Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
PANTAILA TXIKIAN

Lau urtaro, zortzi telesail

Iragan astean Euskadi Irratiko «Baipasa» saioan izan genuen hizketaldia: urtaro jakin batek telesail mota bat ikustea iradokitzen digun ala ez aritu ginen. Uda erdian baldin bagaude adibidez, eta eguzkia eta beroa nagusitzen badira eta gainera oporretan bagaude, pantaila txikian ere klimatologikoki antzekotasunak izatea eskertzen dugula aipatu genuen, eta gaiari dagokionez paralelismoak izan ditzala. Edo udazkena iristearekin batera basoetan girotzen diren proposamenak, maitasun kontuak edo unibertsitateetako istorioak ikustea atsegin dugula. Hori horrela denik oso argi izan gabe ere –batzuetan kontrakoa maite dudalako, beroak jota nagoenean, pantailan elurra ikusteko gogoa dudalako adibidez– urtaro bakoitzerako bi proposamen egitea pentsatu dut. Ondoren norberak erabaki dezala noiz ikusi, baina balio beza zerrenda honek behintzat gida moduan.

«The White Lotus II» telesaileko fotograma bat.
«The White Lotus II» telesaileko fotograma bat. (HBOMAX)

NEGUA

Telesailek izan behar dituzten osagarri nagusiak: Eguraldi txarra nagusitu behar da, hotza eta elurra ahal bada, eta batez ere, sofa eta manta konbinazioa bueltan datorrela kontuan izanik eta etxeko goxotasunaz profitatu nahi dugula, narratiboki thrillerrera, suspensera edo poliziakora gerturatzen den zerbait izan behar da.

The North Water

MOVISTAR

Maite ditut era honetako proposamenak, estetikoki eta narratiboki muturrera eramaten dituztenak alegia, baina kontziente naiz horrelako produktuak kontsumitzen ohituak ez daudenentzat bortitz samarra izan daitekeen telesaila dela. Bai estetikoki eta bai tramari dagokionez, iluntasuna eta zikintasuna une oro jariatzen duen telesaila. Plano bakoitzarekin zakarkeria eta kiratsa darien antzinako telesail ingeles horietako baten aurrean zaude.

XIX. mendean girotua, Patrick Sumner (Jack O'Connell) armadako zirujau ohia da protagonistetako bat, itsasontziko mediku bezala izena ematen duena Artikorako baleontzi espedizio batean. Mediku gogoetatsu eta lasai honen aurrean Henry Drax (Colin Farrell) topatuko dugu, bigarren protagonista. Basakeria eta zentzurik gabeko indarkeria etengabe erabiltzen dituen arpoilaria, hiltzaile basati bat. Ekoizpenaren estetika ilun horrekin guztiz bat datorren pertsonaia. Itsasontzi horren zeharkaldia aitzakiatzat hartuz, bi pertsonaia kontrajartzen ditu telesailak: naturaren indar menderaezina, arrazoiaren eta zibilizazioaren aurrean.

Bron/Broen

AMAZON

Suedia eta Danimarka lotzen dituen Oresund zubian hasten da istorioa –lehen denboraldia–. Zubiaren erdi-erdian hildako bat agertzen da: gorpuaren erdia Danimarkan, beste erdia Suedian. Hala, bi aldeetako poliziak elkarlanean aritu beharko dira. Eta hortxe azaleratuko dira bi herrialdeen arteko desadostasun eta gaizki-ulertuak, saguaren eta katuaren arteko jolas makabroa loratuz.

Oso interesgarria egin zait ezagutzen ez nituen bi herrialdeen arteko desberdintasun kultural eta politikoak pantailan ikustea. Bi hizkuntzatan filmaturik egoteak kontraste hori modu sotilean azpimarratzen du, eta ironiari ere tartea ematen dio. Telesailaren oinarri sendoetako bat bi protagonistak dira –hurrengo denboraldietan berriak egongo diren arren–; ezin desberdinagoak, baina era berean bateragarriak. Martin polizia danimarkarra da, seme-alaba ugari dituen familiako aita, zintzoa eta, batez ere, egoeraren arabera azeleragailua ala balazta zapaldu dakiena. Saga Noren polizia suediarra, aldiz, emakume bakarti eta bitxia da, Asperger sindromearen eraginez besteekin erlazionatzeko arazo larriak dituena eta lanarekin erabat itsututa bizi dena.

Telesailak hasieratik jolasten du pertsonaien garapenarekin, arazo pertsonalak gainditzea eta kasuak aurrera egitea uztartuz. Hala, ikusleak memento oro bi detektibeen ikuspegitik bizitzen du kasua, ikerketaren partaide zuzen bilakatuz. Bi protagonistek tandem perfektu-inperfektua osatzen dute.

Bestalde, genero beltzaren DNAren parte den gizarte kritika bortitza ere egiten du, idealismo politikoak saihestuta. Ongizate estatuaren adibidetzat ditugun herrialde nordiko horietan ere desberdintasunak eta arazoak daudela azaleratzen du. Gakoa da mezu hori tramaren barnean modu zitalean barneratuta dagoela. Eta, noski, musika eta argazkia baztertu gabe, gaiari itsatsirik doakion beharrezko estetika ilun eta astuna ezin egokiagoa da. “Bron/Broen” bikaina da, biribila.

UDABERRIA

Telesailek izan behar dituzten osagarri nagusiak: Klimak garrantzi handia ez izan arren, naturak edo kanpoko kokalekuek presentzia nabarmena izan behar dute; mendia, loreak, neguaren ostean hondartza lehen aldiz zapaltzen dugun aldi hori eta abar. Istorioei dagokienez, komedia erromantikoak, maitasun kontuak eta zergatik ez, umore beltz apur bat badago askoz hobeto.

Bad Sisters

APPLE TV+

“Big Little Lies” telesailaren erako istorioak atsegin badituzu eta umore beltza gustuko baduzu adi proposamen honi. Belgikako “Clan” telesailaren moldaketa da. “Bad Sisters” telesailak bost ahizpa aurkezten dizkigu. Bibi, Becka, Eva eta Ursula, Grace-rengatik oso kezkatuak daude, bere senar misogino, nartzisista eta ia psikopataren erruz triste eta burumakur bizi den sentsazioa baitute. Soluzio gisa, Hitchcock-en filmetako elementuak dituen plana prestatzea erabakiko dute.

Elkarri lotuak dauden bi denbora tartetan kontatuta, batean zuzenean senarrarekin zer gertatu den erakusten digu, besteak plan hori nola bururatu eta gauzatzen duten. Telesailaren oinarri nagusia, elkarrizketa garratz eta tramaren garapen oso entretenigarriaz gain, aktoreen lana da, zalantza izpirik gabe. Horien artean Sharon Horgan-en izena topatzea –“Catastrophe” telesailaren gidoilari eta protagonista, besteak beste– argudio garrantzitsua izan da niretzat, eta ez dit hutsik egin. Iluna zein dibertigarria, azidoa zein gozoa, makabroa zein atsegina, eta batez ere entretenigarria oso.

Normal People

STARZ

Udazkenean ikusteko ere oso aproposa iruditzen zaidan arren, azken unean udaberrian sartu dut. Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa, “The New York Times” egunkarian millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dutena. 2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko honen protagonista nagusiak.

Coming-of-age generoa ardatz hartuz, sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal topatuko dituzu. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara. Bi protagonisten arteko kimika gutxi ez eta, ekoizpenaren gainerako alorrak ere azken zirrikituraino zainduak daude. Pertsonaien arteko igurtzi bakoitza, begirada bakoitza, topaketa bakoitza, behar bezala desfokuratutako lehen planoek indartzen dute, adibidez. Ederra bezain frustragarria den kontakizun hau ikusleari helarazteko, zinema komertzialaren eta independentearen arteko oreka perfektua ere lortu dute.

UDA

Telesailek izan behar dituzten osagarri nagusiak: Oporretan ikusten ditugun proposamenak direla kontuan izanik, minisailek arrakasta handiagoa izaten dute garai honetan. Umoreak ere presentzia izan behar du, baina muinean baita gizarte kritikak ere. Ikuserraza, pertsonaia xelebrez osatua eta ukitu ganberroa izan dezala.

The White Lotus I eta II

HBOMAX

Zuzenean udarekin lotzen dudan telesaila. Inortxok ere ez –ezta HBOk berak ere– espero ez zuen telesail arrakastatsua, eta bigarren denboraldia estreinatu berri duena gainera. Iraun zuen sei asteetan sare sozialak ekoizpen honi buruzko txio, aipamen eta memez josi ziren, bertan azaltzen diren pertsonaiak ia ikono bilakatu arte.

“Succession” zoragarriarekin gertatzen den moduan, pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Astebetez, luxuzko resort tropikal batean erlaxatzeko intentzioz ari diren pertsona aberats jakin batzuen oporrak erretratatzen dituen telesaila da. Atalak igaro ahala ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da azken traka apoteosiko batera iritsi arte.

Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte klaseen arteko desberdintasunak eta horren erruz izaten dituzten identitate krisiak. Bigarren denboraldia Sizilian girotzen da eta lehen denboraldi paregabe horren segida paregabea iruditu zait. Ikusi. Ez zara damutuko.

The Boys

AMAZON

Zeinen ongi pasatzen dudan telesail hau ikusten; gozamen hutsa iruditzen zait, ganberroa, entretenigarria eta basatia, superheroien munduko satira gupidagabe eta zorrotza. Superheroiek ospearen eraginpean jarrera zalantzagarriak hartzen dituzten mundu batean girotua dago, beren burua ustelkeria bidean jarri eta oraindik eta ospetsuago bilakatzeko helburuz gizateria arriskuan jarriko dute.

Baina umore beltz eta entretenimendu horren muinean gainera, idoloak behar dituen gizarte bati buruzko etsipenezko begirada ikaragarria ere eskaintzen du. Ikuspegi ezkor eta amoral horretan datza “The Boys”-en indarra, nire ustez; Marvel eta DC faktoriekin erraz identifika daitezkeen superheroiak, hezur-haragizko pertsonen antagonista bihurtzen dituena, ustelkerian oinarritutako statu quo horri mozorroa kentzeko borrokan ari diren benetako heroiak. Proposamen ezin hobea iruditzen zait superheroien generoa gorroto dutenentzat, beren jarrera berresten lagunduko dielako.

UDAZKENA

Telesailek izan behar dituzten osagarri nagusiak: Hasi gara apurka etxean denbora gehiago geratzen, eta proposamen luzeagoak ikusteko gogoz gabiltza. Kolore marroi edo grisekin lotzen dugun estetikak gailendu behar du, hasieratik harrapatuko gaituen trama eta pertsonaiek garrantzi berezia izan behar dute; herrixka txiki batean bizi badira eta bertako klimak eragina badu haiengan, askoz hobeto. Kontakizun historiko kutsua dutenak ere gogotsu ikusten ditugu urtaro honetan.

Mare of Easttown

HBOMAX

Telesaila premisa nahiko sinple eta konbentzional batetik abiatzen da, Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia drama indartsu honen protagonistak, eta Mare poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen.

Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako “Happy Valley” gogoratzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala “Broadchurch”, “True Detective”, “Sharp Objects” edo zergatik ez “Twin Peaks”-en zantzuak ere antzeman ditut.

Kate Winsleten lana eta bere pertsonaia aipatzeko idatzi propioa sortuko nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen eskaintzen duen lana goraipatzeko. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, Estatu Batuetako herri txiki galdu bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Harribitxia.

The Underground Railroad

AMAZON

Telesail bat amaitu ostean, bertako irudi, hitz, isilune zein soinuek hitzik gabe uzten nautenean, eta barrenak zeharo nahasiak, zeinen zaila den sentsazioen zurrunbilo hori hizkien bidez helaraztea. Hori da “The Underground Railroad” telesail gordinarekin gertatu zaidana. Zur eta lur utzi nau, emozionalki nokeatuta.

“Moonlight” filmarengatik Oscar saria irabazi zuen Barry Jenkins-ek zuzendu duen telesaila da honakoa. Colson Whitehead-en izen bereko liburuaren egokitzapena (Pulitzer saria 2017an), XIX. mendearen lehen erdian esklabo beltzei Iparraldeko estatuetara, Kanadara eta beste eskualde batzuetara ihes egiten laguntzen zien sare klandestino baten inguruko kontakizun gordina da.

Kasu honetan Cora da protagonista, Georgiako plantazio bateko esklaboa, sare klandestino hori erabiliz ihesean doan neska gaztea. Istorioa bakarra izanik eta kronologikoki azaldu arren, hamar atalak oso desberdinak direla ohartuko zara, bai bisualki bai narratiboki. Lerro narratibo argi bat baino gehiago, sentsazio multzo bat erabiltzen du istorioa kontatzeko.

Patxadaz ikusteko telesaila da, ez atalak bata bestearen jarraian irenstekoa, eta hori noizean behin eskertzen dudan zerbait da. Ikuslearen inplikazio dosi altua eskatzen du. Telesail errealista bezain gordin baten aurrean zaude. Bisualki izugarria eta erabaki narratibo oso arriskutsuak zein ausartak dituena, non irudimenak hartzen duen ia aginte osoa.

Irudimen horri lotua, bertute nabarmenetako bat telesailaren faktura tekniko izugarria da. Barry Jenkinsek telesail gutxitan ikusitako birtuosismo ariketa bikaina egitea lortu du. Hasteko, argazkiak kalitate benetan piktorikoa du, ia hipnotizatzailea, planoen konposizioak muturreraino aztertuak daudela nabari da, eta kamera, leuntasun eta trebetasun ikaragarriz mugitzen da une oro.