Iker Barandiaran

Erre erreleboa

20 urte bete berri dituen Gasteizko Helldorado aretora joaten naiz ahal dudanean kontzertuak ikustera. Bueno, tarteka baino gehiago, orain dela 20 urte gau izoztu batean izan genuen inauguraziotik gaur egunera arte askotan izan naizelako; azkenekoz pasa den asteburuan. Eta kontua da jai berezi hartatik gaur egunera Euskal Herriko (eta agian Estatuko) rock-and-roll kontzertu areto txukunenetako eta egiazkoena den horretara joaten garenok ia berberak garela.

Kontuan hartu behar da areto horren musika eskaintzaren %90 dagoela rock-and-rollaren (bere adiera zabalenean) bueltan, soula eta soinu beltzak ere bere baitan hartuta. Eta jakina den moduan, gero eta gazte gutxiago hurbiltzen dira halako saioetara. Joan den asteburuan bertan rockzale porrokatua den 37 urteko lagun batek aitortu zidan –eta egiaztatu ahal izan nuen– kontzertuan batutakoen artean gazteenetarikoa izango zela ziurrenik.

Hori horrela izanda ez da batere harritzekoa iraganeko hainbat eta hainbat rock talde agertokietara etengabe bueltan etortzea; izan ere, haien publikoa –bere garaian ezagutu zituena– da oraindik ere eta batez ere rock kontzertuetara joaten dena. Horra hor, esaterako, Arrasaten luzaroan egiten den Kooltur Ostegunen programazioa: salbuespenak salbuespen, publikoaren batez besteko adina 35 urtetik gorakoa izan daiteke erraz asko. Eta, bestalde, pentsa daiteke Arrasate unibertsitatea duen herria izanda, astea hemen igarotzen duten ikasleendako ostegunero kontzertuak izatea aukera ezin hobea dela. Hala pentsatuko nuke nik eta, esaterako, halako zukua atera genion kontzertu eskaintzari Bilbon ikasten pasatu genituen urteetan; baina gaur egun ikasleetatik oso gutxi animatzen dira kontzertuetara etortzera.

Agertoki horretatik nahikotxo aldatuta, astean tokatu zait musika klasikoaren esparruan ibilbide oso emankorra eta, gainera, nazioartekoa duten hiru musikari profesional arrasatearren mahai-ingurua gidatzea. Ez naiz inola ere musika klasikoan aditua, baina kazetari izateak badarama jakin-mina motxilan, eta profesional hauen bizipen, lorpen eta sentsazioetatik tiratuta, musikaren beste alderdi hau –ezezaguna nuena– hobeto ezagutzeko aukera ezin hobea izan dut.

Gizartean rockak baino aurreiritzi gehiago dauzka agian musika klasikoak eta esparru horretan ere erreleboa kolokan dago, batez ere ikusleriari erreparatuta. Bestelako burbuilan –hainbeste burbuila daude– bizi diren hauek zinez harritu zituen jakiteak rockak ere publikoaren zahartzea bizi duela.

Bada, mahai-inguruan parte hartu zuen arrasatearretako batek, aspalditik Hego Korean bi orkestra filarmonikoren zuzendari lanetan jarduten duenak, azaldu zigun Asiako herrialde horretan oso gaztetxotatik ikasleak musika kontzertu desberdinak, erakusketak eta bestelako espresio artistikoak ikustera eta probatzera eramaten dituztela, behintzat bere horretan ezagut ditzaten. Helburua da ezjakintasunarekin eta aurreiritziekin apurtzea, nahi izanez gero hurrengo pausoa, aritzearena, errazago izan dezaten. Eta, era berean, kontatu zuen bere esparruan, musika klasikoaren horretan behintzat, gaur egun publiko gazte ugari dagoela. Hortaz, bada hori handik hona ekartzeko praktika interesgarria; eta baita ere Helldorado aretoa kudeatzen duen elkarteak hainbat urtetan uda partean antolatu ohi dituen rock udalekuak ere; biak ala biak harrobia zaindu eta gazteen artean ezagutza sustatzeko. •