Asier Aiestaran

Bizikletan

Uztaileko arratsalde beroetan Tourra ikusten egoten ginenean, bazen gure etxean hausnarketa bat etengabe errepikatzen zena. Telebistan lorategi ederrez inguratutako gaztelu dotore horietako bat azaltzen zen bakoitzean norbaitek halaxe botatzen zuen: «Frantses hauek bai jakin gauzak zaintzen».

Eta Tourrean bertan antzeko beste monumenturen bat ikusitakoan, esatariaren azalpen sakon eta guzti, edo bidaiaren batean bisitaldi turistikoren bat tokatuz gero, hausnarketak bazuen beste moldaera bat, mamiak zelofanari ohore egiten ez zion kasuetarako: «Frantses hauek bai jakin gauzak saltzen».

Esaldia gerora beste zenbait arlotara zabalduta entzutea ere tokatu zait, dela jakiak saltzeko kalean jarritako merkatuei buruz, dela sukaldari eta jatetxeen harira edo garbitu gabeko mendi bideren batetik igaro beharra suertatu denean. Muina berbera kasu guztietan: zer garrantzitsua den ondarea ezagutzea, zaintzea eta merezi duen bezala zabaltzea eta ezagutaraztea.

Oroitzapen horiei bueltaka nabil behin eta berriz azkenaldian. Aurtengo udan, esaterako, Lapurdiko kostaldera bisitatxo bat egin nuen, eta pozgarria iruditu zitzaidan horrenbeste jende bizikletekin kostaldeko bidea egiten ikustea. Bikoteak, familiak, gazteak, adinean aurrera samar joandakoak... Pentsatzen dut asko Velodyssee deitzen dioten ibilbidea egiten ariko zirela modu batera edo bestera, eta apur bat arakatzen hasita ikusi dut, adibidez, zenbait kanpinetan deskontuak egiten dizkietela bide horretan dabiltzan ziklistei.

Bien bitartean, Donostian edo Zarautzen, bizikletaren hiri barruko erabilerari dagokionez Europa mailan eredu izan litezkeen arren, txirrindulariek oztopoak baino ez dituzte jasaten. Mota guztietako obrak, bide mozketak, loturarik gabe utzitako hala moduzko bidegorriak... Eta gero mugikortasunari buruzko hitzaldiak antolatu. Tourreko esaldi hark bidea egin behar du oraindik. •