AFP
GERRAK ETA KLIMA

Ukrainako gerrak azaleratu du armadek larrialdi klimatikoan duten eragina

Armadek eragiten dituzten berotegi efektuko gas isurketa masiboak azalera atera ditu Ukrainako gerrak. Gutxi arakatzen da gai honetan eta egiten denean kalkulu okerrekin josita aurkezten dira datuak. Egipton amaitu berri den COP27 larrialdi klimatikoaren gailurreko adituek mahai gainean jarri dute salaketa hori.

Tanke bat Ukrainako gerran.
Tanke bat Ukrainako gerran. (AFP PHOTO)

Ukrainako gerrak azaleratu egin ditu armadek eragiten dituzten berotegi efektuko gas isurketa masiboak. Gutxitan aztertzen dira halako datuak, eta aztertzen direnean kalkulu okerrekin josita aurkezten dira, Egipton amaitu berri den COP27 larrialdi klimatikoaren goi bileran adituek salatu dutenez.

«Isurketa handiak egiten dira gerra eremuetan eta ez du inork aintzat hartzen», salatu du Xarm el-Xeikhen egin den nazioarteko gailurrean Axel Michaelowak, Zuricheko Unibertsitateko Nazioarteko Klima Politika Ikerketa Taldeko buruak.

“Nature” aldizkari zientifiko ospetsuak urte hasieran argitaratu zuen aditu talde baten ikerketaren arabera, gerra denboran egiten diren ekintza militarrek mundu mailako isurketen %1etik %5era bitartean eragiten dute.

Konparazio gisa, %2 eragiten dute bai abiazioak eta bai itsas garraio zibilak.

Herrialde bat balitz, AEBetako Armadak, munduko indartsuen eta aurrekonturik handiena duenak, biztanle bakoitzeko isurketa handienak izango lituzke, hau da, 42 tona CO2 &dcThree;soldadu edo Pentagonoko langile bakoitzeko, “Nature”-ko adituen lanak dioenez. US Air Forceko F-35 ehiza-hegazkin batek 100 itsas milia airean egiten dituen bakoitzean, Britainia Handian auto batek urte osoan adina CO2 isurtzen du, iturri beraren arabera.

Gerrak aldaketa klimatikoan duen eragina aztertzen ari dira adituak Ukrainan, otsailaren 24an Errusiak herrialdea inbaditzeari eta erasotzeari ekin zionetik. Gerran dagoen herrialde batean egiten den horrelako lehen ikerketa da.

Handik bi hilabetera sortu zen Initiative on GHG Accounting of War erakundeak (gerran berotegi efektuko gasen isuriak zenbatzeko ekimena) datu zehatzak kaleratu ditu: errefuxiatuen ihesak 1,4 CO2 milioi tona, suteek 23,8 milioi tona, liskarrek 8,9 milioi. Horiei gehitu behar zaie suntsitu diren azpiegiturak konpontzeko beharrezkoak izango diren 48,7 milioi tona. Guztira 83 milioi tona. Konparazio gisa, Herbehereak bezalako herrialde baten isurketak, aldi berean, 100 milioi tonakoak dira.

Txosten horretan unibertsitateko eta sektore pribatuko adituek parte hartu dute, Ukrainako Ingurumen Ministerioarekin batera.

«Horrek begi bistan uzten du ez diogula jaramonik egin eragin horri munduan izan diren eta izaten ari diren beste gatazketan. Ez dugu inoiz horrelako xehetasunik izan Iraki eta Siriari buruz edo beste gerra batzuei buruz», adierazi du Tipping Point North South erakundeko Deborah Burtonek.

Ukrainako gerraren ondorioak (AFP PHOTO)

«Zergatik ez da inoiz horretaz ezer aipatzen Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenetan? Zergatik emisio militarren inguruko isiltasuna NBEren klimari buruzko goi bileratan?, galdetzen dute “Nature”-ko artikuluaren egileek. «Politikarengatik eta trebetasun faltagatik», erantzun dute.

Ukrainari buruzko ekimenak isiltasun hori behingoz amaitzea du helburu, Lennard de Klerk adituak dioenez.

Izan ere, isuri militarrak «ofizialki aitortu eta zehatz-mehatz zenbatu behar dira, eta jarduera militarrak deskarbonizatu egin behar dira». Egiptoko COP27an eskaera hori egin dute eta 2023an Dubain egingo denak «aldaketa hori egiteko aukera izan behar du».

Ondo dakite adituek gerran informazio militarrak sekretuak direla baina bigarren eskuko informazioak eskuratu daitezkeela gogorarazi dute.

Azken batean, isuri guztiak ahal den heinean zenbatzea ezinbestekoa da isuriak murrizteari ekiteko.

 

ALDAKETA KLIMATIKOA ETA GERRAK

Hainbat ikerketaren arabera, egungo krisi klimatikoaren ondorioz gatazka militarrak areagotu egingo dira, batez ere Afrikan.

Klima ereduak aldatzen ari dira. Muturreko gertaera klimatikoen maiztasuna eta intentsitatea handitzea errealitate bat da, eta hori, zoritxarrez, planetako eskualde ahulenetakoek pairatzen dute gehien.

Muturreko gertaera horiek afrikarrei eragiten dietenean, emaitza milioika desplazatu dira janari, ur edo beste premiaren baten bila, eta horrek gatazkak sustatzen ditu.

Valentziako Unibertsitate Politeknikoak eta CSICek elkarlanean egin duten ikerketa batek ondorioztatzen du klima aldaketak Afrikako gatazka armatuen maiztasuna eta iraupena handituko duela.

Ikerketa egiteko, zientzialari taldeak Afrikako kontinenteko 1990 eta 2016 bitarteko datuak erabili zituen. Batez besteko tenperaturak eta prezipitazioek luzaroan gora egiteak lau eta bost aldiz handitzen du gatazka izateko probabilitatea, batez ere 550 km-ko erradioan dauden herrietan. Lehorteek eta goseteek ere gatazka armatua sortzeko probabilitateak areagotzen dituzte, eta oso denbora laburrean.

Hildako hipopotamo bat, Afrikan (AFP PHOTO)

Davide Consoli ikerketaren egileetako batek azaldu duenez, «emaitzek inplikazio handiak dituzte Afrikako kontinenteko lurralde politiketan. Adibidez, klima egokitzapenerako politika berrien diseinuak kontuan hartu behar dituela lurralde bakoitzaren berezitasunak».

Horri guztiari gehitu behar zaio pertsonen mugimendua ez dela ona nazioarteko tentsioak arintzeko, batez ere migratzaileek baliabiderik ez badute. Eta ez dugu gutxietsi behar migrazio klimatikoen boterea.