gizakirik gabe. Interesgarria da nola kultura eta munduarekiko ikuspegi bakoitzak bere mundu bukaera propioa eratzen duen; eraikuntza bakoitzak mezu bat ezkutatzen du bere baitan, kosmogonia baten emaitza bat delako, hain zuzen ere. Naturaren eta kulturaren arteko banaketa eta gizakiaren nagusitasuna eredu dutenak –Ekialdeko zibilizazioaren eraikuntzaren oinarriak–, planetaren etorkizunean eragile eta aktore bakarrak bagina bezala.

Eta arkitekturak, zer du esatekorik apokalipsien aferan? Bada, hirigintza eta arkitektura munduaren eraikuntzarako tresna izan badira, bere apokalipsian ere funtzio bat izango dute, suntsipena areagotzeko edo apokalipsi posibleak eramangarriagoak egiteko bada ere. •