Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Ez datorkigu fabrikatik

Motibazioa zerbait egiteko irrika da. Motibatuta egotea ez da bat-batean jokatzera garamatzan egundoko inspirazio bat sentitzea, zerbait egin nahi izatea baizik. Horrela, besterik gabe. Motibazio maila onena gure unean uneko trebetasunetara egokitzen dena da, eta, oro har, ondo sentitzen garen tarteko eremua da. Aukera desberdinei aurre egiten diegunean, bitarteko aukerara jotzen dugu: oso hotza, oso beroa, oso muturrekoa eta oso sorgorra ez den horretara.

Hala ere, asko kostatzen da egunero eta edozein egoeratan guztiz motibatuta sentitzea. Are gehiago, zaila zaigu gure pentsamenduak eta emozioak kontrolatzea, helburu bat lortzeko elkarrekin lan egin dezaten. Askotan, gure burua alde batetik doa eta emozioak bestetik. Beraz, motibazioari pisu osoa ematen badiogu eta gure ekintzak martxan jartzeko abiapuntutzat hartzen badugu, ezinezkoa izango zaigu emozio edo pentsamendu desatseginak ekartzen dizkiguten baina, aldi berean, nahitaez aurrera eraman beharrekoak diren ekintzak burutzea.

Horrela, gure ekintzak dira kontrola ditzakegunak. Gure jokabideak alda dezake gure aldartea. Une bakoitzean nola sentitzen garen kontuan hartu gabe, aukeratzen duguna egiteak helburu bat lortzen lagunduko digu. Ez zaigu gustatzen deseroso sentitzea eta helburu bat lortzeko ahalegina egin behar izatea, horrek, ia beti, era guztietako “zamei” aurre egitea eskatzen baitu (goiz esnatzea, aisialdiari uko egitea, denbora asko inbertitzea eta abar). Beraz, bizitzan zehar, motibaziorik gabe ekintza eta betebehar ugari egin beharko ditugu gure helburuak lortzeko, oztopatzen gaituzten pentsamendu eta emozio desatseginekin batera. Hala ere, gure errutinekin zorrotzak izateak ohitura osasungarriak garatzen jarraitzeko aukera ematen digu. Adibidez, gogoratzea nahi eta amesten dugun hori merezi dugula.

Orduan, kontua ez ote da izango, motibaziorik eza baino gehiago, ondoeza saihesteko motibazioa gailendu egiten zaiola kostatzen zaigun baina epe luzera nahi dugun hori lortzeko egin beharreko motibazioari? Beraz, motibatuta ez gaudela esaten dugunean, benetan esan nahi duguna da guretzat garrantzitsua den zerbait egin nahi dugula, baina martxan jartzeko ez gaudela prest, zoriontsu, seguru, sinetsita eta energiaz beterik ez bagaude. Horrela, nekatuta, ziurtasunik gabe, mesfidati edo alfer gauden bitartean, nekez ekingo diogu zereginari. Hori bai, ezin dugu ahaztu gure instinturik oinarrizkoenetako bat ondoeza saihesteko nahia dela, eta, beraz, ezin da joera hori ezabatu, baina bai, haren ordez, gure balioen arabera jokatu. Beraz, ez dugu motibatuta egon behar, nahi dugunarekin konprometituta baizik. Hau da, lehenik ekintzak eta gero sentimenduak. Gogoa bat-batean etorriko den ustea baztertu eta jarrera konprometitu hori lantzen hastea besterik ez dago.

Motibazioak aktibatzeko arrazoiak behar ditu, eta horrelako zerbait eskaintzen digu bizitza aktibo batek, kontaktu sozialak, harreman osasuntsuak... Motibazioa ez datorkigu fabrikatik, egunero aurkitu behar dugu jomugak marraztuz, ingurukoez gozatuz eta itxaropena elikatuz. •

saioaaginako@gmail.com