Gilen Txintxurreta Beitia
Arkitektoa

Topografiaz

Pasa zen asteko «sorioneku» aurkikuntzak iritzilari orori heldulekua eman dio bere bertsoa botatzen hasteko. Abagunea dudanez, ezin muzin egin. Irulegiko eskuan pentsatuta, segituan dator Iruña-Veleia gogora. Ez zalantza edo mesfidantzarik dagoelako aurkikuntza berri honen zilegitasunaz, antzerako gaiak lotzeko gure garunak duen joera naturalagatik baizik. Ez naiz, baina, arkeologiaz edo protoeuskaraz arituko, arkitekturaz eta topografiaz baizik. Eskuari heldu diot soilik Arabara bidean lagun nazan.

Iruña-Veleiako aztarnategia Zadorra ibaiaren meandro batek inguratutako Arkitz muinoan dago, Gasteiztik hamar kilometro (bi legoa erromatar) eskasera. Ibaiak hiru alde malkartsuenetatik inguratzen du muinoa, eta laugarrena lautadarantz emeki jaisten da honekin bat egin arte. Bertatik erraz asko kontrolatzen da Iberiar goi lautada eta Kantauri itsasoaren arteko bidea, Badaia mendilerroak eta Gasteizko mendiek sortzen duten inbutuaren ahoan baitago. Horregatik aukeratuko zuten segur aski karistiarrek beren hiria eraikitzeko.

Oraina historiako gertakari eta kasualitateen segida etengabearen emaitza da, baina batzuetan polita da errealitateari bizkar eman eta mundu alternatiboak imajinatzea. Gauzak bestela jazo izan balira, posible izango zen Gasteizen ordez, Veleian garatu izana lautadako hiri nagusia? Nolakoa litzateke hiri hipotetiko hori gaur? Agian, ibaiaren ondoan haziko litzateke, ur ertzeko bulebar eta zubi ederrekin. Etxeak labarrean amilduko lirateke, Cuencan bezala, eraikinak eta mendia bat eginda, harkaitza harlandutik bereizi ezinik. Harresiak ere izango lituzke, Iruñearen modura, bere babes eta kontrol funtzioari erantzunez, edo agian, elizen dorreek muinoaren tontorretik zerumuga ikusgarri bat marraztuko lukete. A zer-nolako harribitxia galdu duen munduak…

Amestea doako da, baina errealitateak agintzen du, eta gaur, Gasteiz dugu hiri, eta Iruña-Veleia soro.

Hiriburuak ez du ibai meandro ikusgarririk, ez eta labar handirik ere, baina badu ordea bere malda apurrari mami guztia ateratzen dion eraikin multzo bat: Justo Antonio Olagibelen arkupeak. Hiriko aldapa malkartsu bakarra, Alde Zaharretik Zabalgunera dauden 20 metro eskasak, harrizko eraikin hauen bidez gainditzen dira. Eskailera, arkupe eta kale estaliek hiriaren bi mailak lotzen dituzte, han-hemenka begiratoki zein plazek zipriztindutako eta ustekabez beteriko ibilbide bat sortuz. Arkitektura, topografia eta eszenografia, dena dira bat txoko honetan.

Arkitektura tradizionala betidanik saiatu izan da, baliabide eskasiak behartuta, topografiaren alde lan egiten, eta hala eraiki dira gure herri eta paisaiak. Egun, teknologia berri eta energia ustez agorrezinak orokortu du lurrak mugitu eta mendiak berdintzeko joera, gerora bertan eraikin txepelak, pabiloi industrial arruntak edo autobide erraldoiak egiteko. Ba al du zentzurik, paisaiaren koherentzia estetikoaren izenean, txalet urbanizazio berriak baserri itxura izatera behartzeak, haiek egiteko mendian izugarrizko hozkadak egin behar badira?

Hirian zein mendian, interbentzioak baino gehiago, interbenitzeko moduak lortuko du espazio bat atsegin eta bizigarria izatea. Gasteizek erakusten digu, ibai edo labar handirik gabe, maldarik txikienak ere espazio gogoangarriak sor ditzakeela, topografia ondo irakurtzeko gai bagara. Eskabadoraren ordez, palatxoa erabiltzea komeni da batzuetan. •