Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Udazkeneko San Martin

Zer ote zen «hurbil» A-8aren aurretik eta zer ote zen «urrun» (Jon URBE | FOKU)
Zer ote zen «hurbil» A-8aren aurretik eta zer ote zen «urrun» (Jon URBE | FOKU)

Ez zen atzo alferrik izan udazkeneko San Martin. Xabier Leteren ahotsean «ez da ilun, ez da beldurgarri egun joanen itzala, oin galduek zapaldurik duten bide zahar bat bezala». Oinek ematen omen diote bideari forma, baina ez oinek bakarrik. Gasolina eta pneumatiko erre usaina dago hemen. Behin eta berriz berritutako brea behin eta berriz itsatsi izan da gure auto azpietan; bakoitzak bere aparkalekura eraman izan du A-8aren txatal bat. Auto gutxiago saltzen omen diren garaiotan ibai hazi ugertua dirudi errepideak, kolorez betetako bere bidaiari pilatuekin. Zarautz eta Durangoko ordainlekuetan gainezka egiten duen ibai bat, gero berriz ere emaria findu eta arroan behera abiada bizitzen zaiona. Zauri beltz bat, gorputz berde batean.

Kantuan mila negu eta udaberri astindu zituen ekaitzak, baina berrogeita hamar soilik igaro ditu gure geografia partikularrean ia betiereko dirudien bide honek. Donostia eta Bilbo ordubetean lotzen dituzten kilometro hauen bide ertzak atzerantz igarotzen dira gure autoetako kristalen bestaldean. Ia euri egunetan leihoetan itsatsi eta bertan ezinezko marrazkiak osatzen dituzten tantak bezala, irristadan igarotzen dira etxeak, auzoak eta herriak. Batzuetan, gauez, errepidea ia hutsik dagoenean, lehenago gauzak nolakoak ote ziren galdetzen diot nire buruari. Zer zen “hurbil” A-8aren aurretik eta zer zen “urrun”. Distantziaz gertu dagoena ez ote zaigun urrundu, urrun dagoena hurbiltzeko.

Kilometroak ia axolagabe egiten ditudan bitartean auto azpiko dardara bolanteraino iristen zait. Hainbeste obraren ondoren, hainbeste brea bota eta gero, bidea oraindik berdindu ez balitz bezala. Alfonbrapean ezkutatutako sekretuek alfonbra azalean sortzen dituzten silueten gisakoak sumatzen ditut bidean. Errepidea egiteko bota behar izan zituzten etxeek hortxe jarraituko balute bezala.

“Etxe” hitzaren esanahiak ere bidea egin baitu ordutik hona. Lehengoengandik jaso eta ondorengoentzat prest utzi behar zen espazio eta denbora bat zen etxea. Biziak bizi ziren bertan, baina baita jada bizi ez zirenak ere eta etorkizunean biziko zirenak ere. Etxe bakoitzak bere denbora izango zuen, bere usainak dauzkan bezala. Denbora hori pilatu egingo zen airean: leihoak egurasteko zabaldu arren hantxe geratuko zen, itsatsita, gure aitona-amonen sukaldean ekonomikaren eta tipula errearen usainak itsasten ziren bezala. Gure gurasoen familia etxe haietako batean bizi izan baitzen.

Eta gauez, errepidean bakarrik noala, nire buruari galdetzen diot zenbat gauza geratzen diren aurrerapenaren ertzetan. Denbora irabazteko, zenbat denbora galtzen diren. •